Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mozarten balet egin ezina estreinatuko du Ballet Biarritzek Irungo Amaia antzokian

Dokumentuaren akzioak

Mozarten balet egin ezina estreinatuko du Ballet Biarritzek Irungo Amaia antzokian

Komunikabidea
Berria
Tokia
Irun
Mota
Albistea
Data
2005/10/15

Parisen 1778an estreinatu zen “Hondar txiki batzuk”, sei aldiz taularatua izan zen, eta gero ahaztua. Mozartek balet batentzat konposatu zuen musika bakarraren partiturak XX. mendearen hasieran Parisko Operako liburutegian aurkitu ziren, baina orri guztiak nahastuak zeuden, eta inoiz ez da jakin benetako ordena zein den.



Thierry Malandain Ballet Biarrizko koreografoa baletaren munduan ezaguna da, eta egin ezinaren ospea duen lan hori egitea erabaki zuen. «Baletean, koreografo asko saiatu dira obra hori egiten, Mozartek egin zuen balet bakarra baita. Orain muntatu-ezinaren ospea du, ni horrekin jostatu naiz eta hainbat aipamen egin ditut», azaldu zuen Malandainek. Aipamenenez beteriko lana da, baita jatorrizko koreografiaz, historiaz eta bestelako jokoz ere. Koreografoa aipamen horiekin «jostatu» da eta ikuslea ere jostarazi nahi du obran zehar. Umoristikotzat definitu dute entseguak ikusteko aukera izan dutenek.



«Ikusleek ez dute “Hondar txiki batzuk” ikusiko, baizik eta beste bertsio bat, non jatorrizko bertsioaren aipamenak egiten diren. Nire baleta bukatzen denean, “Hondar txiki batzuk” hasten dela ematen du», azaldu zuen koreografoak.



Jean-Georges Noverrek egin zuen jatorrizko koreografia nolakoa zen jakiteko Malandainek ikerketak egin dituela azaldu zuen: «Bilatzen ari nintzenean aurkitu nuen Austriako egunakari baterako kazetaria zen Grimm baroiak (haurrentzako ipuinen sortzailea ere badena) balet horri buruzko komentarioak egin zituela egunkari horretan, eta gutxi gorabehera baletean zer gertatzen zen kontatzen zuen».



Oinarrian, plazerrari buruzko baleta da, istorioan Kupido eta maitasunari buruzko txantxak ageri dira. Noverrek balet hau txantxa bezala definitu zuen.



Aipamen umoristikoen artean, Noverre Maria Antonietaren artista maitatua zenez, erreginak hainbeste maite zituen ardiak koreografian sartzea erabaki du. 1778ko jatorrizko baletean, hasieran, txoriak agertzen dira, eta Malandainek 2005eko bertsioan txoriekin batera ardiak ere sartu ditu.



Jatorrizko ikuskizunetik bi jantzi berreskuratuak izan dira. Operako liburutegian aurkitu paperen artean andre baten eta gizon baten jantzien diseinua zegoen marraztua. Biarritz Balleteko diseinatzaileak jantziak egin ditu eta azken mementoan, “Hondar txiki batzuk” hasiko dela ematen duen mementoan, dantzariak jatorrizko jantzi horiekin agertzen dira.



Mozarten musika eta maitasuna dira “Mozart Ballets”ek osatzen dituen bi ikuskizunak elkartzen dituen haria. “Mozart à 2” baletak 1997an musikariaren pianorako kontzertu batzuekin egindako “Bal Solitude” (Bakardade dantzaldia) ikuskizuna hartzen du oinarritzat. Dantzaldi bat da obraren testuingurua eta bertan maitasun gertakariak erakusten dira.



Dantzaldia bakardadeak elkartzeko toki aproposa da, baita maitasun harremanak izateko ere, baina, aldi berean, ez dira luzerako bikoteak sortzen. Baletean bost bikote pasio eta oinazearen artean ibiltzen dira «samurtasunaren mapa» korrituz. Dena XVII. mendeko izpiritu onek bideratuta.







20 tokitan saldua izan da estreinatu baino lehen

Mozartek idatzi zuen balet bakarra taularatzeri eta Ballet Biarritzek nazioarte mailan duen ospeari esker, lana bukatua eta aurkeztua izan baino lehen Europako hainbat herrialdetan eta Estatu Batuetan saldua izan da. Irunen estreinatu eta gero, Suiza aldera joango dira, eta hilabete eta erdiz biran egongo dira. Otsailean Biarritzen eta Los Angelesen “Don Juan” obrarekin batera aurkeztuko dute. -







Autobusak antolatuko dituzte biarriztik irunera

I. E.



IRUN



Ballet Biarritzek Lapurdiko hiriaren izena hartzen badu ere, bazkideak mundu guztian zehar ditu, eta, noski, baita Euskal Herrian ere. Oraingoan Irungo Udalarekin egingo dute lan.



Duela zortzi urte Biarrizko Zentro Koreografiko Nazionala sortu zenetik, lehenengo aldiz estreinatuko dute balet obra bat Biarriztik kanpo. Horren arrazoia Irungo Udala eta Ballet Biarritzen artean izaten ari den elkarlana da. Balet konpainiak astebeteko egonaldia egingo du Irunen, hau da, Amaia Kultur Zentroan entseatuko du.



Biarrizko balet taldeak azken aldian sortu dituen koreografien artean, denak eszenatoki handietarako pentsatuak ziren, eta beste formatu txikiago batera egokitutako lan bat egitea beharrezkoa iruditu zitzaien balet taldeko arduradunei. Mozarti eskainitako baletak Euskal Herrian ohikoena den antzoki tamainara egokitutakoak dira.



Eszenatoki mota horretan ohituak ez diren dantzariek tamainara egokitzeko egingo dituzte entseguak Amaia Kultur Zentroan. Trukean estreinaldia han egingo da, eta Biarrizko balet-zaleentzat Lapurdiko hiritik Irunera autobusak izango dira.



“Mozart Ballets”eko bazkideak Biarrizko Zentro Koreografiko Nazionala, Los Angeles-eko UCLA Royce Hall eta Reims eta Saint Etienneko antzokiak izango dira.



Bidasoaren bi aldeetako harremanak balet mailan oso garatuak daude. Ballet Biarritz Donostiarekin 2000. urtetik lanean etengabe ari da, Arriaga antzokia ere askotan bazkide izaten da.

Dokumentuaren akzioak