Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mozorroen dantza klasikoena, hastear

Dokumentuaren akzioak

Mozorroen dantza klasikoena, hastear

Herri inauteri tradizionalen bolada betean sartzen da Araba hileon. Otsailaren 11n zabalduko dute zikloa Ilarduian, Andoinen eta Eginon, eta udaberrian sartu aurreko errituak hilabete amaiera arte luzatuko dira.
Komunikabidea
Alea
Mota
Albistea
Data
2023/02/05
Lotura
Alea

 

Markitos, Toribio, Lasto Gizona, Sorgina, Porrero eta Porretero izango dira hurrengo egunetan Arabako herrietan ospatzen diren inauteri tradizionalen izarrak. Aurten, tamalez, Arrianoko Atsoak ez du ardo beroa banatuko Zuhatzu Kuartangoko bainuetxean, herrialdean inauteriak ospatzen dituen lehen herrian soilik kalejira xume bat egingo baitute.

Asparreneko Ilarduian, Eginon eta Andoinen, berriz, otsailaren 11n ospatuko dute hiru herriak lotzen dituen kalejira eta ondorengo jaia. Horretan izango dira Zamarretakoa, Gizena, Atsoa, Farfailetakoa, Senargaia eta Emaztegaia, Hartza… eta, nola ez, Lasto Gizona ere, gaitz guztien erruduna. 16:00etan, Ilarduiatik asto batean Eginoraino eramango dute, gurdi batera igoko dute eta Andoineraino joango dira; han lastozko gizona sutan kondenatu eta exekutatuko dute, erretzen den bitartean suaren inguruan dantzatzen duten bitartean.

Frankismoaren urteetako debekuaren ondoren, duela lau hamarkada berreskuratu zituzten, baita ere, Lautadako  Aguraingo inauteriak. Urtetik urtera gero eta indar handiagoa hartzen ari den herri ospakizuna da, eta ostiral inautean, otsailaren 17an, Porreroa eta Sorgina jaitsiko dira Opakuatik, eta inauteri osoak emango dituzte udaletxeko balkoian.

Markitos, ospetsuena

Zalduondokoa da ziurrenik Arabako herri inauteririk ezagunena, eta otsailaren 19an egingo dute aurten. Markitosen panpina herritik paseatu, zutoinean lotu eta epaitu ondoren, jai giroan erre egingo dute. Porreroek, errauskinek eta bestelako pertsonaiek parte hartuko dute 1975an berreskuratu zuten ospakizunean.

Astearte inautean, otsailaren 21ean hain zuzen, botako dute  Toribio, urte osoko zorigaitz guztien irudia, Ega ibaira Kanpezuko bizilagunek. Kalejirako pertsonaia nagusiak katxiruloak dira oraindik ere, nahiz eta denboraren joan-etorrian lagun taldean batu diren eskualdea irudikatzen duten beste pertsonaiak, haien artean Matacan, Durillo, Tabakoaren Dama, Birgarako Sorgina edo Kostalerako Akerra.
Salcedon, aurten berreskuratuko dute herri inauteria, pandemiak 2021ean eta 2022an eragindako etenaldia gaindituta. Porreteroa oilo bat lapurtzen harrapatuko dutela irudikatuko dute hilaren 25ean, arratsaldez, eta teilatura botako dute gauez putreek jan dezaten.

Dokumentuaren akzioak