Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mugatxoan-en sorkuntzak Portoko Serralves Fundazioan aurkeztu dituzte aste osoan

Dokumentuaren akzioak

Mugatxoan-en sorkuntzak Portoko Serralves Fundazioan aurkeztu dituzte aste osoan

Donostiako Arteleku zentroan ekainean hasi zen egitasmoa gaur amaituko da, Serralves Fundazioan

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Porto
Mota
Erreportajea
Data
2002/07/21

Pragak duen edertasun zimeldua, kubatarrek ere onartuko ez lituzketen autobus batzuk, Ouro Pretoko eliza barrokoak nonahi, Napoliko kale-bizitza harrigarria... Porton gaude, Galizia ahaztutik ez oso urrun, Douro ibaiaren bokalean. Aurtengo Mugatxoan-en jarduerak gizateriaren ondare den hiriraino ekarri gaitu, eta gustura irentsi dugu amua, emanaldi baten eta bestearen artean bertoko giroa dastatzeko aukera eman baitigu.



Dagoeneko ia desagertu egin dira iraganeko tranbiak eta sabaia berdea zuten taxi beltzak, baina zutik diraute Ingalaterratik ekarritako telefono-kabina gorriak eta kolore bereko buzoiak, era subliminalean gogoratuz Britainiar Inperioa izan dela mendeetan zehar Portugalgo independentziaren azken bermea.



Kaleetatik ez dira jada ibiltzen turisten autoak inguratzen zituzten ume eta gazteak (eskualdeko ardo famatuen bodegak bisitatzeko aitzakiarekin), baina oraindik ere posible da ikustea atsoren bat arrain freskoa saltzen kalez kale, eta neure begiekin baieztatu dut auzoko dendan kontu-liburu bat daramatela betiko bezeroen zorrak idazteko, antzina gure artean egiten zen moduan.



Serralvesko etxea, historiaren isla



Gure begietarako erdi kaotikoa baina guztiz liluragarria den inguru honetan dago Serralves Fundazioa, hiriko Foz auzoan zehazki. Bisitariak, seguru aski, arte garaikidearen arloko museoaren irudiarekin geratuko da, baina 1999an inauguratu zen eraikin funtzional ultramodernoa Serralvesko jatorrizko etxearen jarraipen estetikoa da, gutxienez espazio eta argiaren kontzeptzioaren aldetik.



Izan ere, jatorrizko etxearen bilakaera historikoan Porto eta Portugalgo historia hurbila laburbil daiteke. Eraikitze lanak 1931n hasi ziren, Oliveira Salazarren diktaduraren garaian, Vizelako kondearen egoitza altxatzeko. Arrazionalista estiloko eraikin bikaina sortu zen, eta Parisko Arte Dekoratiboen Erakusketak eragin nabaria izan zuen barruko xehetasun guztietan. Gaur egun, ordea, esku publikoetara igaro da jauregia, Portugalgo gobernua baita etxearen eta lorategi ederren jabea. Krabelinetako iraultzak zerbaitetarako balio izan zuen.



Etxe nagusia eta inguruko lorategiak, agertoki



Hain zuzen ere, etxe historikoan, inguruko lorategi zabal-zabaletan eta museoko auditoriumean aurkeztu dira Mugatxoan-en harira izandako emanaldiak. Uztailaren 7an Gary Stevensek The House eta Five-minute Objects piezak aurkeztu zituen, bakarlari gisa. Hilaren 12an eta 14an beste performance bat aurkeztu zuen (Here and there) Erresuma Batuko artistak aurtengo 16 partaideen zuzendari gisa, etxean jada geratzen ez diren altzariak eta objektuak gogoratuz eta dantzari gazteak lorategiko zuhaitz eta landareen artean txertatuz.



Ostiral gauean, Cuqui Jerezek Donostiako Artelekun emandakoa errepikatu zuen (A Space Oyssey, 2002), eta ekitaldi zikloari amaiera emateko Jérôme Bel dantzari frantziarra arituko da gaur, izenburu bereko ikuskariarekin. Bitartean, Publico egunkari portugaldarrak (kultur gaiak hobekien jorratzen dituenak) hiru orri argitaratu ditu bere kultur gehigarrian Mugatxoan eta Serralvesen arteko kolaborazioa jasotzeko.



ION MUNDUATE MUGATXOAN PROIEKTUAREN SORTZAILEETARIKO BAT



«Artistei gero eta gehiago interesatzen zaie gorputzaren kontzientzia izatea»



Agus Perez/PORTO



Ion Munduate donostiarra Mugatxoan-en sortzailea da, Blanca Calvo madrildarrarekin batera. Hamar urtez Madrilen eta Parisen jardun ondoren, sorterrira bueltatu zen Mugatxoan proiektua sortzeko. Bere datorren sorkuntza Lausanneko (Suitza) Arsenic antzokiak koproduzituko du.



•Zer da Mugatxoan?



Mugatxoan proiektu zabala da, dantzatik gehienbat, baina baita antzerkitik eta arte plastikoetatik ere etor daitezkeen proposamen artistiko batzuei zuzendua dena. Aurten 16 partaide gazte ditugu, eta guk gonbidatutako artista ezagun batzuk. Helburua zera da, nolabaiteko aitormena duten artisten eta partaide gazteen artean zubiak eraikitzea. Hau da, gazteak artista aitortu baten prozesuan sartzea, txertaketa horretatik probetxuzko gauzak atera ditzaten eta, bide beretik, artista ezagutuok beren kreazioren bat gure ekimenetik aurkeztu ahal izatea.



•Beti al dira dantzaren inguruko artistak?



Ez beti. Blanca eta biok dantzaren mundutik gatoz, baina hasieran esperientzia batzuk izan genituen Sergio Prego eta Jose Luis Vicario artista plastikoekin, eta ikusi egin genuen lan-prozesuak nahiko paraleloak zirela. Hortik, Santi Erasok Artelekutik eskatu zigun proiektu zabalago bat egiteko esperientzia horietan oinarritua, eta egia da lehenengo urtean dantzakoa izan zela jende gehiena. Bigarren urtean Rodrigo Garcia antzerki zuzendaria ekarri genuen, eta aurten Francisco Tropa artista plastikoa. Partaide gehienak arlo horretakoak izan dira.



Azken finean, argi dago bai dantzan, bai arte eszeniko zein plastikoetan gero eta presentzia handiagoa duela gorputzak eta artistei gero eta gehiago interesatzen zaiela gorputzaren kontzientzia hori edukitzea.



•Zeintzuk dira izan dituzuen kolaborazioak?



Hasieratik AFAAren (Frantzia) eta British Councilen laguntzak izan ditugu, hau da, atzerriko laguntzak, nahiz eta Artelekuk ekoizturiko proiektua den. Baina bi urtetik hona ikusi dugu proiektua handitzen ari dela, eta hori dela-eta saiatu ginen beste formula batean pentsatzen. Bide horretatik, La Fundicionekin kolaboratu genuen 2000n eta aurten Portoko Fundaçao de Serralvesen gaude.



•Zer-nolako harrera jaso duzue Fundazioan?



Sekulakoa izan da, kontuan izanda gainera museo inportantea dela Europa mailan. Konfiantza handia izan dute gugan eta kontent daude, beraientzat ere arlo berri bat izan delako museoaren bizitzan. Mugatxoan-en harira mugimendu asko izan da Serralvesen inguruan dabiltzan artisten artean, eta guretzat ere ezberdina izan da museo batean lan egitea.



•Zuen aurtengo jardunaldia amaitzear dagoela, zein da zuen balorazioa?



Aberasgarria eta positiboa. Baina hemen prozesuak lantzen dira eta, beraz, ondorioak geroago ikusten dira, datozen urteotan agian. Artista gazte hauek jende askorekin egoten dira hemen, informazio asko jaso, beren prozesua denbora guztian dudan jarri eta baieztatu egiten dute. Beraz, metodologia bat bilatu behar dute zerbait eraikitzeko, eta hori ez da bat-batean gertatzen.



Azkenean denborak erabakiko du batzuek jarraitzea eta beste batzuek beste bide batzuetatik ibiltzea. Gure helburua zera da, datorren urtean hemendik ateratzen diren proiektu batzuei jarraipena ematea, aurten Amaia Urra, Sandra Cuesta eta Cuqui Jerezekin egin dugun bezala.

Dokumentuaren akzioak