Dokumentuaren akzioak
Mila kolore zeru urdinean
Miel Otxin sutan erre ondotik amaitu dituzte aurtengo inauteriak Lantzen. Horren aurretik, panpinarekin kalejira egin dute txatxoek, Zaldikok, Ziripotek eta ferratzaileek herriko karriketan barrena. Jendetza bildu da inauterietako azken egunean.
Inauteri usaina eta kolorea zuen atzo Lantzek (Nafarroa). Eguzki goxoa zegoen, zeru urdina, eta eguraldi onaren arrimuan, jendetza bildu zen kaleetara. Goizean goizetik nabarmena zen egun berezia zela. Eztanda aitzineko lasaitasuna nabari zen kaleetan. Eguerdian egin zuen koloretako eztanda inauteriak. Txatxoak, Ziripot, ferratzaileak, Zaldiko eta Miel Otxin atera zirenean. Txistu doinuz lagunduta kolorez eta dantzaz bete zituzten karrikak.
Eguerdi aitzinetik ere giro berezia zen Lantzen. Txistulariek dianak jo ondotik, eguna ohikoa duten gosariarekin hasi zuten lanztarrek. Herriko ostatuko beheko pisuan Georgie Dannen Carnaval, carnaval entzun zitekeen bozgorailuetatik. Goian, aldiz, mahaitik altxatu eta eguneko lehen zortzikoa dantzatu zuten, lanztar anitzentzat eguneko unerik bereziena izaten da hori.
Txatxo bat plazan, zortzikoa dantzatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Txistulariek lehen notak jo orduko atera ziren dantzara lehen dantzariak. Hiru ziren hasieran; lehen bira egin orduko, zazpi; eta berehala, hamalau. Hemeretzi minutuz aritu ziren jarraian dantzan, txistulariek tarteka erritmoa bizitzen zuten, eta animo oihuekin erantzuten zieten dantzariek. Tartean, batzuek dantzatzeari utzi zioten nekeak jota. Inguruan herritarrak eta bisitariak ikuskizunaz gozatzen ari ziren.
Lehen une bereziaren ondotik ailegatu zen Ziripot prestatzeko unea. Ganbarara abiatu ziren denak arrapaladan, eta herritarrek txandak antolatu behar izan zituzten bisitari denek prestaketa nolakoa zen ikus zezaten. Ganbararen izkina batean zen Ander Esain, Ziripoten arropa janzten. Ia ordubete behar izan zuten Esain Ziripot bihurtzeko. Zakuak jarri zizkioten lehendabizi, lastoz bete zituzten ondotik, eta zaku ezberdinak josi zizkioten bukatzeko. Denbora askoko lana izanagatik, irribarretsu zen Esain:«Inauterietako une guztiak maite ditut». Ziripoten inguruan zeuden txatxoak, horiek ere prestaketa lanetan murgilduta. Ahots urratua zuten txatxoetako batzuek, bezperan besta uste baino gehiago luzatu baitzen. Hala ere, koloretako arropa eta ttuntturroa bere lekuan jantzi, oihal batekin aurpegia tapatu eta karrikaratzeko prest zeuden.
MAKILAKADETATIK IHESI. Beriain mendiaren magalean izua nagusitu zen atzo. Arratsaldean, mamuxarroak atera ziren Unanun (Nafarroa), maskaraz estalirik. Soinean zituzten zintzarriek salatzen bazituzten ere, kalean zirenek ihes egin behar izan zuten mamuxarroen makilakadarik ez jasotzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Anabasaren erdian zen Miel Otxinen panpina, eta haren ondoan ziren Patxi Esparza eta Javier Irisarri Iruñeko txistulariak, irribarretsu. «Gozatua izaten da Lantzera etortzea, jendearekin egonez eta txistua joz gozatzen dugu. Goizean goiz hasten gara eta egun guztiko besta izaten da», esan zuten. Uste baino lehen hartu zituzten berriro ere txistua eta danbolina zortziko doinuekin bestan murgiltzeko.
Sutan erre zuten
Kalean urduritasuna zen nagusi, bisitari gehienek ez zekiten ferratzaileak nondik aterako ziren, eta susto galanta hartu zuten atera zirenean. Kale Nagusian beherako bidea hartu zuten ferratzaileek, eta orduan atera zen Ziripot ostatutik. Atzetik zituen txatxoak, oihuka eta saltoka, Miel Otxin alde batetik bertzera dantzan eta Zaldiko Ziripot jarraika. Txistulariek zortziko doinua jo zutenean lehertu zen kolore eztanda. Kalean behera ekin zioten kalejirari, eta herriari itzulia eman zioten denek batera.
Plazan amaitu zen kalejira, eta han dantzatu zuten eguneko bigarren zortzikoa. Oraingoan, baina, aurrekoan baino koloretsuagoa eta jendetsuagoa. Borobilaren erdian jarri zuten Miel Otxin, eta Zaldiko ere ibili zen dantzan. Zortzikoaren ondotik fandangoa eta arin-arina ere dantzatu zituzten denek batera.
INAUTERIAK, ERRAUTSETAN. Ez da Lantz panpina bat epaitu eta erretzen duen herri bakarra Euskal Herrian. Uztaritzen (Lapurdi) zanpantzar erraustu zuten atzo Hartzaro jaialdian. Musikak, dantzak eta zirtzilek hartu zituzten herriko karrikak, eta Purgoko pilota plazan egin zuten azkenengo ikuskizuna. GUILLAUME FAUVEAU
Arratsaldean ere, goizean bezala, bazkariaren ondotik mahai inguruan dantzatu zuten eguneko hirugarren zortzikoa, eta kalejira egin zuten herrian barrena. Aldagai ezberdina zuen, ordea, arratsaldekoak: heriotza. Miel Otxini bi tiro bota eta sutan erre baitzuten eskapo egiten saiatu ondotik.
Plazan egindako su handi batekin bukatu ziren inauteriak Lantzen. Besta ez zen, ordea, suarekin bukatu, goizaldera arte luzatu zen. Datorren urteko inauteriak hurbilago daude jada.
MARRUAK BURUNDAN. Atzo iluntzean hasi zen erritua: Zelaundin bildu ziren momotxorroak odolez blaitzeko. Ondoren, oihu, joare hots eta marruek hartu zituzten Altsasuko kaleak (Nafarroa). Akerra, sorginak eta bestelako pertsonaiak ere batu ziren akelarrera. Plazan bukatu zen kalejira, dantza eginez. GORKA RUBIO / FOKU
Dokumentuaren akzioak