Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mozorro eta tradizio artean

Dokumentuaren akzioak

Mozorro eta tradizio artean

Leku askotan eguraldi txarra egin duen arren, inauteri giro aparta izan da asteburuan Euskal Herri guztian.

Egilea
A. Arratibel / N. Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2007/02/20

Antzuolan sorgin dantza egin zuten herriko gazteek. Aspaldiko ohitura hori galduta egon zen urteetan, baina 1990etik urtero egiten da.

Elegante Eguna ospatu zuten , igandean Azpeitian. Jendea dotore-dotore irten zen kalera eguerdiko txikiteora: traje edo soinekoarekin eta aterkiarekin. Euria egin arren, goizaldera arte iraun zuen festak.

Hartzaren etorrera irudikatu zuten, halaber, Markina-Xemeinen. Kaleak girotzen ibili zentxistulari, txaranga eta dantzariekin batera. Aurreko urteko debekuaren ostean, antzarak ere itzuli ziren Markina-Xemeingo inauterietara.

Mundakan ere giro aparta izan zen. Eguerditik hantxe ibili ziren mutilak kolaio eta bisiguari kantatzen. Arratsaldean, berriz, emakumeen txanda izan zen, laminena, alegia. Iluntzean denak elkartu ziren, giro onean inauteriak ospatzera.

Baiona, Hazparne, Ziburu, Uztaritze edota Donibane Garazi, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat herritan inaute ospatu dute. Bakoitzak bere estiloan. Uztaritzen, oholtza gaina izan dute adierazpide. Herriko ehunka haurrek asteetan landu ikusgarria aurkeztu eta, Burrunka taldeko 16 perkusio jole eta bederatzi gaitariei hogei dantzari lotu ziren Ufaka Zanpaka ikuskizun berriaren estreinatzeko larunbat arratsean. Fandangoak Kongoko erritmoei elkartu zituzten, mitologian oinarritu pertsonaia onirikoak taularatzeko. Uztaritzeko kiroldegian ez zen aski leku izan, eta andana bat kanpoan gelditu zen. Barnera sartu ahal izan zutenak ez ziren damutu. Begien asetzekoa ukan zuten. Ikusi ezinik egon direnentzat izanen da besterik. Maiatzean Hendaian emanen dute. Beste estilo batean.

Donibane Garazin libertimendua eman zuten igande goizean. Bertsolariak eta Garaztarrak dantza taldeko gazteak Garaziko lizeoko zirtzilen zozokeriei ihardesten aritu ziren udaberriari ongietorria egiteko. Euria izanik, desfilerik ez zuten egin, eta merkatu estalian bildu ziren. Hotza nagusitu zen, baina zirtzilkeriek eragin irriek gorputza berotu zuten.

 

Azken txanpa

Gaur amaituko dira herri gehienetan inauteriak. Dena den, oraindik bada zerekin gozatu eta difrutatu.

Uztaritze

Zanpantzarren auzia

Atzoko atseden egunaren ondoan, indartsu ospatuko dute Uztaritzera biltzen direnek inauterietako azken eguna. Azkena izanagatik, ez da garrantzia gabekoa gaurkoa Uztaritzen. Izan ere, inauterietako egun nagusia ospatzen dute. Zanpantzarren auzia izango da eguneko hitzordu aipagarriena. Ekitaldi ikusgarria eta jendetsua da zanpantzarrena. 250 lagun inguruk hartzen dute parte: dantzariak, soinujoleak, antzezleak... Kalean ere makina bat jende biltzen da haiek ikustera.

Unanu

Etxean geratzea hobe

Uztaritzeko kaleak jendez beteko dia, baina Unanun inor gutxi ausartuko da gaur etxetik ateratzen. Ez da harritzekoa, mamoxarroak hantxe ibiliko baitira kalean ikusten dutenari atzea berotzen. Inork ez ezagutzeko, ondo mozorrotuta joango dira mamoxarroak. Adi ibili beharko dira, beraz, Unanuko herritarrak.

Lantz

Miel Otxinen azken zigorra

Gaur harrapatuko eta zigortuko dute azken aldiz Miel Otxin Lantzeko inauterietan. Hura harrapatu ostean erre egingo dute. Aldez haurretik Miel Otxin gaixoa herriko kaleetan ibiliko da goizean inauterietako beste pertsonaiekin batera: Zaldiko, Ziripot, txatxoak... Jende andanak egingo du haiekin batera frontoira bitarteko bidea.

Arizkun

Kintoak sagar eske

Txapel luzeak jantzi, eta puska eske aterako dira baserriz baserri kintoak gaur Arizkunen. Baina, lasai, ez dute dirurik eskatuko, baizik eta sagarrak. Eskuzabalak diren herritarrei, gainera, sagar dantza dantzatuko diete. Horrekin batera, kaleetan hartza ibiliko da. Aurten ere nekez hezi ahal izango dute, eta hortxe ibiliko da herritarrak izutzen.

Altsasu

Momorrotxoak

Bazkal ostean aterako dira momorrotxoak Altsasuko kaleetara. Lehenbizi kalejiran ibiliko dira Juantrapos, maskarita eta sorginekin batera. Ondoren, eurek bakarrik inauterietako dantzak eskainiko dituzte. Ohi bezala, odolez zikindutako jantzi ikusgarriak eramango dituzte jantzita.

Tolosa

Asteartitan ajerik ez

Dituzten azken indarrak botako dituzte gaur tolosarrek. Asteartita ospatzen dute gaur: jaietako azken eguna. Goizeko alboradaren ostean, Pattarraren zezena egingo da, eta 10:30ean sokamuturra. 11:30ean aterako dira azken aldiz konpartsak eta karrozak. Goiz osoan kaleak girotzen ibiliko dira. Arratsaldean, berriz, zezenak izango dira. 00:00ean egingo da sardinaren hileta, eta ondoren konpartsa guztiak kalejiran aterako dira Gure Txokoa elkartetik.

Dokumentuaren akzioak