Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Mozorroak intsektu bihurtzen du jendea»

Dokumentuaren akzioak

«Mozorroak intsektu bihurtzen du jendea»

ATZEKOZ AURRERA. Juan Antonio Urbeltz. Folklore ikerlaria

Dantza tradizionala eta foklore adierazpideak urte luzez ikertu ditu Urbeltzek. Argia taldeko eta Ikerfolk elkarteko zuzendaria da, eta haren lana argitara eman du liburu, artikulu eta ikuskizunen bidez.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/12/21
Lotura
Berria
Mozorrorik gabe agertu du urte luzeko lana Juan Antonio Urbeltzek (Iruñea, 1940) bere azken liburuan: 'Morir' en la hoguera el Martes de Carnaval (Sutan 'hil', inauteri asteartez). Inauteriei buruz egin duen ikerketa bildu du, eta, bukaeran, Lantzeko (Nafarroa) eta Lastovoko (Kroazia) inauterietako errituak eta sinboloak azaldu ditu.

Orain arteko bideari eutsi diozu liburu honetan.

XX. mendeko antropologian nagusi izan den ideiaren muin-muinari eginiko kritika bat da. Frazerren Urrezko adarra lanari jarraitu diote, eta horrek akatsak zituen han eta hemen. Frazer erudizio handiko gizona da, baina norabidea galdurik zebilen. Ez zekien zer zen nekazari bat, inondik ere. Liburutegi handiak, bulego ederrak... baina harenaz gaindiko mundua, haren liburuetatik landakoa, anekdota huts ziren harentzat. Frazerrentzat udaberria da neguaren hiltzea. Baina ez da konturatzen landareak berpiztearekin batera intsektu mundu oso bat berpizten dela.

Inauteriak ez daude haragiarekin eta garizumarekin loturik?

Antropologiak garizumaren kontrako gisa aztertu du, baina San Joanekin dago loturik. Euskaldunek, gainera, badugu oso interesgarria den kontu bat: inauteriak ez ditugu haragiarekin lotzen. Morfologikoki ezberdinak diren bi hitzak —inauteri eta aratuste— ideia berean batzen dira: inausketa aroa. Horrekin batera, mozorro-zomorro ideia dugu, mozorroa eta intsektua. Mozorroak intsektu bihurtzen du jendea. Beraz, zomorroa bera da udaberrian etorriko diren intsektuak uxatzeko konjurua egiten duena.

Nolatan izan da interpretazio nagusia hain ezberdina?

Batzuetan, antropologian, kultura akademikoan, ez dute nekazaria ulertu, batere. Ergeltzat hartu dute. Uste duzue nekazariak pentsatuko zuela sua piztuta eguzkia mugi zezakeenik? Eltxoak eta mandeuliak sanjoanetan pasatu egiten dira, itogarria da egoera. Beraz, suarekin ke asko botatzen zuten intsektu hodeiak uxatzeko. Ituren eta Zubietan, berdin. Bi tresna dituzte. Zaldien isatsak eta joareek mandeuliak uxatzeko balio dute. Europan joarea agertzen denean inauterietan, atzean mandeulia dago, seguru. Hori ez da ulertu.

Zergatik irudikatzen dira intsektuak beste animalien bidez?

Eltxoa azeria da. Asko galdu den metafora bat da, hemendik eta Japoniara erabili dena. Euria eta eguzkia, azeri boda esamoldea dugu han eta hemen. Euria eta eguzkia egiten duenean, ura berotu egiten da, eta milaka eltxo ateratzen dira; horregatik ezkontzen dira azeriak. Eta azeria eta eltxoa batzen dituen ardatza ardoa da. Hunt the fox ingelesez mozkorra da; coger una buena zorra ere bai gazteleraz. Otia deabrua da, eta ezin da izendatu, izendatuz gero agertu egiten baita. Inauterietako hartza, behia, zaldikoa eta oilarra dira otia. Lantzeko eta Lastovoko inauterien atzean dagoena ere, otia da.

Zergatik aukeratu dituzu bi herri horietako inauteriak?

Otiaren izurritearen bi mehatxu dira, bat zaldiaren metafora erabilita, eta bestea militarrena. Kontrako inauteriak dira: Lantzen panpina erraldoia da, eta Lastovon txiki-txikia. Miel Otxinek eskapu egin nahi du, eta txatxoek ez diote uzten. Lastovon, Pokladek [mezularia irudikatzen duen panpina] sartu egin nahi du, eta ez diote uzten.

Bi herri aukeratu arren, analisia inauteri guziei dagokie?

Inauteriei eta ezpata dantzei buruz aritu naiz. Ituren eta Zubieta, Sardinia eta Bulgariako inauterien atzean mandeulia dago. Durangaldeko ezpata dantzak ere mandeuliaren aurkakoak dira. Bertako euskalkian, ezpatie, ezpata ez ezik, mandeulia ere bada. Lehenbizi egiten da bandera handi bat pasatu, mandeuliak uxatzeko. Borroka egiten dutenean, intsektuaren muturrarekin eraso egiten dute. Eboluzio guzian, gizakiok eltxoa izan dugu lagun. Eta gurekin jarraituko du.

Inauterietako halako errituak zer dira ez bada erroa ulertzen?

Oraindik ere lehenago zena da. Kontua da mundu hau ezezaguna zaigula. Baina, hala ere, egiten jarraitzen dugu.

Zer ekarpen egiten du liburuak?

Lagun dezake aurreko egoerekin kritikoak diren ikuspegi berriak izaten. Espero dut gaur egungo gazteak gure belaunaldia baino koska bat gorago egotea. Izan dezatela dantza tradizionala interpretatzeko, ulertzeko eta egiteko modu bat, eta izan ditzatela hainbat liburu eta gorputz teoriko horretarako.

Honekin orain arteko lana itxiko duzu?

Bai. Urte batzuk baditut, eta aurten, premonizio baten gisan, lau proiektu interesgarri: liburua, Martin Zalakain ikuskizuna, Dantza filma eta udaberrian argitaratuko dudan liburu bat. Horrek ixten du gure sormen bizitza. Ez naiz erretiratuko, baina ezin naiz sartu urteak eskatzen dituen ikerketa lan batean.

Irakurle agurgarria:

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak