Dokumentuaren akzioak
Mozorroa eta puska biltzea hizpide, inauteri aurrean
Neguko festei, puska biltzeari, euskal dantzei eta genero ikuspegiari buruz arituko da, Oier Araolaza aditua, bihar, 19:30ean, Lizartzako kulturgunean. Iñauteriei mozorroa eranzten hitzaldia antolatu du Otsolar dantza taldeak eta, ondoren, meriendatzeko tartea hartuko dute.
Bi haritatik tiraka gidatuko du hitzaldia: batetik, mozorroei buruz arituko da eta, bestetik, puska biltzeari eskainiko dio tartea. Horiek, ordea, aitzakia besterik ez dira izango, beste gai batzuez aritzeko. Araolazak azaldu duenez, «tradizioaz, komunitateaz, kohesioaz, gizarteaz, ekonomiaz eta generoaz» arituko da: «Nola izan diren, eta azken urteetan nolako eraldatzeak izan dituzten».
Mozorroa eta puska biltzea inauteriekin soilik lotzen dute askok, baina, Araolaza erakusten saiatuko da, nola neguko festa gehiagotan ere betetzen diren ezaugarri horiek. «Konturatuko gara, mozorroak ez direla soilik inauterietan agertzen. Adibidez, beste neguko festa bat ere, arimen gaua, mozorro festa bat da, eta eske erronda bat dauka. Horiek identifikatuko ditugu».
Inauteriak aldatzen doazen festak direla dio, garai bakoitzak bere festa modua duela: «XX. mendean, ordea, festaren merkantilismoa gertatu da, nabarmena da interes komertzialak sartu direla festaren egituratze eta antolaketan, eta horrek norabide batzuk markatu ditu». Mozorroaren kasua da adibiderik garbiena. Garai batean etxeko traste eta arropa zaharrekin mozorrotzen zen jendea eta, egun, askok eta askok, erosi egiten dute. Era berean, eske erronden egituratzean ere baditu aldaketaren adibideak: «Neguko festa batzuetan eske errondak bertan behera geratu dira, eta opari edo ondasun truke hori kontsumoa bultzatzeko mekanismo bihurtu da. Gabonetan, adibidez, trukeko ekonomiatik kontsumoko ekonomiara pasatu gara, izan ere, puska biltzen ibiltzetik, Bizarzuri edo Olentzerori opariak etxeetara ekartzeko gaitasun magiko bat dutela aitortzera pasatu gara».
Festa horiek euskal kulturatik zer duten eta Europako kulturatik zerbait jaso ote duten ere aztertuko du. «Kulturaren joan-etorria etengabea denez, antzekotasunak ikusiko ditugu».
DANTZAK ERE HIZPIDE
Inauterien beste osagai bat ere aipatuko du hitzaldian, Araolazak: dantza. Osagai horren ezaugarriak «bitxiak» iruditzen zaizkio. Izan ere, mota zehatz bateko jantziekin egiten da, zuriz, eta apaingarri koloretsuekin. Eta dantza mota batzuk oso lotuta doaz elkarrekin, askotan, makila dantzak edo trokel dantzak izaten baitira.
Zentzu horretan, Lizartzan «ondare aberatsa» dutela dio, «meritu itzela» daukatela, inauterietako dantzei eutsi dietelako: «Lizartzako dantzak ederrak eta aberatsak dira, bai koreografikoki, eta baita musikalki ere».
Lizartzako inauteri dantzak genero berdintasuna aplikatzen «aitzindariak» izan direla dio. 2004an dantzatu zituzten emakumeek, lehen aldiz, inauterietako dantzak. «Horretarako, lizartzarrek lanketa bat egin zuten aurretik, borroka bat, tentsioak eta erresistentziak; inork ez zien Lizartzako emakumeei ezer oparitu».
Berdintasun kontzientzia batetik landu zuten aldaketaren gaia, Oier Araolazaren ustez, bide zuzenetik. Izan ere, bere arabera, «ez dauka inongo zentzurik dantza batean, erritual komunitario batean, gizonen eta emakumeen arteko bereizketa eta bazterketa aplikatzeak».
Dokumentuaren akzioak