Dokumentuaren akzioak
Mitoak kolokan jartzera dator Euskal Herria eta festak liburua
Iraultzailea. Juan Antonio Urbeltzen berbek eta Santi Yanizen irudiek bat egin dute lan horretan
Duda barik, eztabaida bipila sortuko duen liburuaren aurkezpena egin zuten atzo Bilboko Euskal Museoan. Bertara bildu ziren Bizkaiko Kultura diputatu Belen Greaves, Euskal Museoko zuzendari Amaia Basterretxea, Elkar argitaletxeko zuzendari Olatz Osa eta liburuaren bi egileak, Santiago Yaniz eta Juan Antonio Urbeltz.
Liburuaren aurkezpenarekin batera izen bereko erakusketaren berri ere eman zuten atzoko agerraldian. Euskal Herria eta festa argazki erakusketa gaur bertan zabalduko ditu ateak eta datorren azaroaren 14ra arte izango da ikusgai. Euskal Herrian urtean zehar ospatzen diren festen 73 irudi aurki daitezke bertan. Santiago Yanizek egindako argazkiak Urbeltzen testuez daude osatuta eta bost ataletan banatuta: Kaosetik ordena berri batera; Eguzkiaren igoera; Jaia eta gizartea; Jaia eta berrikuntza eta Urteko bigarren erdiko jaia.
Eztabaidari lekua
Azken 200 urteetan Euskal Herrian indartuz joan diren jai eta ospakizunen inguruko ideiak irauli egiten dituzte Juan Antonio Urbeltzen berbek Aurreko mende guztian zehar Antropologiak eta Folkloreak dantzak, jaiak eta, inauteriak eta herri kulturako beste hainbat adierazpen aztertzeko garaian izan dute joera positibista alde batera utzi, eta oso bestelako ikuspuntu bati heldu diogu guk, liburuaren hitzaurrean Urbeltzek biltzen dituen hitzok berretsi zituen atzo egindako aurkezpenean: «Hasiera batean testuak arazo asko jartzen ditu mahai gainean. Orain arte jaiek izan duten zentzua berreraiki egiten dugu mundu metaforikoan erantzunak bilatuz. Elementu dramatikoez baliatu da gizarte nekazaria kezka sortarazten zioten gaiak plazara eramateko», esan zuen atzo.
Baina Urbeltzek liburuan biltzen dituen ideia korapilatsuak, berak aditzera ematen duen modua, are gorapilatsuagoak izango lirateke Yanizen argazkiez lagunduta egon ezean. «Niretzako egi bihurtutako ametsa da hogei urteko lanari honelako amaiera ematea», adierazi zuen atzo bilbotarrak.
Juan Antonio Urbeltz
Iruñean sortu zen 1940. urtean. Euskal kultura tradizionala eta folklorearen alorrean dagoen pertsonairik esanguratsuenetako da Juan Antonio Urbeltz. Bere izenak leku berezia du euskal dantzaren historian. Merezita. Aitzindaria izan da bai planteamenduari dagokionean eta baita formetan ere. Baina horretarako ikerketa izan du abiapuntu. Berak esana da «Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu». Bide horri helduta, Argia Euskal Dantzari Taldearen arrakasta eragin du, bai eta zalantza eta eztabaida ere. Atzo aurkeztatuko lanak ildo berari eusten dio, folkloristek defendatutako mitoak botatzen baititu iruñearrak.
Santiago Yaniz
1980. urtetik da argazkilari profesionala. Santiago Yaniz (Bilbo, 1953) Kazetaritzan lizentziatu da eta bere ibilbide profesionalean argazkilaritza eta kazetaritza, biak ala biak, landu ditu. Ibiltari eta bidaiari nekaezina da. Argazki kamera eskuan, Euskal Herria eta Pirinioak muturretik muturrera ibili ditu. Mendizalea da bilbotarra eta gaur egun DEIA egunkarian mendiaren inguruko gertaeren berri ematen du, Lorea Madina durangarrarekin batera. Era berean, Euskal Herrian kaleratu diren etnografia eta geografia bildumetan agertu dira bere argazkiak: Mendiak, Itsasoa, Ibaiak eta Haranak, Arte e Historia, Itsas Basterra. Guía De La Costa Vasca, besteak beste. Liburu berri honetan azken 20 urtetan egindako irudiak bildu ditu.
Dokumentuaren akzioak