Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mirari Zubizarreta: "Dantzari izanda zaila da soldata bat lortzea"

Dokumentuaren akzioak

Mirari Zubizarreta: "Dantzari izanda zaila da soldata bat lortzea"

Denbora luzez dantza izan du bizibide Mirari Zubizarretak (Azpeitia, 1969). Gorputzarekin duen harremana utzi gabe, beste bide bat hartua du egun. Ihintza Elustondo kazetariak honako elkarrizketa hau egin dio azpeitiarrari, Uztarriaren 211. zenbakirako.
Komunikabidea
Uztarria
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/12/26
Lotura
Uztarria

Gaztea zela egin zuen topo Mirari Zubizarretak bere pasioarekin: dantzarekin. Probatu bezain laster jakin zuen dantzaria izan nahi zuela eta horretarako behar zen guztia egingo zuela. Baita lortu ere: urte askoan dantzari profesionala izan da. Ibilbide horretan, une gozoak nahiz gaziak bizitzea tokatu zaio, eta horien guztien errepasoa egin du, patxadaz.

Mirari Zubizarreta. (Ihintza Elustondo)

Nola murgildu zinen dantzaren munduan?

16 urte nituela hasi nintzen dantzan Donostian, Maite Fagoagarekin. Hark esan zidan dantzari profesionala izateko beranduegi zela ordurako, normalean, 4-5 urterekin hasten zela jendea dantzan. Esan zidan niretzat aukerarik onena Bartzelonara edo Madrilera joatea zela, leku horietan bazeudelako eskolak jende helduagoarentzat. Eta 18 urte betetzean, Bartzelonara joan nintzen.

16 urterekin dantzan hasi, eta 18rekin Bartzelonara joan. Argi zenuen zein zen zure bidea.

Beti eduki izan dut Azpeititik irteteko gogoa. Umea nintzela, lehen aldiz oporretara joan nintzenean, harrapatu egin niduen esperientzia hark, eta mundua ezagutzea nahi nuen ordutik. Gero, dantza agertu zen nire bizitzan, eta kanpora joatea gomendatu zidatenean, nire ahizpa Bartzelonan bizi zenez, hara joatea erabaki nuen. Nire garaian ez zen jende asko joaten kanpora ikastera, eta niri gurasoek horretarako aukera eman zidaten; asko eskertzen diet hori.

Zerekin egin zenuen topo Bartzelonan?

Ahizparekin joan nintzen etxe batera bizitzera, eta zentzu horretan, bere babesa sentitu nuen. Baina dantzari dagokionez, beste mundu batekin egin nuen topo. Asko gustatu zitzaidan aurkitu nuena, baina kostatu egin zitzaidan mundu hartan sartzea. Izan ere, nire adineko jendea ia profesionala zen han, eta ni orduantxe ari nintzen hasten. Dena den, konturatu nintzen dantza ez dela balleta eta konpainia handiak bakarrik, beste mundu zabal bat zegoela ikusi nuen, eta hor bazegoela lekua niretzat. Dantza garaikidea, dantza antzeztua... ezagutu nituen, eta bide horretatik jo nuen. Nik argi neukan konpainia handiek eskatzen zituzten baldintzak ez nituela beteko, baina beste aukera bat ere bazegoen: talde txikiak elkartu ginen, entseatu egiten genuen, gure koreografiak muntatu, aurkeztu...

Zer kostatu zitzaizun gehien?

Lehenik, gorputzeko lana; exijentzia batzuk jarri zizkidaten, eta ordu asko sartu behar izan nituen maila horretara iristeko. Eskolara joan aurretik, etxean ariketak egiten jarduten nuen, goizeko bostetan jaikita eta. Emozionalki ere kostatu zitzaidan: teknikoki eta gorputzean nituen mugekin, beldurrak eta segurtasun falta nituen, eta horiek ez zidaten uzten asko irekitzen. Sentitzen nuen gauza asko falta zitzaizkidala. Horregatik, paraleloki mundu emozionala lantzen hasi nintzen, ikusten nuelako alde batetik aurrera egitea nahi banuen, beste bidea ere landu beharra nuela. Ordutik, gorputzaren eta emozioen bideak beti elkarrekin landu ditut.

Nola, adibidez?

Formazioak egin ditut, eta koreografiak, teknikatik beharrean, emozioetatik abiatuta muntatu izan ditut. Sentitzen nituen gauzak mugimendura eramaten nituen, terapia modura. Hori asko landu izan dut.  

Uste duzu dantzak balio duela terapiarako?

Niri asko balio dit, eta uste dut jende askori balio diola, kanalizazio bat delako. Agian, ezin dugu bideratu gure barruko mundua hitzez, eta gorputzak hori adierazteko sekulako aukera ematen du,musikak, antzerkiak edo pinturak bezala. Asko askatzen du gorputza mugitzeak; gorputza asko ixten da, eta dantza asko erabil-tzen da barruko gauza horiek denak askatzeko eta beste harmonia batean sartzeko sentimenduekin.

Bartzelonan hainbat urte eman ostean, Marbellara [Espainia] joan zinen bizitzera. Zer aurkitu zenuen han?

24-25 urte nituela, hara ezkondu nintzen. Han flamenkoa lantzen zuen eskola batean sartu nintzen, eta flamenkoa nahiz sevillanak ikasi nituen; horrez gain, eskolak ematen ere hasi nintzen. Flamenkoa lantzen zuen talde jator bat topatu nuen han, eta beraiekin hasi nintzen koreografia batzuk muntatzen eta. Gero, konpainia batean sartu nintzen, eta lan asko egin genuen hoteletan ikuskizunak eskaintzen. Beti ibili naiz eskolak ematen eta nire gauzak egiten, aldi berean; baita Bartzelonan ere.

Zenbat denbora egin zenuen Marbellan?

Zazpi-zortzi urte. Bizitza pertsonalean aldaketa batzuk gertatu zitzaizkidalako utzi nuen Marbella. Bizitzan prozesu asko pasatzen dira, eta batzuetan zaildu egiten da bidea: ama izan nintzenean, adibidez. Izan ere, sormenaren mundua bizitzeko ez da erraza. Agian, zortzi ordu ematen nituen konpainiarekin lanean egunero; batzuetan, goizeko hiruretan bukatzen nituen entseguak. Eta ez da hain erraza dinamika hori ume batekin, bikotekidearekin... uztartzea. Errealitate horiek asko erretzen dute pertsona, eta erabakiak hartzera behartzen zaituzte. Konpainia laga nuen semearekin gehiago egoteko, eta dibortziatu egin nintzen. Orduan laga nuen behin betiko dantza; ez nintzen iristen denera. Horren ostean, prozesu emozionalak, yoga, bioenergetika... gehiago lantzen hasi nintzen, eta bide horretatik jarraitu dut gerora.

Zaila egin al zaizu dantzari lanbidea bizitza pertsonalarekin uztartzea?

Bai, eta umerik izan gabe ere bai. Izan ere, dantzari izanda oso zaila da soldata bat lortzea. Zure gauzak sortzen dituzu, baina gero hori saltzea eta horrekin bizitzea ez da batere erraza. Agian, urtebete pasatzen genuen muntaia bat egiten, eta gero bi egunetan baino ez genuen aurkezten jendearen aurrean; eta batzuetan, ez genuen dirurik irabazten horren truke. Horregatik, sormen lanarekin batera, beti egin dut beste lan mota bat: eskolak eman, adibidez. Urte batzuk pasatu nituen saiatu eta saiatu, baina iristen da puntu bat non hasten zaren energia gehiago eskaintzen eskolak emateari, eta joaten zaren poliki-poliki sorkuntza lana gutxitzen. Niri hori gertatu zitzaidan. Batzuk bai, baina gutxi bizi dira sormen lanetik bakarrik.

Dantza asko gustatu arren, lanbide bihurtzen denean, beste era batera ikusten dira gauzak?

Bai. Orain 49 urte ditut, eta dagoeneko dantza ez da nire lanbidea. Dena den, berdin jarraitzen dut gorputza lantzen eta ikasten. Orain, yoga, terapiak eta sormen dantza lantzen ditut, baina profesionalki ez dut egiten ja dantza. Ez dut egiten bizitzeko dirua behar dudalako, eta diru hori lortzea oso zaila ikusten dudalako dan-tzaria izanda. Bizitzeko behar dudan soldata izango banu, koreografiak muntatzen, jendea formatzen... lan egingo nuke.

Emozioen munduan murgilduta zabiltza gaur egun. Zer deskubritu duzu arlo horretan?

Asko mugitzen gaituztela emozioek. Gorputza somatizazio bat da: gorputzean pasatzen den dena gure emozioen eta energiaren isla da. Beldurrak eta segurtasun falta ditugu, gauza asko daude gure barruan, eta gorputzak adierazi egiten ditu; batzuetan minez, eta besteetan, beste era batera.

Urte asko eman zenituen kanpoan bizitzen. Erraza egin al zitzaizun jaioterrira itzultzea?

Hamahiru bat urte izango dira Azpeitira etorri nintzela, eta ez zitzaidan hain erraza egin bueltatzea; alde batetik bai, eta bestetik, ez. Nire gertuko jendea hemen dago eta gustura nago, baina oraindik gustatzen zait hemendik mugitzea. Marbellara ez, baina Bartzelonara asko joaten naiz lagunak ikustera nahiz formazioak egitera.

Zer eman dizu urte guztiotan dantzak?

Gauza asko. Batez ere, bizitzeko era ezberdin bat; egituretatik kanpo bizitzen ikasi dut, nahiz eta gero egiturak bilatu behar izan ditudan mantentzeko. Horrez gain, jende eta bizitzeko modu ugari ezagutu ditut, eta horrek burua ireki zidan gaztea nintzela. Lana eta esperientzia ere eman dizkit, eta beste modu batean mugitzen ikasi dut. Gainera, beste diziplina batzuk ezagutzeko aukera ere eman dit: bide emozionala eta energetikoa, esaterako.

Ez al duzu faltan sumatzen lehen bezala dantza egitea?

Bai, asko, hori baita nire pasioa. Dena den, orain, profesionalki aritzen ez naizen arren, egongelan musika jarri eta aspertu arte egiten dut dantza. Pena eman zidan dantza uzteak, baina dantzaz aparte, beste gauza asko egin ditut, nire barne mundua etengabe lantzeko, eta beste gauza horiek dantza adina gustatzen zaizkit. Pertsona orokorrean interesatzen zait, eta beti ari naiz gauza berriak deskubritzen.

Gaur egungo gizartean, gorputzari behar beste kasu egiten al diogu?

Egiten zaio kasu, baina askotan, itxura fisiko jakin bat mantentzeko helburuarekin: irudi bat emateko edo argala egoteko. Baina irudi-tzen zait oraindik asko falta dela gorputzaren kontzientzia hartzeko. Gorputza fisiologikoki hartzen badugu, egitura bat dauka: hezurrak, giharrak, tendoiak... Eta hori guztia zertarako da? Giharrek egitura hori heldu egiten dute. Baina zenbatek lantzen dituzte giharrak egitura horri eusteko? Jende gehienak egiten du ipurdia bere lekuan edukitzeko edo giharrak izateko. Eta hori ondo dago, baina gorputza beti eduki beharko genuke elastiko eta tonifikatuta; izan ere, adinean aurrera egin ahala, giharrak landu gabe baldin badituzu, egitura hori erori egiten da. Gorputza ez da landu behar itxuragatik bakarrik, baita osasunerako garrantzitsua delako ere. Egitura eusteko giharrik ez badaukazu, minak hasten dira adinean aurrera egin ahala.

Dokumentuaren akzioak