Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mila irudi eta bat gehiago

Dokumentuaren akzioak

Mila irudi eta bat gehiago

'Les nuits' eta 'Benditos malditos'

Jaialdia: Maitaldia. Konpainiak: Preljocaj eta Nurembergeko balleta. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi. Egunak: irailak 11 eta 13.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/09/15
Lotura
Berria

Les nuits ikuskizunak Mila gau eta bat gehiago obra famatua hartzen du oinarritzat, eta Angelin Preljocaj koreografoak Xerezaderen figura omendu nahi izan du, emakume hark irudimena eta hitza izan zituelako arma bakartzat sultanaren nahien aurka. Emanaldia hammam bateko giroan hasten da, hainbat emakumeren gorputz erdi biluziak nagitasunez eta sentsualki mugitzen direlarik, eta Natacha Atlas eta Samy Bishairen soinu-bandak efektu elektroniko garaikideez blaitzen ditu arabiar kutsuko doinuak.

Ordea, laster ulertu dugu proposamena ez zela hasierako eszena horretan geratuko, haren ostean, eta trantsizio ia antzemanezin baten bidez, beste giro batzuetara igaro baikara, irudi segida etengabe eta amaiezin batean bageunde bezala. Preljocajek era guztietako banaketa koreografikoak baliatu ditu —simetriak, lerro frontalak, kaleidoskopio erako eboluzioak...—, dantzarien mugimenduak ia pixelatuak izan dira batzuetan, eta hainbat eszena irudimentsuren artean —hiru bizarginena, soineko gorriko hamaika emakumeena...— ekialde-giro erotiko eta sentsualean murgildu gara. Hala ere, batzuetan uste izan dugu koreografoaren asmo bakarra soinu-banda ilustratzea baino ez zela eta Preljocajen estilo zehatz eta kementsua ez zetorrela guztiz bat gaiak eskatzen duen sentsualtasunarekin.

Ostiralean Goyo Monteroren Benditos malditos izeneko pieza ekarri du Nurembergeko balletak. Izenburuak Joaquin Sabina espainiar kantautorearen poema batetik dator, eta emanaldian zehar haren olerki batzuk tartekatu dira, amodioari buruzko ikuspegi gordin eta engaiatua azaleratuz. Bitartean, Monterok olerkiak irudikatu ditu bere koreografia kementsuekin, eta olerkien artean ikuskizunaren atal indartsuenak etorri dira, Monteverdi, Vinicius de Moraes, Tom Waits eta beste hainbeste musikariren doinuek lagunduta.

Proposamenak hasieratik eutsi dio goiari, eta dantzariak bikain ibili dira bakarlari, bikoteka zein taldeka, kasu guztietan erakutsiz lehen dantzari mailakoak direla. Zuri-beltzeko jantzi soilak eta argi-efektu dotoreak dantzaren zerbitzura egon dira uneoro, eta dantzarien eboluzioek lirismo kementsua eta muturreko zailtasun akrobatikoak elkartu dituzte Monteroren inspirazio aparta gauzatzerakoan. Gauzak horrela, mila irudi poetiko eta bat gehiago eratu dira gure begien aurrean, eta askotan iruditu zaigu gure gogoa ere hegan zebilela airetik, dantzarien eboluzioekin batera.

Preljocaj konpainiaren Les nuits ikuskizuna. /

Dokumentuaren akzioak