Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Militantzia eta prekaritatea

Dokumentuaren akzioak

Militantzia eta prekaritatea

Dantza eta antzerki garaikidearen egoeraren berri eman dute hainbat euskal sortzailek, Bilboko BAD jaialdiak udaleko ordezkariekin batera antolatutako topaketa profesionalean
Egilea
Iñigo Astoz
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2020/10/20
Lotura
Berria
https://www.berria.eus/argazkiak_papera/BERRIA/d20201020/p030_f01w768.jpg
 Bilboko Udaleko ordezkariak, BAD jaialdiko zuzendaria eta festibalean parte hartuko duten euskal sortzaileak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Niretzako, dantza militantzia bat ere bada, bizitzeko filosofia bat, ez bakarrik lanbide bat, eta, prekaritatearen ondorioz, amodio-guda moduko bat bihurtzen da hori maiz: etsigarria da batzuetan, baina, era berean, gustatzen zaizu gasolina hori, eta zuk erabakitzen duzu jarraitzea, baina eskertuko genuke gauzak erraztuko balitzaizkigu». Aiala Etxegarai dantzari, koreografo eta Input konpainiako buruak eskari zehatz batekin borobildu zuen atzo lanbidearekiko pasioari buruzko aipamenarekin hasitako azalpena. «Gure lanbidea gainontzeko lanbide guztiak bezalakoa izatea nahi dugu: baloratu dezatela, eta ez dadila egon besteen azpitik. Medikuak badu, dantzariak ere bai. Ingeniariak badu, dantzariak ere bai, eta koreografoak, eta ekoizleak, eta... Berdintasun hori». Bilboko BAD antzerki eta dantza jaialdiak antolatutako topaketa profesionalak eman zion eskaria plazaratzeko aukera. Prentsaren aurrean, beren lanbideaz eta erakundeekiko hartu-emanaz hitz egiteko gonbita jaso zuten festibalean izango diren hiru euskal sortzailek, eta Bilboko Udaleko eta jaialdiko ordezkariekin batera izan ziren hizketan Etxegarai bera, Koldo Arostegi dantzaria, eta Benetan Be konpainiako Xabier Basterra ekoizlea.

Arostegik igandean aurkeztu zuen Bobo bakarkako dantza pieza BAD jaialdian, esaterako. Aurrez ere eskainia zuen, baina proposamena aldiro berritzen da. «Oraingoan, esaterako, sekula egin gabeko bi edo hiru eszena egon ziren piezan; bakarrik dantzatzen dudanez, aldiro aldatuz noa». Eta moldagarritasun hori izan zuen mintzagai Arostegik, erakundeei zer eskatuko liekeen galdetutakoan. Sortzaileak ulertzen saiatzeko eskatu zien, zehazki. «Ulertu behar dute gure bizitza oso aldakorra dela, eta lanean etengabe gabiltzala rol batetik bestera. Proiektu batean dantza egiten dugu; beste batean laguntzaileak gara, zuzendariak...».

Bilbotarra da, baina 17 urte zituenez geroztik aritu da kanpoan ikasten, eta Bartzelonan, Londresen eta Amsterdamen hamabost urte egin ostean itzuli da Euskal Herrira. «Badugu babesa, baina gauzak gertatzea lagunduko duten guneak falta dira». Donostiako Dantzagunea jarri zuen eredutzat; izan ere, haren hitzetan, dantzan dabilen jendea dinamizatzen lagundu du.

Input konpainiak ostegunean eskainiko du BAD jaialdian Imperfectas dantza ikuskizuna. Kasu honetan, Etxegarai da taldeko burua eta piezaren koreografoa. Hark ere kanpoan egin zituen dantza ikasketak, eta hainbat urtez beste konpainientzako dantzari aritu ostean, Euskal Herrira itzuli, eta 2017an konpainia bat sortzea erabaki zuen. «Sorkuntzan hasi nahi nuen, eta horrek aukera eman zidan ez egoteko inork kontratatzeko esperoan».

Kalerako formatuan estreinatu zuten pieza lehenik, eta aretorako egokitu dute orain. Etxegaraik hiru dantzari gidatu ditu agertokian oraingoan, eta, haren hitzetan, dantzaz gain hitza ere baliatu du. Horregatik, antzerki izatera iritsi gabe ere, dantzari bakoitzak pertsonaia bat irudikatzen du. 

Talderik gabeko antzokiak

Gune gehiago behar direla uste du Etxegaraik ere. «Koronabirusarekin, oso zaila izaten ari da entseatu ahal izateko leku handiak bilatzea». Dantzagunea aipatu zuen berak ere eredutzat, eta «probintzia bakoitzean» halako bat sortzea proposatu. Zehaztu zuenez, gainera, eskaria mahai gainean jarri du dantza alorreko hainbat konpainia batzen dituen ADDE elkarteak, eta Barakaldon (Bizkaian), esaterako, abian da Dantzagunearen antzeko proiektu baten ernamuina.

Kanpoan ezagututakoak Euskal Herrira ekartzeko lanetan ere badabiltzala esan zuen Etxegaraik. «Europako herrialde batzuetan, antzoki bakoitzak izan ohi du bere konpainia. Ez da ulergarria Euskal Herrian antzoki askok baldintza oso onak izatea eta beren konpainiarik ez edukitzea».

Benetan Be konpainiako Xabier Basterra ekoizleak ere hartu zuen parte atzoko saioan. Porno versus Afrodita estreinatuko dute larunbatean, eta arazo afektibo eta sexualak lantzen dituen antzezlan bat da pieza. Azken kontzertua emango duen rock talde bat du ardatz, eta gazteentzat eta helduentzat da lana. «Ez da musikal bat, baina musikak garrantzi handia izango du».

Ostegunean hasi zen BADen 22. edizioa, eta 27ra arte jarraituko du. Bilboko Udalak sustatu du programa, eta Alicia Otxandategi jaialdiko zuzendariak egarria igarri du. «Jende asko geratzen ari da kanpoan, eta ikuslea sarrerak lortzeko mugitzen ari da. Oso gogotsu dago jendea».

Pandemiaren eraginez sortzaileak «estutasun larrian» gelditu direla adierazi zuen Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak. Euren eskariak entzutearen garrantzia nabarmendu zuen.


Dokumentuaren akzioak