Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mistizismoaren dimentsiotik

Dokumentuaren akzioak

Mistizismoaren dimentsiotik

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2020/03/11
Lotura
Berria

<em>Dream</em> ikuskizuna.

'Dream'

Konpainia: Julien Lestel. Koreografia: Julien Lestel. Musika: Johann Johansson, Ivan Juliard, Nina Simone. Argiak: Lo Ammy Vaimatapako. Jantziak: Patrick Murru. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 9.

DFeriako lehen eguneko emanaldi nagusiak Julien Lestel konpainiaren bikaintasuna ezagutzeko parada eskaini digu. Dream (Ametsa) deitu da gurera ekarri duen koreografia, eta izenak iradoki bezala, ametsen mundura eraman gaitu, edozein figuratibotasunetik urrun eta, ametsen munduan bezala, irudi solte eta pasarte zatikatuekin eratuz gure izpiritua beste dimentsio batera eraman duen artelana.

Oso era lasaian hasi da guztia, agertokia hutsik egonik eta haren erdian satinezkoa zirudien oihal zimurtu bat besterik ez zegoela. Gizon biluzi bat azaldu da aurrena, eta gona luze bihurtu du zapi hutsa zirudiena. Beste dantzari bat agertu ostean, konpainia osoa etorri da gisa berean jantzita —bosna emakume eta gizon guztira—, eta hasierako minutu haietan izandako eboluzioak energiaz beteak eta zehatz-zehatzak iruditu zaizkigu, perkusio lehorreko zenbait ziklo gero eta azkarrago zihoazelarik.

Hala ere, aldi horretan, mugimenduaren diseinu abstraktua eta elkarrekin lotura argirik ez zuten dantza-saioen segida dantzarien erakustaldi itxura hutsetik hurbil ibili da hasierako pasarteetan. Ordea, une batetik aurrera, perkusio hutsa zena gorputzaren bulkadetan zentratu da, eta harekin batera gorputzen adierazpenean, erritmoek forma konplexuagoak hartzen zituzten bitartean. Dantzarien mugimenduak eguneroko keinu arruntetan oinarrituta zirudien batzuetan —oso era depuratuan dena den, inolaz ere era figuratiboan—, eta haiekin batera erritualak ziruditen beste jestu batzuk zetozen, dena era fluidoan, edozein aldaketa era ia subliminalean sartuta.

Lestelen estiloaren fisikotasun itzelari ohituta geundenerako, eta jantzi bariatuen zein argi diskretuen egokitasun perfektuan, erabateko bikaintasunera heldu dira pasarte guztiak Johann Johansson eta Ivan Juliarden musika ederretan bilduta: hiru dantzaritako hiru lerrotan jarrita ezustez beteriko koreografia ia mekanikoa burutu dute dantzariek zilar koloreko elastikoak jantzita; beste une batean automatak balira bezala ibili dira breakdancetik eratorritako mugimenduak haien ibilbide zoroetan txertatuz; beste batean, bost gizonek indar eta energia erakustaldi ederra egin dute, eta duo erromantiko ezinago eder baten ostean bi emakumek eta gizon batek espiritualtasun betean garatu dute koreografia hipnotiko bat, atzeko pantailan arimek igortzen omen dituzten aurak ikusten zirelarik. Nik, behintzat, ez nuen nahi pasarte sublime hura inoiz amaitzea, baina gero etorritako beste batzuek haren galeraz kontsolatu naute nolabait.

Azkenik, Nina Simoneren blues ezti batek girotu du azken bikotearen duo garaikide luzea, eta haren bikaintasunarekin egin dugu mistizismoaren eremutik mundu arrunterako berriz ekarri gaituen itzulbidea.

Dokumentuaren akzioak