Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mugimendu mugatuak askatzen

Dokumentuaren akzioak

Mugimendu mugatuak askatzen

Aurreiritziz beteriko dantza estiloa da oraindik ere 'twerking'-a. Askotarikoak dira eskutik dakartzan onurak, ordea: fisikoak bezala, mentalak. Egindako mugimenduak onuragarriak izan daitezke, esaterako, haurdunentzat, erditzea arintzeko.
Egilea
Ane Insausti Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2024/02/28
Lotura
Berria
(ID_17090231496885) Twerkinga

Badira hamar urte Nerea Arizkuren Anerk elkarteko twerking irakaslea dantza mota hori egiten hasi zela. Youtubeko bideoen bidez ikasi zuen lehenik, bere kabuz, eta azken urteetan, berriz, aurrez aurreko klaseetan aritu da; orain, eskolak ematen ditu, Iruñean eta Donostian. «Tabu eta estigma asko daude oraindik, batez ere desinformazioa dagoelako. Oraindik ere sexualitatearekin lotzen da, eta sexualitatea ere tabutik ikusten da; hori ere arazo bat da», azaldu du.

Bakartxo Ormazabal, aldiz, Magale Etxeko emagina da, eta Donostian jasotzen ditu Arizkurenen klaseak. Tabu horiek gainditzeko gogoz murgildu zen twerking-aren unibertsoan: «Emagina naizen aldetik, konturatu nintzen zer baldintzatuta daukagun gure sexualitatea eta zer gaizki ikusita dauden hura bizitzeko eta espresatzeko erabiltzen diren dantzak. Baneukan gogoa nire sexualitatea esperimentatzeko eta askatzeko, eta hori ere aldarrikapen gisa erabiltzeko».

‘Bi ahoko ezpata’

Biek nabaritu dituzte dantza mota horren onura fisiko zein mentalak. Arizkurenek, adibidez, ez du sekula hilerokoan minik izan, eta lunbarren aldea lantzea eta bere gorputza lantzea ahalbidetu dio. Azaldu duenez, ordea, gehienbat, osasun mentalean egin dio on: «Lagundu dezake gure gorputza onartzen, harekin eroso sentitzen, edo geure buruari baimena ematen mugitzeko, guk nahi izan arren, hainbeste urtetan utzi ez diguten moduan».

Oro ez da urre, ordea. Arizkurenek onartu du lesio fisikoak izateaz gain, buru osasunerako ere arriskutsu izan litekeela, kasu batzuetan. Ahalduntzeko baino gehiago, maskara bat jartzeko ere balio dezakeela, alegia: «Twerking-a dantzatzen hasi nintzenean, sentitzen nuen dantzatu nezakeela soilik nire gorputzarekin eroso nengoenean, neure burua maite nuenean, ahaldunduta nengoenean, eta modu sexual edo sentsual batean... Eta hori niretzat bi ahoko ezpata zen, barrutik segurtasun falta handia neukalako».

«Emagina naizen aldetik, konturatu nintzen zer baldintzatuta daukagun gure sexualitatea eta zer gaizki ikusita dauden hura bizitzeko eta espresatzeko erabiltzen diren dantzak».

BAKARTXO ORMAZABALMagale Etxeko emagina

Erraza dirudielako, baina «frustragarria» ere izan daitekeelako. Gakoa ikuspegian dagoela diote: «Twerking-a ez da dantza bakan bat, ez da panazea bat, eta testuinguru soziokultural patriarkal baten eraginpean dago; erabat zeharkatzen du begirada patriarkalak, eta emakumeen arteko lehiakortasunak, ea nork dantzatzen duen hobeto...», esan du Ormazabalek. Horregatik, Anerk espazio seguru bat izan dadin saiatzen dira, eta lehia eta epai horiek guztiak gelatik kanpo nahi dituzte.

Horren erakusle, Madrilen izan ziren otsail hasieran, Espainiako twerking lehiaketan. Euskal Herriko hirurogei dantzari bildu ziren, eta koreografia bat prestatu zuten, bertan dantzatzeko. Ez zuten lehian parte hartu, aurka zeudelako. «Argi esan genuen: ez goaz lehiatzera, goaz erakustera Euskal Herrian ere dantzatzen dela. Azkenean twerking-a sistema kapitalista honetan indibidualista bihurtzen da, zerbait komunitarioa beharrean», aldarrikatu du Ormazabalek.

Mitoak

Argentinarren bideoak ikusiz ikasi zuen dantza estilo hori Arizkurenek, eta kontatu du badela mito bat haien inguruan: twerking-a ondo dantzatzen dutela. Mendebaldeko begiradaren ondorio dela esan du irakasleak; emaginak, aldiz, ikusi ditu aurreiritzi horiek erditze gelan ere: «Latinoamerikako emakumeek ondo erditzen dutela esaten da askotan. Nik esaten nuen: ez dut uste Latinoa zelako izango denik, hemen beste gauza batzuk egongo dira. Agian ez da hainbeste tamaina, ez da hainbeste kultura... baizik eta bere sexualitatea onartuago edo baloratuago dauden kulturetan hobeto erditzen dutela».

Aurreiritzi eta mito asko baitaude erditzeari lotuta ere: pelbis txikia daukatenak edo pertsona baxuak ezin izaten direla erditu, adibidez. Baina emagina ziur da gorputza prestatuta dagoela jaiotzear den umeaz erditzeko. «Nik ez dut uste pelbisaren tamainak baldintzatzen duenik erditzea, baizik eta pelbisak daukan mugimenduak. Ondoko faszia guztiak, ondoko gihar guztiak eta ehun guztiak tentsioan baldin badaude, artikulazio horiek ezingo dira mugitu; eta orduan bai, umeak arazo gehiago edukiko du pelbisean sartzeko», azaldu du.

«[Twerkingak] Lagundu dezake gure gorputza onartzen, harekin eroso sentitzen, edo geure buruari baimena ematen mugitzeko, guk nahi izan arren, hainbeste urtetan utzi ez diguten moduan».

NEREA ARIZKURENAnerk elkarteko twerking irakaslea

Horren erakusle da, lehen erditzean mugimendu horiek landu ondoren, jende askori desagerrarazten zaiola hilerokoaren mina, edo bigarren erditzea askoz ere arinagoa izaten dela: «Erditzean, umetokian dauden faszia guztiak, nahi eta nahi ez, luzatu eta mugitu behar dira, eta pelbisean dauden tentsio guztiei aurre egin behar zaie. Umeak tentsio asko aurkitzen baldin badu buruarekin, dilatatzeko-eta, kontrakzio askoz ere indartsuagoak beharko ditu pelbis horretan sartzeko». Horregatik, twerking-a bezalako dantzen bidez mugimendu horiek aurrez lantzeak erditzea erraztu dezakeela azaldu du.

Estilo librea helburu

Oinarrizko teknika lantzen dute lehenik Arizkurenen klaseetan, lesioak saihesteko eta teknika minimo bat edukitzeko. Ipurdia mugitzearekin lotzen du jendeak twerking-a, baina hori baino askoz ere gehiago dela nabarmendu dute: mugimendu bakoitza burutik pasatu behar da lehenik, gero gorputzak hori egiteko. Behin oinarria barneratuta, ordea, estilo librea bultzatzea gustatzen zaio irakasleari, nork bere dantzatzeko eta adierazteko modua topatu dezan, koreografia bateko pausoak inork zehaztu gabe. «Estilo librean zu zeu zara. Fisikoa baino gehiago, da zure buruari baimena ematea zaren bezala erakusteko, eta horrek beldurra eman dezake», azaldu du irakasleak.

Ideia hori bera erditzera eraman du emaginak: erditzeko modua ere «kulturalki eraikia» dela berretsi du, zer posiziotan edo zer baldintzatan erditu behar den, zer esan daitekeen edo zer egin, eta zer ez... gizartearen pentsamoldearen araberakoa delako. Horregatik, gorputzak une oro behar duen hori espresatzeko eta egiteko gaitasuna landua badu, erditzea ere arinagoa izango dela azaldu du: «Erditzea delako prozesu bat zure gorputzak bakarrik dakiena nola egin behar duen, ez dago modu bat hori egiteko, nahiz eta esaten diguten: ez ezazu gehiegi oihukatu, ez zaitez asko mugitu, edo honela mugitu, ez egin hots arrarorik...».

«Twerking-a ez da dantza bakan bat, ez da panazea bat, eta testuinguru soziokultural patriarkal baten eraginpean dago; erabat zeharkatzen du begirada patriarkalak, eta emakumeen arteko lehiakortasunak, ea nork dantzatzen duen hobeto...».BAKARTXO ORMAZABALMagale Etxeko emagina

Onurei izkin eginda, baina, aurreiritziek indar handia dute oraindik. Arizkurenek nabarmendu du «zuri europar gisaa» epaitzen duela Euskal Herriko jendeak twerking-a, bertako kultura eta hezkuntzarekin. Are gehiago, Ormazabalek nabarmendu du gorputz jakin batzuei soilik ematen zaiela horrela dantzatzeko zilegitasuna: «Baldin bazara emakume feminista eta euskalduna, eta erabiltzen baduzu twerk-a aldarrikapenerako, onartzen da; segun eta zure janzkera nolakoa den, gehiago jartzen da zalantzan. Baina ikusten baldin baduzu twerk-a egiten emakume bat latinoamerikarra, ez dauka konnotazio bera Euskal Herri mailan». Eta salatu dute gauza bera gertatzen dela dantzatzen badute gizonek, pertsona lodiek, edo neska gazte indartsuaren kanona betetzen ez duten gorputz orok. Baita haurdunek ere.

Biek uste dute aurreiritzi horiek direla abenduan antolatutako saioa ez ateratzearen arrazoia. «Gaur-gaurkoz, haurdun zaudela twerking saio batera joateko, edo aurretik ezagutu behar duzu, edo aldarrikapen gisa egin behar duzu, edo oso seguru egon behar zara zeure buruarekin», esan du Ormazabalek. Dena den, baikor daude, eta espero dute hemendik hamar urtera haurdun geratuko diren horiei ez zaiela hain arrotza egingo twerking-aren kultura: «Orain haurdun dauden emakumeak dira gutxi gorabehera nire belaunaldikoak: haien jaialdiak izan direla Hatortxu rock, entzun dutela Berri Txarrak, euskal dantzetan aritu da... Guri esango baligute orain euskal dantzek kristoren onurak dauzkatela haurdunaldian edo hilerokoarentzat, zer? Zaude ziur, talde horiek jendez gainezka egongo ziren». Twerking-ekoak zergatik ez?

Dokumentuaren akzioak