Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mozorroak kalera

Dokumentuaren akzioak

Mozorroak kalera

Asteburuko proposamenak

Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2007/02/15

Unanu (Nafarroa)

Mamoxarroen beldur

Etxean ondo ezkutatuta egongo dira asteartean Unanuko (Nafarroa) herritarrak. Egun horretan Mamoxarroak ibiliko dira kaleetan, eta harrapatzen dutena ederki berotuko dute. Aspaldiko ohitura da mamoxarroena. Herriko gazteak dira mamoxarroz janzten direnak. Jendeak ezagutu ez ditzan erabat estalita joaten dira. Mahuka luzeko elastikoa eta galtzontzilo luzeak daramatzate jantzita, biak zuriak; gerrikoa, aldiz, gorri beltza eta zintzarriduna da. Dena den, buruko mozorroa da ikusgarriena. Gerrirainoko xingola duen kapelaren gainetik zapia jartzen dute, eta aurpegia metalezko maskara batekin estaltzen dute. Makila eskuetan dutela, egurra ematen diete kalera ateratzen direnei.

Zer: Mamoxarroak.

Noiz: Asteartean, hilak 20.

Lantz (Nafarroa)

Miel Otxinen erreketa

Lantzeko inauteriek pertsonaia asko dituzte: Zaldiko, Ziripot, Txatxoak... Dena den, protagonista nagusia Miel Ontxin da. Hura nola harrapatzen eta zigortzen duten irudikatzen dute, igandean haurrek eta beste egunean helduek.

Astelehen eta asteartea izaten dira egunik garrantzitsuenak. Jende mordoa biltzen da Miel Ontxin eta enparauen kalejira ikustera. Hara eta hona dabilen Zaldikok eta Txatxoek Ziripot lurrera botatzen dutenean izaten da kalejirako unerik ikusgarrienetakoa. Zapaldu ere egiten dute batzuetan. Baina lasai, mina ez hartzeko gorputza iratze idorrez beteta darama eta. Lurrera erortzen den bakoitzean, ferratzaileek ferratu egiten dute. Lurra garbi asko uzten du.

Frontoira iristean, Mikel Ontxin zigortzen dute. Inork ez daki zein kalte egin duen, baina gaixoari jartzen dioten zigorra ez da nolanahikoa: lurrera bota eta erre egiten dute.

Non: Lantzen.

Noiz: Astearte arratsaldean, hilaren 20a.

Arizkun (Nafarroa)

Hartzaren eta sagarren artean

Arizkunen ere asteartean dute inauterietako egun nagusia. Egun horretan, txapel luzeak jantzita kintoak etxez etxe ibiliko dira sagar eske. Sagarrak ematen dizkietenei esker ona azaltzeaz gain, dantzatu egingo diete. Gero, Unanun gertatu bezala, mozorrotutako gazte batzuk atzealdea berotzen ibiliko dira kalera ateratzen diren ausartei.

Beste inauterien antzera, Arizkungoek ere badute beren pertsonaia: hartza. Ez da edonolako hartza, gainera; nahiko basatia baita. Zaintzen duenari ere ihes egiten dio, eta hantxe ibiltzen da herritarrak izutzen. Kontuz, beraz, hartzarekin.

Zer: Sagar dantza eta hartza.

Noiz: Asteartean, hilak 20.

Altsasu (Nafarroa)

Momorrotxoen ikuskizuna

Bazkalostean hasiko dira girotzen asteartean Altsasuko kaleak. Momorrotxoek dantza egiten duten eguna da, eta ikusmina handia izaten da. Plazan egiten dute ikuskizun nagusia, baina aldez aurretik herriko kaleetan ibiliko dira. Ikusgarria da oso momorrotxoen jantzia: buruan otarreekin egindako kasko antzeko batzuk eramaten dituzte, bi adar handiekin; eta artilearekin estalita egoten dira. Soinean, berriz, odolez zikindutako arropa zuria janzten dute. Dantza bakarrik egiten duten arren, kalejiran beste hainbat lagun izaten dituzte momorrotxoek: maskaritak, sorginak eta Juantrapos, besteak beste. Koadrila ederra osatzen dute.

Zer: Momorrotxoak.

Noiz: Astearte arratsaldean, hilak 20.

Antzuola (Gipuzkoa)

Sorgin-dantza eta beste

Igandean dute inauterietako egun nagusia Antzuolan. Espero bezala, egun horretan ez dira zalaparta eta festa faltako. Herritarrek sorgin-dantza eta inauteriei lotutako beste dantza batzuk egingo dituzte kalean zehar. Tradizio handiko ohitura da sorgin-dantza, 1885ean hasi baitziren hura dantzatzen. Urteetan galduta egon eta gero, 1990. urtean hasi ziren berriro dantzatzen.

Dantzari trebeak izan ez arren, haiekin batera izango dira Antzuolako inauterietako protagonista nagusiak: hartza tximua eta domatzaileak. Hartza eta domatzaileak ohikoak dira beste hainbat inauteritan; tximua, ordea, Antzuolan ateratzen dute solik. Oraindik ez dakite zergatik egiten duten hori.

Zer: Hartza, tximua, domatzailea eta sorgin-datza.

Noiz: Igandean, hilak 18.

Azpeitia (Gipuzkoa)

Sekula baino dotoreago

Apain-apain ospatuko dituzte azpeitiarrek inauteriak. Izan ere, igandean Elegante eguna izango da. Ohiturari jarraituz, gizonekoak traje eta gorbatarekin aterako dira eguerdiko txikiteora; emakumeak, berriz, soineko dotoreekin. Askok sekula baino mozorrotuago itxura horiekin. Inude eta Artzainen desfilea ahaztu gabe, noski.

Bazkalostean, sokamuturra izango da, eta hortik aurrera bakoitzaren gorputzak aginduko du festa noiz arte izango den. Parranda giroa behintzat, soberan izango da. Berandu oheratzen direnei kostako zaie asteleheneko mozorro festarako jaikitzea. Aurpegia ondo mozorrotu beharko dute begi zuloak ez ikusteko.

Zer: Elegante eguna.

Noiz: Igandean, hilak 18.

Uztaritze (Lapurdi)

Hartzaro jaialdia

Uztaritzeko inauterietako egun nagusia asteartea baldin bada ere, Hartzaro jaialdiaren bidez, inauteriak bihar hasiko dituzte herriko karrikak eta ostatuak musikaz jantziz eginez. Etziko, berriz, ikuskizun berezia prestatua dute 21:00etan: Burrunka musika taldearen Ufaka Zanpaka, espresuki jaialdirako sortua dutena lekuko dantzariekin. Aitzin, Garaztarrak dantza taldeak bere sorkuntza du emanen dastatzera. Iganderako bazkaria apailatuko dute; astelehena gogoetaren eguna izanen da eta, asteartea, beraz, zanpantzarren auziarena. Jendetsua izaten da egun hori. 250 bat lagun ateratzen dira, haien artean dantzariak, soinulariak, antzerkilariak... Ikuskizun aparta.

Zer: Zanpantzarren auzia.

Noiz: Asteartean 19:30ean

Donibane Lohizune, Ziburu (Lapurdi)

Sorgin gaua

Itxura guztien arabera de Lancre inkisidoreak ez zituen sorgin guztiak erre... eta bizirik diharduten horiek bihar gauean berenganatzekoa dute Ziburu, preseski. Egunean, Ziburuko Larzabal kolegiokoak arituko dira bazterrak inarrosten. 20:00etan, aldiz, zanpantzar ailegatu eta, sorgin, joaldun, txaranga eta dantza taldekoak desfilatuko dute. 21:00etan Punpeka taldearekin mutxikoak dantzatzen ahalko dira. Gaua bururatzeko, Ziburuko plazatik Koloka txaranga arituko da. Biharamunean, Inauterien egun nagusia izanen dute. 16:30ean Ziburuko plazatik ibilaldia eginen dute hainbat txarangen laguntzarekin. Aurtengo gaia baserria hautatua dute. 18:00etan Louis XIV. plazan zanpantzar epaituko dute. Eta 19:00etan sardinak erre eta jango dira; eta bukatzeko, Mak taldeak kontzertua eskainiko du behitegian.

Zer: Sorgin gaua

Noiz: Bihar 20:00etan

Markina-Xemein (Bizkaia)

Antzararen buelta

Iaz hegaztien gripeak inauterietako ekitaldi nagusietakoa galarazi zuen, antzarena. Aurten, baina, gaitza kontrolpean dutela, Markina-Xemeinen izango dira berriz. Aurretik, txistulariek eta herriko bandaren kalejirak emango dio hasiera inauteri egunari, 09:30ean. Gero, trikitilariek hartuko dute jaiaren lekukoa, eta, beranduago, eguerdi partean, Zerutxu eta Zaragi dantzariak ariko dira, Goiko Portaletik Hartza abiatu aurretik. Uni pilotalekuan, hiruretan, herri bazkaria antolatu dute; eta, beranduago, antzaren txanda izango da, bostetan. Azkenik, Hau Dok Hau txarangak alaituta, mozorro lehiaketako sariak banatuko dituzte herriko kioskoan.

Zer: Hartzaren etorrera.

Noiz: Igandean, hilak 18, 12:00etan.

Mundaka (Bizkaia)

Portuko inauteriak

Ohi bezala, musikak emango dio hasiera inauteri egunari Mundakan. 00:30etan, Aratuste zara aratuste doinua joko du herriko txistulari taldeak, Jose Mari Egileor kalean. Eguerdian hasiko dira herriko mutilak, atorra jantzita, kalera ateratzen eta, urtero legez, bazkalorduan portuan bilduko dira kolaio eta bisiguari kantu zaharrak eskaintzeko. Itsasoari kantatu ondoren, noski, tabernetara igoko dira, festa giroa bertara eramateko. Arratsaldean, emakumeen txanda helduko da, lamiena, alegia. Ile luzea eta zuriz margotutako aurpegiarekin, herri osoa astintzeko asmoz aterako dira herriko plaza nagusira. Ordura arte, talde bakoitza bere aldetik ariko bada ere, iluntzean elkartuko dira guztiak inauteriak ospatzeko.

Zer: Atorrak eta Lamiak

Noiz: Igandean, hilak 18, egun osoan.

Zalduondo (Araba)

Markitos sutara

Markitos predikariaren epaia entzuteko prest dago. Urte osoan Zalduondon eta Zalduondo inguruan egindako maltzurkeriengatik epaituko dute inauterietako igandean, eta, urtero bezala, sutan bukatuko du. Gaizkiaren isla ziren inauteriak garai batean, eta Markitosek betetzen du lan hori Arabako herri horretan. Hortaz, udaberria behar bezala hasteko, gaizkia islatzen duen oro alde batera utzi behar da. Igande eguerdian hasiko da Markitosen prozesioa. Gurdi gainean eramango dute herri osotik, eta bazkaltzera joan aurretik, herriko plazan zintzilikatuta utziko dute. Arratsaldean prozesioan eramango dute predikaria, errauts-banatzailea, garbitzailea, atso-agurea eta bestelako pertsonaia artea. Predikariak pregoia irakurri, eta, urtero bezala, sugarretan bukatuko du Markitosek eguna.

Zer: Markitosen erreketa.

Noiz: Igandean, hilak 18.

Ainara Arratibel, Nora Arbelbide, Jon Rejado eta MIkel Carramiñana

 

Tolosa betiko bidetik

A.A.

Donostia

Zerbaitek arrakasta badu ez dela aldatu behar esan ohi da. Halaxe pentsatu dute baita ere Tolosako Inauterietako antolatzaileek. Izan ere, gaur hasiko den mozorro festak betiko hiru osagaiak izango ditu: txarangak, karrozak eta zezenak. Mozorroak jantzi, eta festarekin gozatzeko bost egun dituzte tolosarrek, eta hara joaten diren guztiek.

Eguerdian botako dute suziria Plaza Zaharrean. Herriko pertsonaia maitatuenetakoa izango da jaien hasierako protagonista: Galtzaundi. Aurreko urteetan ez bezala, ez du larunbatera arte itxaron nahi hainbeste maite dituen inauteriez gozatzeko. Beraz, gaur bertan kenduko diote estalkia haren irudiari. Festak amaitu arte udaletxeko balkoian izango da.

Hortik aurrera txarangek hartuko dituzte kaleak. Gozatzeko ez ez ezik, lanerako egunak ere dira haientzat inauteriak. 23 txaranga ariko dira txoko guztiak alaitzen. Denera 36 irtenaldi egingo dituzte. Tolosako herri abestiak joko dituzte, eta horrek soinu berezia emango dio jaiari.

Karrozak izango dira, aldiz, inauteriei kolorea jarriko diotenak. Zaldunitan (igandean) egingo da desfile nagusia. Urte hasieratik konpartsek ezkutuan dituzte, baina astelehenitan (astelehenean) eta asteartitan (asteartean) ere irtengo dira karrozak. 170 konpartsek hartuko dute parte desfilean, eta denera 15 karroza aterako dira.

Musika eskaintza da aurtengo berritasun nagusia, aurreko urteetakoa baino zabalagoa izango baita. Egunez izaten den giroa gauetara eramatea da helburua. Zaldunitan Plaza Berrian Xikinkei eta Losdelgas taldeek joko dute 23:30ean. Bestalde, Astelehenitan Bisaia eta Dikers taldeen doinuak entzun ahal izango dira.

Asteartean sardinaren hileta izango da, eta halaxe amaituko dira tolosarren jairik kuttun eta maitatuenak.

TREN ETA AUTOBUS ZERBITZU BEREZIAK. Parranda ondoren etxera lasai itzultzeko autobus eta tren zerbitzu bereziak jarriko dituzte Renfek eta Donostiako Tranbiaren konpainiek. Renferen kasuan, gaueko zerbitzua etengabea izango da larunbatean, igandean eta astelehenean, 22:10etik 07:00etara. Eguneko zerbitzua ere indartuko du. Tolosatik Donostiara doan autobusa, bestalde, orduro aterako da 22:45etik 07:00etara larunbatean.

Dokumentuaren akzioak