Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Montrealdik Gasteizera

Dokumentuaren akzioak

Montrealdik Gasteizera

Les Ballets Jazz Montreal

Piezak eta koreografoak: Casualties of Memory (Itzik Galili), Soul (Andonis Foniadakis), Balcão de amor (Itzik Galili). Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Azaroak 2.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2019/11/06
Lotura
Berria
Egitarau hirukoitz batekin etorri da Montrealgo (Quebec) dantza konpainia handia Gasteizko Antzerki Jaialdira, eta ikusleek ederto bete dute hiriko antzoki nagusia.

Egitaraua Itzik Galiliren Casualties of Memory (Oroimenaren kalteak) piezarekin hasi da, konpainiako hamalau dantzari denak kulero/galtzontzilo eta barruko kamiseta gris edo marroiak jantzita zebiltzala. Hasiera batean duo frontal bat eratu dute argi zenital baten pean, emakumea gizonaren aurretik jarrita eta meditazio transzendentalera bideratzen gintuen musikak lagunduta. Baina, halako batean, Les Freres Grand eta Joseph Khouryren perkusio afrikarra hasi da —ordu erdi luze bat iraun du—, eta konpainia osoa sartu da Galiliren hain kuttunak diren talde-eboluzio geometriko-fisikoetan, batzuetan bikoteka, beste batzuetan hirunaka eta noizean behin talde osoa mugimendu kolektiboan inplikatuz.

Une batean aipamen subliminala egin diote Donostiako danborradari, dantzari bakoitzak —esandako piurarekin— bere danbortxoari egur emanda. Ez da lehen aldia koreografoak gai hori hartzen duena, 2011n Dantzaz konpainiarentzat sortu zuelako Flash Deluxe pieza, eta ez da harritzekoa, perkusio obsesiboa da-eta koreografoaren gai maitatuenetariko bat. Hala ere, oraingo honetan Galilik ez du inspirazio handirik erakutsi, eta dantzarien mugimendu gimnastikoak giharretan oinarritu dira benetako dantzan bainoago, noizbehinkako umore ukituak eta argi beti zurien erakustaldia gorabehera.

Atsedenaldiaren ostean, Andonis Foniadakisen Soul (Arima) etorri da. Hasiera benetan ikusgarriaren ostean —argi gorria eta rock kementsua nagusi— duo garaikide bati ekin dio eszenako bikoteak, biak ala biak praka zuriekin jantzita eta bularraldea agerian —neskak bere azalaren koloreko bularretakoa zeraman—. Hasierako gitarra indartsua Janis Joplinen soul eder baten parte zen —Joplinen zein soul ez da ederra?—, eta goitik eskegitako fokuek ere parte hartu dute dantza hartan, dilin-dalan, bikotekideek etengabe elkar erakartzen eta arbuiatzen zuten bitartean.

Hirugarren atalean Galiliren aspaldiko Balcão de amor (Amodio-salmahaia) etorri da —Sao Paulo hiriko balletarekin etorri zen Bilboko Arriaga antzokira 2016an—, eta ez dago dudarik amaiera ezin hobea eman diola egitarauari. Koreografia eta jantziak hasierako piezan baino askoz dotoreagoak eta koloretsuagoak izan dira, eta hainbat bolero eta mambo ezagunen doinupean jai tropikal bateko giroa irudikatu dute dantzariek, umore ukituak nagusi, eta dantzarako gaitasun itzela erakutsiz.

Dokumentuaren akzioak