Dokumentuaren akzioak
Mito zaharrak eta pausu garaikideak
Izena duen guztia omen da
Siniskera kristaua heldu aurretiko euskal kulturaren mitoetan oinarritutako ikuskizuna prestatu du Aukeran dantza konpainia gipuzkoarrak, Izena duen guztia omen da izenburuarekin, zein Donostiako Feriarako prestatutako egitarauaren barne estreinatuko den. Aldez aurretik aurkeztutako lanekin aldaketa eta aurrerapausu nabarmenak erakusten ditu ekoizpen berriak, konpainia zuzentzen duen Edu Muruamendiarazek aitortzen duenez ³oraingoan, dantza garaikidetik abiatu garelako, nahiz eta euskal dantza tradizionaletik hartutako pausuak zein tangoan erabiltzen direnak moldatu eta tartekatu ditugun². Dantza mota desberdinetako fusioa erakusten duen ikuskizun honetako protagonista nagusiak euskal mitologian ezagunak diren zenbait pertsonai badira ere, hauen arteko maitasun istorioa ere isladatzen da. Ikuskizuneko pasarte batean, Lamiak agertzen direna alegia, protagonistetariko bat Lamia batetaz maiteminduko da, zeinek dantza garaikidea eta iradokitzailea egingo duen mutilari eta oinak erakutsiz. Gaztea, ohiturak dion bezala, hil egingo da bertan behera eta zerraldo moduan erabilitako Kaxarrankaren kutxan sartuko dute.
Tangoa eta zuberotarrak
Ikuskizunean tartekatutako beste pasarte bat isladatzeko, Neska ausarta eta Gauekoak azaltzen direna esaterako, jatorriz Buenos Aires hirikoa den tango dantza aukeratu dute. Gaua ikararen sinboloa bada eta Gauekoak desafiatzen dituena bere artean harrapatuta gelditzen bada, ³tangoak berez duen erakartasunaz baliatu gara² une hori oholtzan erakusteko. Ekoizpen berria gauzatzeko Euskal Herriko folklorean oinarritutako pausu eta dantzekin baliatu badira, egokitzapen eta aldaketa sakonak tartekatu dituzte. ³Lekeitioko Kaxarranka egiteko erabiltzen den kutxak, esaterako, abiapuntu paregabea eskaini zigun. Gure ikuskizunean hiru kutxa erabiltzen baditugu, jatorriz duen zentzua aldatu egin diogu, une batez perkusio musika-tresna bezala erabiltzen ditugulako eta gainean egiten dugun dantza klake itxurakoa delako². Zuberoako pausuak ere tartekatzen dituzte ekitaldian zehar, baina une horretan fandango erritmoaz baliatzen dira; eta antzerako zerbait egiten dute Oñatiko erritmoak erabiltzerakoan. Izena duen guztia omen da lana prestatzeko, zeharo aldatu dute taldekideek lan egiteko modua. Muruamediarazek dionez, ³Sutargi ikuskizuna egin genuenean aurreko lau urteetan sortutako koreografietan oinarritu baginen, oraingorako gidoitxo bat eman ziguten Garbi Losada eta Juan Antonio Vitoriak eta bertatik abiatu ginen ikuskizun berriaren muntaketa egiteko. Gure asmo nagusia, maiuskulaz idatzitako Ikuskizun Osoa egitea izan denez, koreografia guztiak berriak sortu ditugu².
Estetika sendotu
Losada eta Vitoria, gidoia idazteaz gain, eszena zuzendaritzarekin arduratu dira eta Losadak dioenez ³guretzat horrela lan egitea inportantea da oso, oraingoan hasiera hasieratik hartu baitugu gure gain ikuskizuna bere osotasunean prestatzea. Dantzariek koreografiak prestatu dituzte baina gure ardura ikuskizun guztia lotzea eta eszenarioa nola bete behar duten erabakitzea izan baita². Ezarritako asmoei erantzuna emateko estetika guztiz desberdina duen lana burutu dute Aukeranekoek, argiztapena, jantziak eta eszenografia sendoa prestatuz. Xabier Lozanok egindako argiztapen diseinuak giro berezi eta desberdinak nabarmentzeko erabiliko dituzte, zenbait koreografiatan ikusi ahal izango diren argi efektu bereziak tarteko. Muruamendiarazek aurreratu duenez ³momentu batzutan efektu bereziak lortu nahi ditugu eta, esaterako, tangoa dantzatzen dugunean soinean daramazkigun argi fosforeszenteak erritmoaren arabera mugituko dira, itxura baten, kutxa beltzaren barruan gaudelako².
Irudikapen abstraktoak
Eszenografiari dagokionez, goitik behera doan ziklorama grisarekin banatutako eszenarioan, lehen planoan dantzariak izango dira eta atzealdean berriz, musikariak. Zuzendariak dioenez ³ziklorama hori irudiak proiektatzeko erabiliko dugu eta, kasu batzutan, Mari, Erensugea, Lamiak, Gauekoak edo Basajauna azalduko badira, beste kasu batzuetan mito horien irudikapen abstraktoak erakutsiko ditu². Irudion asmoa zera da: ikuslegoak, koreografia desberdinen nondik norakoak galdu barik, uneoro dantzariek zein gai jorratzen ari diren jakitea. Konpainiak ekoiztutako sorkuntza berrian garrantzi nabarmena izango du Ramón Garcíak diseinatutako arropak, ³gure ezaugarrietariko bat jantziak zaintzea baita. Hala ere, oraingoan luxurik gabekoak aukeratu ditugu, ikuskizunak erakutsi behar duen laztasunarekin bat egiteko². Zikloramaren atzealdean kokatzen diren bost musikariek zuzeneko doinuak eskainiko dituzte une oro eta ikuskizun honetarako ohiko musika-tresnez gain, gitarra eta bajua gehitu dituzte. Pasarte batzutan, dantzariak izango dira abestu edo perkusioa astinduko dutenak. koreografoaren esanetan ³musikariekin jolastuko dugularik². Taldekideek aukeratutako doinuak, idatzitako gidoiaren arabera etorri dira. Ikuskizunean zehar doinu herrikoiak nabarmenduko badira, Pascal Gaigneren pieza bat eta Kepa Junkerak sortutako beste pare batekin osatuko da ikuskizuna. Muruamendiarazen esanetan ³guretzat konposizio berriak sortu eta tartekatzea ezinezkoa denez, aldez aurretik sortutakoak erabiltzera behartuta gaude².
Eskatutakoari erantzun
Konpainiaren sorkuntza berriak ³jendeak gero eta gehiago eskatzen duen ikuskizun mota bati erantzuna eman nahi dio² zuzendaria den dantzari bergararraren esanetan, nahiz eta ³dantza tradizionalean ari direnen aldetik kritikak jasotzen ditugun². Hala ere, ³batak bestearekin ez duela zer ikusirik eta beste motako ikuskizuna dela² esaten die kritikatzen diotenei.
Dokumentuaren akzioak