Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Milaka lagun Ilunbeko estalpean dantzari

Dokumentuaren akzioak

Milaka lagun Ilunbeko estalpean dantzari

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2000/05/08

Urtez urte ohikoak izan dituzten futbol zelai eta tankerakoak handiegi geratzen ei dira zenbait kasutan talde gutxi direnean, bereziki eta ikusteko ere espektakuluak grazia galtzen ei du. Denbora luzez honelako esparruetan aritu ondoren Dantzari Egunaren 31 urteotako historia luzean Iruñean eta Bilbon bakarrik dantzatu zen zezen plazetan, aurten hondarretara salto egitea erabakia zuten eta pozik azaldu zen Mendizabal hartutako erabakiarekin.

Eguraldia lagun zutela, Ilunbeko plaza 56 taldek zapaldu zuten iazko Dantzari Egunean baino 15 talde gutxiagok, 2.300 dantzari inguruk, orotara. Urtero bezala, bizkaitarren presentzia izan zen nabarmenena 30 talde etorri ziren herrialde hartatik, Gipuzkoatik, aldiz, 14, Lapurditik 9, Nafarroa Beheretik 2, Nafarroatik bakarra eta Zuberoatik, azkenik, bat bera ere ez, nahiz eta jaialdi honetara etortzekoak ziren.

Pazko Astea tartean izanik, komunikatzeko arazoak izan dituztela zioen atzo Xabier Mendizabalek. Hala ere, baikor azaltzen zen Ilunben ikuskizuna politago azaltzen zelako eta jendea hurbilago zegoelako, «nahiz eta zezen plaza handia den eta ikuslegoa sakabatuta geratu den. Baina, oro har, gustura gaude».

Lakarriren egun historikoa Euskal Herrian 10.000 dantzari inguru daude eta federatutako 250 talde. Horietako bat Nafarroako Eugues bailarako Lakarri taldea da, atzo Nafarroak Donostian izan zuen ordezkari bakarra. Lakarri orain urte batzuk sortu zen, baina tarte honetan gorabehera handiak izan ditu eta, bereziki, gizonezko falta nabarmena. Orain sei hilabetetik hona, dena den, mutilak ari dira bertan eta atzokoa izan zen Lakarrik Euguestik kanpo egin duen lehen saioa.

Taldeko arduradun den Raul Berdonzes pozik ageri zen, atzokoa egun historikoa baitzen taldearentzat eta dantzariak oso urduri zeuden arren, saio polita egin zutela eta, baikor ageri zen. «Orain arte bailaran aritu gara, baina bailaratik kanpo dantzatzeko irrikatan gaude eta honek, agian, horretarako lagun diezaguke».

Taldekideen esperientzia falta medio mutilak benetan baldarrak direla dio Raulek, dantza errazak, sinpleenak, entseatzen dituzte oraindik ere, baina ez dute dantzatzeko baldintza handirik eskatzen. «Gastuak eta jana ordaintzeko ematen badigute, bapo, horrexekin konformatzen gara, bailaran ez baitugu inongo laguntzarik jasotzen, ezta gastuak ordaintzeko ere ez eta hori ez da bidezkoa», zioen atzo Raulek.

Laguntzarik ez duten arren, gogoa soberan nabari zaie Lakarrikoei. Bestalde, datorren urteko Dantzari Eguna, seguraski Bilbon ospatuko da, nahiz eta oraindik erabaki gabe dagoen. Bizkaiko hiriburuak 700 urte beteko ditu 2001ean eta hori dela medio, bertan izan liteke jaialdia. Berrikuntzetako beste bat, azkenik, Dantzari Eguna bi urtetatik behin egitea izan liteke, atzo Xabier Mendigurenek aurreratu zuenez. Dena den, hau guztia oraindik erabaki gabe dago. Dantzarien Biltzarrak eskuartean dituen gaiak baino ez dira, garrantzitsuak, ordea.

Azkenik, Errenteriako erromeria irailean izango da "Badator erromeria!" lelopean.

Dokumentuaren akzioak