Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mugak erakusten

Dokumentuaren akzioak

Mugak erakusten

Kritika, Staff

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/04/18

Koreografoaren estiloan ohikoa den moduan, elementu ugarik osatzen dute eremu eszenikoa, baina bi dira nagusiak piezaren garapenerako: atzeko alde osoa hartzen duen pantaila zuri luzea eta haren azpian dagoen ohe elastiko handia. Damian Muñozek bere eskuekin sortzen ditu albo bateko proiektore berezi batetik proiektatzen diren irudiak, eta eszenaren kontrako aldean Steven Dall musikaria dago, berak konposatutako balada ederrak interpretatuz, Nick Caveren estilo malenkoniatsuaren antzeko bidetik.

Hasiera batean, ohe elastikoaren gainean ditugu Virginia Garcia eta Alexis Fernandez, jauzi bertikalak egiten, baina handik gutxira behegainera igaroko dira, beren arteko harreman liskartsuarekin jarraitzeko, dantzatik baino gehiago akrobaziatik eta antzerki dantzatuaren eremutik datozen mugimenduak baliatuz. Elementu eszenikoen disposizioak eta mugimenduaren ezaugarriek performance kutsu nabaria ematen diote proposamenari, baina azken finean normaltzat jo behar dugu sailkapen hori, Staff izeneko lan hau konpainia osoak sinatzen duelako.

Geroago, baina, proiektoretik urrundu eta zutik jarriko da Damian Muñoz, Alexis Fernandezek txotxongilo bezala erabili dezan, eta orduan ikusten dugu Muñoz dela proposamen honetako dantzari bakarra; bere jarrera ia estatikoa da, urruna eta ahalik eta neutroena izan arren. Beste pasarte interesgarri bat sortuko da, bi gizonen arteko harreman korapilatsua elkarrengandik oso hurbil baina elkar ukitu gabe garatzen denean. Eta performance estiloari jarraiki, une jakin batean Virginiak mikrofonoa hartu eta handik aitorpen erako pentsamenduak botako ditu, Damianek bozgorailu kaxa batetik entzun ditzan. Bitartean, Damian ohe elastiko gainera igoko da, handik jauzika eta bozgorailuarekin ibiltzeko.

Ikusten denez, bikote harremanen gaia konpainiaren obsesioa bada ere, handia da euren ideia eszenikoen jarioa. Ideia koreografikoak, ordea, ez dira hain ugariak izan; eta, lana bere osotasunean hartuz gero, nik uste dut bigarren mailan geratu dela dantzaren lenhizkuntzari zor zaion lehentasuna, dantza bera erdi ahaztuta ikusi dudalako elementu eszenikoen artean.

Konpainia: D.M.
Lekua: Barakaldo Antzokia.
Data: Apirilak 15.

Dokumentuaren akzioak