Dokumentuaren akzioak
Mozorro ala zomorro?
Haren teoria ulertzeko, buruan izan behar dugu zein kezka zuen jendeak behinola. Lehen, jendearen kezka nagusia zen jan ala ez jan; eta gaixorik ez jarri. Hiltzea merke zen, eta uztak ezartzen zuen urte ona edo txarra izanen ote zen. Horrregatik, folklorean anitzetan agertzen da gosearen irudia. Gosea erraldoi tripontzi batek irudikatzen du Miel Otxin Lantzen, Markitos Zalduondon eta Zanpanzar Lapurdin, adibidez. Bide batez, Xamarrrek esplikatu zuen zanpanzar hitza frantsesetik datorrela, Saint Pansard hitzetik, eta tripontzi santua erran nahi duela. Miel Otxin bide lapurra da orain. Baina hori, Xamarren aburuz, gerora eginiko azalpen historizista da. «Den-dena esplikatu behar dugu, urduritzen baikara bertzela. Eta azalpena ez badakigu, bada, asmatu egiten dugu».
Aipaturiko erraldoi hori aseezina da, eta uzta osoa jaten du. Erraldoia, uzta suntsitzen duen intsektu izurria da. Eta izurririk ez etortzeko uzta salbatzeko, gizartea salbatzeko, arao egiten zaie intsektuei antzezpen baten bidez. Urbeltzen aburuz, mozorro hitza zomorro hitzetik dator, metatesi bidez Goizuetako pertsonaia zomorroa da, aldaketarik gabe. Mozorrotzea zomorrotzea da; eta mozorrotzen direnak txatxoak, momotxorroak, mamuxarroak zomorroen gisara aritzen dira jendea zirikatzen, izua zabaltzen, mina egiten. Goizuetan, zomorroarena egiten duena jendea kutsatzen saiatzen da, eta horregatik egurtzen dute.
Intsektuen teoriarekin segituz, Xamarrek gogoratu zuen inauteri anitzetan zaldiaren irudia ageri dela Zaldiko, Zamalzain. «Ez da euskararen kasua, baina hizkuntza askotan oti intsektuari zaldi erraten zaio», gaineratu zuen. Era berean, gogoratu zuen nola inauteriak neguan egiten diren, eta sasoi honetan zomorroak krisalidan daude.«Lanzko Ziripot eta Lesakako zakuzarrak krisalida handiakdira», erran zuen.
Hari beretik, bertze adibide bat paratu zuen, Iturengo eta Zubietako joaldunena. «Joaldunak isopoa du eskuan, hots, abere baten buztana, zomorroak uxatzeko. Joareek ere intsektuak uxatzen dituzte, metalaren bibrazioekin. «Eta pentsatzen ahal dugu ttuntturroaren xingolek txorimaloarena egiten dutela».
Xamarren iritziz, Urbeltzena azalpen logikoa da. «Behinola, mentalitate magikoa zuten», argudiatu zuen. «Eta bi gauza modu magikoan lotzeko, hitz bera edo antzeko hitzak erabiltzen zituzten; hala, izena eta izana ia hitz bera dira; eta mozorro eta zomorro».
Dokumentuaren akzioak