Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Minetik hazten den artea

Dokumentuaren akzioak

Minetik hazten den artea

Mina arte sorkuntzarako oinarri

Askotariko gertaerek eragindako oinazea da arte sorkuntza katartikoen oinarria. Min intimo zein publikoak lantzen dituzte. Sendatzea edo ulertzea, edo, gutxienik, horretan saiatzea izan ohi da helburua.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/11/21
Lotura
Berria

Igo da dantzaria oholtza gainera. Koreografia dantzatzen hasi da, eta, halako batean, hartu du aizkora, eta zuloa egiten hasi da lurrean. Jo eta jo. Tranpa oholeko zuloa begiratu, burua sartu, eta buruz behera barneratzen hasi da desagertu arte. Asier Zabaleta da dantzaria, Kareak erre ez duena emanaldian, Joxi Zabala eta Joxean Lasaren omenez egindako ikuskizunean. 30 urte dira errefuxiatu tolosarrak bahitu, torturatu eta hil zituztela. Oinaze horretatik abiatuta, artea sortu dute orain. Minez zipriztindu dituzte ikusleak. Eta katarsi txiki bat sortu da.

Izan ere, mina askotan artea sortzeko oinarri izaten da. Harkaitz Cano idazleak dioenez, mina dagoen tokian aukera bat dago artea egiteko. Oinazeak, baina, adiera ezberdinak izan ditzake. Kezka gisa ulertzen du Canok, kezka historiko, pertsonal, intimo edo sozial gisa. Moraza filosofoaren hitzak ekarri ditu gogora: «Zergatik astronomia ez da artea? Ez dagoelako minik». Erantzun hori eztabaidagarria dela onartu du, baina, haren aburuz, neurri batean behintzat, oinazea beharrezkoa da artean, nahiz eta modu ezberdinetan landu daitekeen: trataera katartikoa, ludikoa, irri egiteko...

Miren Agur Meabe idazlearen ustetan ere, mina eta sorkuntza sarritan daude uztarturik. «Literaturaren historian, zenbat testu ez zaizkie zor heriotzak edo bidegabekeriek edo desamodioak edo haurtzaroko traumek edo bizitzari buruzko pesimismoak eragindako minari. Eta, bestalde, zenbat aldiz ez du minak dena herrestan eramaten, sortzeko gogoa barne. Horra hor idazle suiziden kasuak». Oinazeak hainbat aurpegi dituela azaldu du: amorrua, depresioa, errukia, beldurra…

Arte sorkuntzarako baliagarri den oinazea intimoa izan daiteke, baina baita publikoa ere. Canok egin du bereizketa, eta min publikoa azaldu du: «Gertaera publiko bat, historiko bat, eta nolabaiteko deskontentua gertaera hori ahaztu delako edo norberaren edo bere inguruaren aburuz ez delako merezi zuen moduan kontatu». Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) hartu du oinaze intimoaren adibidetzat, eta Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz (Susa, 2013) publikotzat —hiri baten eta gizartearen aldaketaren salaketa egiten du poema liburuak—. Raul Zuritaren Inri poema liburua ere (Visor, 2004) kokatu du min publikoaren eremuan, Txileko diktaduran hegazkinetatik itsasora eta basamortuetara botatzen zituztenen omenez idatzi zuen. Zurita bera ere torturatu egin zuten.

Aukera bat da mina, baina helburu bat ere beharrezkoa du arte sorkuntzak. Oinazea gainditzeko edota ulertzeko saioa izan daiteke: «Mina gainditzen saiatu eta batzuetan gainditu ez, edota ulertzen saiatu eta bestetan ulertu ez, baina saiatze bat badago, nahiz eta, beharbada, askotan ez den lortzen. Ez diot arteari botere sendatzaile erabatekoa ematen, baina saiatzearen balioa bai», dio Canok. Fernando Guzzonik zuzendutako Carne de Perro filmean, lanik gabe geratzen den torturatzaile bat agertzen da: bakarrik geratu da, ez dago burutik ongi, eta, halako batean, ikusleak pertsonaiaren gainbeherarekin enpatizatzea lortzen du. Alejandro Goi, torturatzailearen rola jokatu zuen aktorea, torturatu egin zuten Txileko diktaduran. Prentsa aurreko agerraldian esan zuenez, saiatu zen torturatzailearen larruan jartzen, ulertzen, baina ez zuen lortu.

Meabek berak azaldu du Kristalezko begi bat liburuaren sorburuan bizitzako galerek eragindako mina dagoela. «Uste dut denborak bere lana egiten duen bitartean minari buruz idazteak mina eramaten laguntzen digula». Izan ere, gizakia izateak mina dakarrela gogorarazi du, ezinbestean. Oinazearekiko elkarrekintza nola kudeatu da gakoa.

Katarsiaren bila

Neurri batean, katarsi baten bila ibiltzen da minetik artea sortzen duenak. Izan ere, Aristotelesek erabilitako printzipioaren arabera, tragediaren bidez ikusleek beren grina makurrak pertsonaiengan antzematen baitzituzten, eta merezi zuten zigorra ikus baitzezaketen, norberak nozitu gabe. Katarsiak purifikatu egiten zuen, alegia, eta ikusleari aurrera egiteko indarra eman. Canoren aburuz, zauri sendaezin bat, galera bat, trauma bat duena ezin da amildegi ilun horri begira bizi, baina ezin dio bizkarra eman betiko. Erdibidea bilatzen saiatzea da katarsiaren balioa, idazlearen esanetan. Meabek ere katarsiarekin lotu du oinazetik sortutako artea: «Sormen-lana izaten da liberazio modu bat eta askatzeko modu bat, arindura-uneak eskaintzen baititu, barrutik kanporako ibilbidea egin ahala».

Imanol Zurutuzak antzeko zerbait bilatu zuen Errautsera arteko sugarra eleberria idazterakoan (Elkar, 2002). «Ez dakit katarsia den hitza, baina nik argi daukat dolua eramateko eta doluaren prozesuan aurrera egiteko modu bat izan zela», azaldu du. Lehenago literaturaren munduan ibilia bazen ere, aspaldi utzi zion idazteari, bere esanetan, ez zuelako deus kontatzeko. Oinazeak, baina, beharra sortu zion, kontatzeko premia. Horregatik, haren ustez, mina artea sortzeko motibazioa izan daiteke. «Erosoa ez da, baina premia hain da handia, oinaze horri aurre egiten zaio».

Minetik abiatuta katarsia lortzen duten sorkuntzak zineman ere ikus daitezkeela azaldu du Canok. Jonathan Teplitzkyk zuzendutako The Railway Man filma (2013) aipatu du, nahiz eta ez duen oso atsegin. Bertan torturatua izandako pertsona batek torturatzaile izandako beste batekin duen harremana kontatzen da. «Berak nahi zuen mendekatu, baina aukera duen momentuan, ez du sentitzen espero zuen lasaitasuna. Orduan tortura hori erritu bihurtzen du, gogorarazi egiten dio egindakoa, badago umiliazio pribatu bat, baina ez du torturatzen, antzezpen bihurtzen du tortura», azaldu du. Idazleak ez daki zer lor daitekeen horren bidez: barkamena, ulermena... baina katarsia izaten dela azpimarratu du.

Katartikoa da Daniel Martinez Cunill erbesteratu kolonbiarraren Diario de una tortura testua ere (Tortura baten egunerokoa). Egileak dio minak edertasuna sortzeko gai izateraino eboluzionatu duela, eta zoritxarren lekukotasunak literatura, plastika, musika eta dantzaren eragingarri direla. «Artearen bidetik oinazea manifestu, salaketa unibertsal eta, batzuetan, bere antitesi —gozamen— bihurtzen da». En Resistencia dantza konpainiak berak idatzitako testuan oinarriturik sortutako koreografia ikusi ondoren esan zuen.

Oinazea ageri-agerian

«Bizitzaren arterik indartsuena, oinazea talisman sendagarri bihurtzea». Frida Kahlo margolariarenak dira hitzok. Min fisikoa txikitatik sufritu zuen, 16 urterekin kamioi istripua izan baitzuen. Bere margolanetan oinaze hori erakutsi zuen behin eta berriz. Harekin batera, antzu geratu izana eta maiteminak izan zituen obraren iturri. Oinazea gordinki azaltzen dute haren margolanek, 1944an sortutako Bizkarrezur hautsia koadroak, kasurako.

Oinazea ageri-agerian azaltzen duten arteetako bat body art deritzona da, hau da, artistak bere gorputza sorkuntzaren euskarri material gisa erabiltzen duen artea. «Minaren erabilera muturrekoa, hainbat jenderentzako artearen muga-mugan sartzen dena, nor bere burua zauritzeraino heltzen diren artistak», dio Canok arte horri buruz mintzatzean. Regina Jose Galindo guatemalarra, salaketa egiteko, Guatemalako hirian dagoen parlamentutik justizia jauregira joan zen, oinak odoletan zituela. Arestian aipatutako Raul Zurita txiletarrak ere bere burua zauritu du behin baino gehiagotan, diktadura salatzeko. Begietan amoniakoa bota zuen, eta masaila erre zuen burdina gori batekin.

Gorputza erabiltzen duten arteen artean dira akzionismoa eta performancea ere. Lehenbizikoa 1960. urtean sortu zen, Vienan. Arte instituzionalizatuaren aurkako erantzuna izan zen. Ezarritako kulturaren arau eta oinarri moralak hausteko ekintzak egiten zituzten, gehienetan biolentoak eta eduki sexual handikoak. Horretan ibili ziren Hermann Nitsch, Guenter Brus, Rudolf Schwarzkogler eta Otto Muehl, eta Artea Suntsitzeko Lehenbiziko Sinposiuma antolatu zuten haien burua ezagutarazteko.

Performanceari dagokionez, ezaguna da Marina Abramovic serbiarra. Mina modu argi eta bortitzean erabili izan du obra askotan. 1973an egin zuen bere lehenbiziko lana: 10 erritmoa. Eskuko hatzen artean kolpeak eman zituen labanarekin, eta ebakia egiten zuenean beste labana bat hartzen zuen. Kamera batek dena grabatu zuen, eta, ondoren, performancea errepikatu zuen, bideoan ikusi zituen akats berberak eginez. Beste lan batzuetan, mugimenduetan eta buruan modu ezberdinez eragiten zuten bi droga hartu, konortea galdu arte musu eman edo bi mila kilo hezurrei haragi zatiak kentzen ibili zen.

Bide beretik, Abel Azkona iruindarrak minean oinarritutako performance anitz egin ditu. Berak dio «barne zauria» ikertu eta esploratzeko hasi zela arte mota horretan, eta etengabe lantzen duela bere mina. «Nire lana ez da antzeztutakoa; nik benetan esploratzen dut barruan dudana, eta gaizki pasatzen dut. Negar egiten dut, antsietate arazoak izaten ditut, mina... Kanporatu egiten ditut nire barne min horiek, ikusleak errealitatea ezagut dezan», azaldu zuen urtarrilean BERRIAri eskainitako elkarrizketan. Jendea eskandalizatzeko arrazoia ere azaldu zuen: oso gertuko zerbait ukitzea.

Iraganeko mina

Minari loturik dago memoria historikoa. Canok gogora ekarri du Buenos Aireseko kaleetan (Argentina) harlauzak jarri dituztela jendea desagertu zen tokietan, gertatu zena azalduz. Txilen, berriz, Memoriaren Museoan egiten ari diren lana inbidiaz ikusi du idazleak. Diktadura garaia kontatzen dute, hau da, gertaera batzuek eragindako minari dedikatutako museoa da. Dirudienez, minaren tabua hautsiz doa zenbait tokitan.

Euskal Herrian gatazka armatuak sortutako mina ere agertzen da arte sorkuntzan. Cano beraren Twist eleberrian (2011, Susa) oinaze hori ageri da. «Minaren territorioa sakratua da. Hor sartzen zarenean, kontu handiarekin ibili behar duzu». Kontuz ibiltzeak kontatzen duzunarekin zehatzago izatea edo harekiko enpatia zein erantzukizun handiagoa sentitzea ekar dezakeela uste du. Bestalde, Willy Uribek argazkigintzaren bidez lantzen du mina. ETAk norbait hildako tokien irudiak hartzen ditu, lekua nola dagoen eta ezer adierazten duen ikusteko.

Canok, baina, arrisku bat antzeman du: gatazka armatua bukatuta, iragandako sufrimendua tabu bihurtzea, bere garaian 36ko gerran gertatu bezala. Hau da, aitatxi eta amatxiei leporatutako huts bera egitea: «Zer eta nola kontatuko zaie? Ez ote gara gure tabua eratzen ari, garai batean aitona-amonei leporatu genien gauza bera berrituz?». Horretan guztian arteak ere izanen du zer esan eta zer kontatu.

Dokumentuaren akzioak