Dokumentuaren akzioak
Mozorrotzeko aitzakia batzuk
Euskal Herriko hainbat herritan tradizio handikoak dira inauteriak, eta datozen egunetan izango dira gehientsuenak; besteak beste, atorrak eta laminak Mundakan, Miel Otxin eta Ziripot Lantzen, momotxorroak Altsasun, Markitos Zalduondon, Leziagako sorgina Laudion eta Hartzaro Uztaritzen.
Sardea, zakua, ileordea, zapia edo eskura dagoen zeozer: edozerk balio du soinean jantzi eta inauteriez gozatzeko, irudimen eta umore pixka batekin, noski. Tradizio handikoak dira inauteriak Euskal Herriko txoko ugaritan, eta datozen egunetan izango dituzte egunik seinalatuenak. Hona hemen horietako batzuk.
TOLOSA
EUSKAL HERRIKO
RIO DE JANEIRO
Noiz. Gaurtik asteartera.Inauteriak hizpide hartuta, Tolosakoak (Gipuzkoa) dira ezagunenetakoak. Gaurtik hasita asteartera arte murgilduko dira inauteri giroan. Ostegun gizena, ostiral mehea, Zaldunita bezpera... Egun garrantzitsuenak, ordea, igandea eta astelehena izaten dira, Zaldunita eta Astelenita, alegia: dozenaka kuadrillak euren karrozekin desfilatzen dute herrian zehar, 11:00etatik aurrera.
Txaranga ugari izaten da Tolosako kaleak girotzen, baina, horrez gain, kontzertuak ere izango dira, txosnetan: igandean, besteak beste, Laket eta Ingo Al Deu taldeak arituko dira; astelehenean izaten da parrandarik handiena, eta, aurten, Ezten Giro, Eztanda eta DJ Bullen emanaldiak izango dira, besteak beste.
LAUDIO
LEZIAGAKO SORGINA
Noiz. Larunbatetik asteartera.Berrikuntza nabarmen batekin ospatuko dituzte inauteriak Laudion (Araba): ez dute Lizeagako sorgina erreko inauterietako azken egunean. Orain arte bezala, larunbatean, Leziagako sorgina bere ezkutalekutik atera, eta kalejiran ibiliko da herrian zehar. Astearte iluntzean, ordea, sorgina erre beharrean, sorginen omenezko dantza egingo dute Itxarkundia dantza taldeko lagunek, herriko plazan, 19:15ean. Sorgin gaiztoen figura baztertu, eta haien ausardia nabarmendu nahi dute horrela. Aparteko ikuskizunak ere antolatu dituzte inauterietarako: Yogurinha Borovak Gora emakumeak saioa emango du larunbatean; Beatriz Egizabalek eta Ane Labakak Erradikalak gara saio umoretsua eskainiko dute igandean.
LESAKA
ZAKU ZAHARRAK
Noiz. Igandean, 19:00etan.Zaku zaharrak dira nagusi Lesakako inauterietan (Nafarroa). Zaku zaharrak belar lehorrez beteta ateratzen dira kalera inauterietako igandean, 19:00ak aldean. Astelehenean, berriz, mozorroen eta orgen txanda izaten da, eguerdi aldera. Bi egunetan, gainera, dantzaldiak izaten dira plaza zaharrean: igandean Trikidantz taldea izango da, eta astelehenean, Orots taldea.
MUNDAKA
ATORRAK ETA LAMINAK
Noiz. Igandean, 12:00etan.Bi mozorroren artean aukeratzen dute Mundakan (Bizkaia) aratusteetan ateratzeko. Izan ere, atorrak eta laminak dira nagusi aratusteetako igandean: atorren rolean sartzen dira batzuk, eta laminenean beste batzuk. Zuriz janzten dira atorrak, eta beltzez laminak, ileorde zuriekin. Talde bakoitza bere aldetik ateratzen da kalera, eta kantuz eta umore onez betetzen dute herria. Astelehenean ere mozorrotuko dira, baina egun horretan librea izaten da mozorroa.
ZALDUONDO
MARKITOS
Noiz. Igandean, 13:00etan.Markitosen inguruan ardazten dituzte inauteriak Zalduondon (Araba). Herriko gaitz guztiak sinbolizatzen ditu Markitosek: traje bat, txapela eta arrautza oskol margotuak janzten dizkiote. Kalez kale eraman ohi dute inauterietako igande eguerdian, eta Lazarragako jauregian lotuta utzi, zenbait orduz. Arratsaldean, jende gehiago egon ohi da kalean, eta herrian zehar eramaten dute Markitos, berriro: asto baten gainean jartzen dute, eta jendeak zikindu egiten du, frontoirako bidean. Urtero bezala, epaitu egingo dute han: azken urtean herrian gertatutako gaitz guztien erruduntzat jo, eta, azkenik, erre egingo dute.
LANTZ
MIEL OTXIN
Noiz. Asteartean,eguerditik aurrera.
Martxoaren 3tik 5era izango dira inauteriak Lantzen (Nafarroa), baina asteartean izango dute egun nagusia. Egun horretan harrapatuko dute Miel Otxin lapurra: epaitu, eta sutara botako dute hiru metroko panpina. Alkandora koloretsua, praka urdinak eta gerriko gorria jartzen dizkiote, baita txano koloretsu bat ere; besoak, gurutze forman. Miel Otxinez gain, badira pertsonaia gehiago ere: Ziripot, zaldikoa, ferratzaileak eta txatxoak ere han izango dira. Kalejira egingo dute Lantzeko kaleetan, eta zortzikoa dantzatuko dute amaieran.
ALTSASU
MOMOTXORROAK
Noiz. Asteartean, 19:00etan.Astearte iluntzean momotxorroak izango dira nagusi Altsasun (Nafarroa). Oso deigarriak dira: jantzi zuri odoleztatuak daramatzate, adarrak eta larruzko estalkia bizkarrean, sardeak eskuan. Jantzi, zikindu eta jendea xaxatzera joaten dira herrian zehar, eta zortzikoak dantzatzen dituzte. Pertsonaia berriak sortu dituzte azken urteetan, eta haiek ere herrian zehar ibiliko dira momotxorroekin: Juantranposo, akerra eta maskaritak. Horrez gain, martxoaren 9an, larunbatean, piñata eguna izango da: gazte afaria eta dantzaldia egingo dituzte.
UZTARITZE
ZANPANTZAR
Noiz. Asteartean, 17:45ean.Otsailaren erdialdean hasi zituzten inauteriak Uztaritzen (Lapurdi) Hartzaro festibalarekin, Herri Soinu elkartearen eskutik. Dena den, asteartean izango dute inauterietako egun nagusia: astearte gizena. Ohiturak eta sorkuntzak bat egingo dute egun horretan, Zanpantzarren auziaren harira, Hiribehere pilota plazan: hantxe elkartuko dira zirtzilak, zainaldiak, negartiak, auzapeza, epailea eta hartza, besteak beste.
Kotilunak herriko kaleak girotzen hasiko dira 18:00ak aldera; zirtzilek plaza hartuko dute gero, musika eta dantza uztartuz, eta halaxe hasiko dute auzia. Eliza inguruan, hartzarekin elkartuko dira, eta Purguko pilota plazara iritsiko dira: han helduko diote berriz ere zanpantzarren auziari, eta ikuskizun handi batekin bukatuko dute. Karpan jarraituko du festak gero, erromeriarekin, Uztaritzeko ikastolak antolatutako jan-edanekin, eta Errobiko Kaskaroten batzokian amaituko dute gaua.
Dokumentuaren akzioak