Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mistizismo abstraktua

Dokumentuaren akzioak

Mistizismo abstraktua

'Sutra'

Koreografia: Alonzo King. Musika eta interpretazioa: Zakir Hussein, Sabir Khan. Eszena eta argien diseinua: Scott Bolman, Sabir Khan. Jantziak: Robert Rosenwasser. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Martxoak 7.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2019/03/12
Lotura
Berria
Zehatz-mehatz duela urtebete etorri zen Euskal Herrira Alonzo King Lines konpainia, Miarritzeko Gare du Midi antzokira ekarritako Biophony eta Sandpiezekin. King munduko koreografo handien artean dago, eta San Frantziskon fundatu zuen konpainia bere dantzarien bikaintasunarengatik da ezaguna. Orain, konpainiak Gasteizko Principal antzokira ekarri du iaz estreinatu zuen Sutraikuskizuna.

Antza denez, Budaren hitzaldiak dira sutra-k, eta haietan gizakiak argialdira heltzeko pausoak edo bideak azaltzen dira. Hortik abiatuta, kutsu mistiko nabarmena hartu du emanaldiak hasieratik bertatik, lehen emakume dantzaria erabateko isiltasunean eta ke-laino artean agertu denean, bere beso, esku, hanka eta oinekin lurrari bainoago aireari aipu eginez, hau da, izpirituaren eremu naturalari. Jarraian etorri den gizona bide beretik ibili da, aurrekoak bezala agertoki osoa bere presentzia hutsarekin betetzen, argien diseinu soil eta poetikoaren laguntzaz.

Horrela joan dira emanaldiko 11 dantzariak agertzen, eta horrela preziatu ditugu bai jantzien diseinu dotorea —emakumeak soineko arin eta laburrekin eta gizonak prakekin, bularraldea agerian—, bai dantzari guztien bikaintasuna. Orduan ere baieztatu dugu haien guztien heziketa klasiko zorrotza, eta gozagarria egin zaigu oinarri horretatik molde garaikidera ekarritako estiloa. Era berean, aipatzekoa da konpainiaren askotariko arrazen osaketa, horrek mugimendu-kalitate diferenteak dastatzeko aukera eman digulako.

Bide horretatik, eta Miarritzeko bi lanetan bezalaxe, banakako agerraldi laburren segidak burutu dituzte, banaka nahiz taldeka, eta haietan presentzia nabarmena hartu dute istant bat irauten zuten airetiko figura estatikoek eta lurretik egindako talde-eboluzio geldoek. Bitartean, kutsu hinduistako musikak girotu du bidaia mistikoa, eta pasarte kolektibo batzuetan agerikoa izan da eboluzioak musikaren inflexioen araberakoak zirela. Kingen beste lanetan bezala, nolabaiteko pisua eduki dute naturaren soinuek eta animalien —batez ere hegaztien— irudiek, seguruenik haiek irudikatzen dutelako hobekien izpirituaren izaera.

Ordea, une jakin batean, arropa multzo handi bat agertu da eszenan, eta hortik aurrera etorri diren pasarteak dantzarekin bainoago denbora edozelan betetzearekin egon dira lotuak. Lastima! Eskerrak dantzariak berde-zilar tonuetako jantziekin agertu direnean igoera garbia antzeman dela dantzaren diseinuan. Harrezkeroztik, berriz ere etorri dira birtuosismoz betetako agerraldi pertsonalak eta taldekako koreografiak, betiere norbanako bakoitzaren erabateko protagonismoan zentratuta eta dantzarien askatasun pertsonalari lehentasun osoa emanez. Gauzak horrela, gero eta eremu antzuago batean sartzen joan da koreografoa, eta azkenean dantzarien bikaintasuna eskertu dute bereziki ikusleen txalo beroek.
<em>Sutra</em> ikuskizuneko irudi bat.
Sutra ikuskizuneko irudi bat. ALONZO KING LINES KONPAINIA 

Dokumentuaren akzioak