Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mozorroaren babesean

Dokumentuaren akzioak

Mozorroaren babesean

Egilea
Gorka Azkarate
Komunikabidea
Argia
Mota
Erreportajea
Data
2008/01/27

Inauteriek ez dute, berez, data finkorik, eta beste hainbat jai egunen moduan –Aste Santua, Korpus eguna, Mendekoste eguna…–, Eliza Katolikoaren egutegi liturgikoari loturik daude. Egutegi horren berezitasuna ilargiaren zikloei loturik egotea da. Horrela, udaberriko lehen ilargi betearen ondorengo igandea Pazko igandea izango da eta horren arabera kokatuko dira gainerako jai egunak egutegian. Inauteriei dagokienez, erraz zehaztu daitezke haien datak Pazko igandea noiz den jakinez gero, Inauterien azken eguna –Hausterre eguna– eta Pazko igandearen artean 40 eguneko tartea, Garizuma, baitago.

Honenbestez, urtarrilaren hondarrean eta otsailaren hasieran izango da aurten inauterien tartea; goiz, beraz, oso goiz. Kandelaria, San Blas, Santa Ageda eta Inauteriek bete-betean talka egiteraino, aspaldiko partez. Urtarrilaren 31n izango da Ostegun Gizena, eta hortik aurrera, Garizuma aurreko azken zalaparta egunak, otsailaren 5ean ospatuko den Inauteri asteartea eta 6ko Hausterre egunera arte.

Zalduondo (Araba)

Zalduondokoa da Arabako inauteririk ezagunensa eta ondoen gorde dena. Markitos da pertsonaia nagusia eta haren inguruan antolatzen da festa. Goizean, gazteek herrian barrena eramaten dute Markitos, txistularien laguntzaz. Eguerdi partean, herriko plazan, sei bat metrora zintzilikatzen dute, eta arratsaldean porreroz –ziripoten oso antzeko pertsonaia– jantzita Markitos eskegi eta berriz ere herrian zehar eramaten dute idiek tiratutako gurdi batean, epaitu eta hil baino lehen.

Ehun biztanle inguru dituen Aguraingo eskualdeko udalerria da Zalduondo; Arabako Lautadan kokatua, beraz. Aizkorri-Aratz mendilerroak mugatzen du iparraldean eta Entziak hegoaldean. Mendi txango paregabeak egin daitezke inguruotan, mendi malkartsuak igoz zein pagadi zoragarrietan ibiliz. Herriak berak, berriz, ondare arkitektoniko paregabea du. Horren adibide dira, besteak beste, eskualdeko etnografia museoaren kokaleku den Lazarragatarren jauregia –XVI. mendekoa–, Larreatarren etxea –XV.ekoa– edo Udaletxeari erantsita dagoen Zeledon ezagunaren etxea, zeinetan Gasteizko jaietako ikurra den pertsonaia bizi izan zen. Ezin da ahaztu, bestalde, antzina Astorga eta Bordele lotzen zituen Erdi Aroko galtzada ezaguna, San Adriango pasabidean barrena Gipuzkoaratzen dena.

Altsasu (Nafarroa)

Altsasuko momotxorroen irudi kitzikagarria oso ezaguna da Euskal Herri osoan. Gaur egun, nekazari giroko festa hori hiritartasunean girotuta dago, musika eta koreografia aldetik egitura egokia emanez. Artile eta adarrak jantzita, eta eskuak eta aurretik daramaten oihala animalia odolez zikinduta dituztela herria zeharkatzen dute. Momotxorroen eta haien inguruan irteten diren pertsonaien agerraldia goldatze erritual baten irudikapena da. Trama horren bidez, lurraren oparotasuna eskatu eta azienden eritasunak galarazi nahi dituzte.

Bidegurutze garrantzitsu batean dago Altsasu, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoak muga egiten duten Arbarrain (1115 m) menditik oso hurbil. Aizkorri mendilerroaren berezko luzapena diren Altzania, Urbasa eta Aralar mendilerroak oso gertu izanik, natur gune paregabean kokatuta dago, errepide sare gris erraldoitik harago. Esan gabe doa, beraz, mendi txango paregabeak egin daitezkeela Altsasu inguruan. Urbasako mendatera igo eta bertako soilgune zein pagadietan paseatzea ohikoa da bertako zein kanpoko hainbat eta hainbat bisitarirentzat. Urbasako talaiatik Arabako Lautada eta Nafarroako Sakana menderatuz txangozaleak duen ikuspegia ez da erraz ahaztekoa.

Lantz, Ituren, Zubieta (Nafarroa)

Nafarroako baserri giroko inauteri guztietan Lantzekoa da, agian, folklore aldetik aberatsena eta esanahi handiena duena. Anueko haranean dagoen herri txiki horretan, Miel Otxin gaizkilearen bahiketa, epaiketa eta sutan erretzea antzezten da inauteri asteartero. Bi hitzetan, gaizkiaren eta ongiaren arteko borroka irudikatzen da.

Miel Otxin da, aipatu moduan, Lantzeko inauteriko pertsonaia nagusia. Ingurua suntsitu zuen gaizkilea da Miel Otxin, hiru metroko gurutze batean kateaturiko panpina batek irudikatua. Horrez gain Ziripot, beronen atzetik doazen Zaldikoak, Arotzak eta Txatxoak ere Lantzeko inauteri ikusgarri horretako pertsonaiak dira.

Zubieta eta Iturengo joaldunen jarduna ariketa izpiritual sakona da; sinbolismoak dioenez, joareen zaratarekin izpiritu txarrak uxatu eta lurrean dauden indarrak iratzartzea bilatzen dute. Lehen egunean, Zubietakoak Iturena joaten dira, eta bigarrenean, berriz, alderantziz. Binakako ilaran, une ikusgarriak sortzen dituzte erdi bidean bi herrietako joaldunak elkartu eta elkarrekin abiatzen direnean.

Ituren eta Zubieta Malerreka haranean daude, Ekaitza eta Mendaur mendien magalean. Paradisua da inguru hau ibiltarientzat, natur gune berdingabea mugatzen baitu haranak. Aipagarria da Mendaur mendiaren gailurrean dagoen Trinitateko baseliza ederra. Trinitate egunean –Inauteriek bezala data aldakorra du horrek ere, baina maiatza amaieran edo ekaina hasieran izaten da– erromeria goxoa egiten da han. Lantz, berriz, Belateko mendatearen Iruñeranzko isurialdean kokatzen da, haran nagusitik mendialdera hedatzen den haran txikian, Saioa mendi erraldoiaren magalean.

Zuberoako maskaradak

Zuberoako maskaradak euskal inauterien baitan topa daitezkeen agerraldirik berezienetakoak dira. Beraien jatorria ezezaguna den arren, nahikoa argi dago kristautasunaren aurreko garaietatik datozela. Maskaradako zenbait pertsonaiek naturako elementuak irudikatzen dituzte –gathuzainak katua eta zamaltzainak zaldia, esaterako–. Bitan banatzen da maskarada: gorriak eta beltzak. Dantzari finenak dira gorriak, ordenaren ordezkariak, eta txerreroa, kantiniersa, gathuzaina, zamaltzaina eta entseinaria dira aipagarrienak. Maskarada beltzak, bestalde, ordenarik eza, zikinkeria eta zitalkeria ordezkatzen ditu. Pertsonaia finkorik ez duen arren, buhamiak, txorrotxak, kauterak, eskaleak, errumesak eta beste hainbat agertzen dira gehienetan. Euren helburua maskarada gorria zirikatzea da uneoro.

Maskarada egun osoko ekitaldia da; goizean, pertsonaiak herriko jendeak jarritako “barrikadak” gainditzen saiatzen dira, horien aurrean dantza eginez. Arratsaldean, jarraipena izan ohi du goizean hasitako ikuskizunak. Zuberoako herri bati egokitzen zaio urte bakoitzean maskarada antolatzea, eta estreinako saioa beren herrian eskaini ostean, Zuberoako herri askotan barrena egingo dute itzulia, igandero maskarada antzeztuz.

Zuberoako lurraldea aipatzen hasita, zaila da herri edo ingurune konkretu bat besteen gainetik nabarmentzea. Zuberoa bere osotasunean baita eder, misteriotsu eta erakargarri. Hegoaldean 2000 metroko langa gainditzen duten gailur lerdenetatik hasi eta iparraldeko lautadaren lasaitasunera. Arbailako basotik, Holtzarteko mendi zintzurrera. Mila txoko ezkutatzen ditu Euskal Herriko herrialde txikienak.

Elkarrengandik oso hurbil dauden Atharratze eta Aloze herriak dira aurten maskaraden antolatzaile. Atharratze, bere kokapen egokia dela medio, herrialdeko bigarren merkatal gune garrantzitsuena da, eta inguruan egin daitekeen txango gehienentzat abiapuntu ezin hobea. Maskarada garaitik kanpo ere gomendagarria da zinez Zuberoa sarritan ahaztuari bisita egitea.

argazkia

Santiago Yaniz

Dokumentuaren akzioak