Laminosine ikuskizunaren emanaldiaren harira, Zarautz-Bunuze senidetzeko Mugaz Gaindi topaketa antolatu dute asteburu honetan. Bihar eguerdirako espero dituzte Zarautzen Oztibarreko bizilagunak. Autobusez etorriko dira, eta Monte Albertia aterpetxean egingo dute egonaldia. Bertan egingo diete ongietorria bazkariarekin.
Bazkalostean, Lizardi aretora joango dira Laminosine emanaldian parte hartu behar duten Jalgi eta Bunuztar Xoriak dantza taldeetako gaztetxoak eta gainerakoek, kantujiran egingo dute aretora arteko bidea Arrai Zopak kantu bandarekin. 16:30 aldera jarri dute hitzordua, Musika Plazatik abiatuta. Ikuskizuna, berriz, 19:00etan hasiko da.
Igande eguerdian, 12:00etatik aurrera, Alaken taldeak muxikoak eskainiko ditu Musika Plazan, eta bazkaldu ondoren amaituko dute egonaldia.
Bestalde, hona hemen ikusgai Bunuztar Xoriak dantza taldekoak aste honetan ETB1en Biba Zuek! saioan eginiko Euskaldunak Sorginak piezaren erakustaldia.