Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mugarik gabeko dantzan

Dokumentuaren akzioak

Mugarik gabeko dantzan

Bilboko Dantzaldian Euskal Herriko eta nazioarteko sei lan eskainiko dituzte, azaroan eta abenduan

Egilea
Zuberoa Iturburu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2007/10/25

La Fundicion aretoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, sei ikuskizun aukeratu dituzte. Euskal Herriko eta nazioarteko koreografoen lanak dira. Baina festibalak ez du aurkezpen hutsa izan nahi. «Publikoarekin konektatzeko, bertako profesionalei informazio teknikoa emateko, garaikidea denari buruz hausnartzeko eta sorkuntza berrientzako abagunea izateko» erabiliko dute, antolatzaileek esan dutenez.

Azaroaren 4an, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak, hasiera emango dio Dantzaldiari, Euskalduna Jauregian. Nacho Duatoren gidaritzapean, bi lan eskainiko ditu: Gnawa eta Herrumbre. Lehenaren estreinaldia izango da, gainera. Sahara hegoaldeko erritmoz betetako obra, koloretsua.

Bigarren obra oso bestelakoa da, iluna. Tortura du gai nagusia. Duatoren interesa ere piztu du gai horrek, hedabideetan ez ezik, eguneroko bizitzan dagoelako. Laura Etxebarriak azaldu duenez, «gogoeta eragin nahi du, eta lanak norbanakoaren mina transmititzen du, baita ere basakeria taldeko eszenetan».

Hilaren 10ean, Euskaldunan, Thomas Hauert eta Bruselako bere ZOO taldearen txanda iritsiko da. Modify pieza eskainiko dute. Elementu soilekin, emaitza barrokoa lortzen dute ikuskizun honetan. Musikaren eta mugimenduaren arteko loturak «txundituta» utzi du Laura Etxebarria.

Eta hilaren 17an, Bartzelonako Nats Nus taldeak Mies lana antzeztuko du, Toni Mira zuzendari dela. Euskaldunan ikusiko den azken pieza izango da. Mira arkitektura espazioak ikertzen dituelako ezaguna da. Obra hori sortzeko, Mies van der Rohe arkitektoaren lanean inspiratu da.

GUGGENHEIM MUSEOAN. Aurten, Guggenheim museoak hamar urte bete dituela eta, bi obra osortu dituzte okasiorako.

Encuentro lana enkarguzkoa izan da. Museoko areto handian, Richard Serraren eskulturekin batera antzezteko lana eskatu diete Sol Picori eta Israel Galvani. Abenduaren 4an eta 5ean egingo dute. Picok garaikidea dantzatzen du eta Galvanek, flamenkoa. Biak uztartuz, elkarrizketa bati ekingo diote, eta eskulturek beste pertsonaia bat balira bezala parte hartuko dute. Sol Picok dioenez, «zorabioa, ikara eta kilikak eragingo dizkigu bioi, eskultura erraldoien artean dantzatzeak».

Eta festibalari amaiera emateko, Euskal Herriko hiru koreografok solo bana emango dute, abenduaren 11n. Matxalen Bilbaok, Idoia Zabaletak eta Blanca Arrietak euskal artisten erakusketarekin bat egingo dute. Museoak ere, ikuskizun horrekin bukatuko du urteurrena ospatzeko egitaraua.

Baina festibala ez da zuzeneko emankizunetara mugatuko. Beste ekitaldi batzuek osatuko dute. Ikuskizunen aurretik, bideo-dantza lanak proiektatuko dituzte azaroaren 10 eta 17an.

Gainera, Master Class delakoetan, euskal profesionalek ezagutza teknikoa ahalbidetu eta ekipo artistikoen arteko komunikazioa bultzatuko dute. Elkarren arteko harremana sortzeko, zubiak eraiki nahi dituzte.

Dokumentuaren akzioak