Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mila dantzari inguru bilduko dira larunbatean Karrantzan, Euskal Herriko Dantzari Egunean

Dokumentuaren akzioak

Mila dantzari inguru bilduko dira larunbatean Karrantzan, Euskal Herriko Dantzari Egunean

Mila dantzari inguru bilduko dira larunbatean Karrantzan, Euskal Herriko Dantzari Egunean. Ekitaldi nagusia arratsaldean izango da Pozalaguako auditorioan, eta ondoren afaria eta erromeria izango dira Kontxa auzoan. Euskal jantzien erakusketa jarri dute ikusgai, eta ostiralean, Oinkada muxiko-taldeak girotuko ditu kaleak.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Karrantza
Mota
Albistea
Data
2024/10/02
Lotura
Naiz
Dantzari egunak mila dantzari baino gehiago bilduko ditu Karrantzan.
Dantzari egunak mila dantzari baino gehiago bilduko ditu Karrantzan. (Aurore LUCAS)

Euskal Herri osotik etorritako dantzariak hartuko ditu Karrantzak larunbatean, Euskal herriko Dantzari Egunaren edizio berri batean. Urtero, 1967tik, Euskal Dantzarien Biltzarrak herrialde ezberdin batean antolatzen du hitzordua.

Azken edizioak Elizondon, Donibane Garazin eta Donostian ospatu dira, eta aurten Bizkaiari dagokio antolakuntza. Horretarako eszenatoki berezi bat aukeratu dute, Enkarterrietako paisaia paregabeez inguratuta Pozalaguako auditorioa izango baita dantza erakustaldien agertokia.

Mila dantzari inguru bilduko du deialdiak Karrantzan, baina ekitaldiak ez dira larunbateko programaziora mugatuko. Urriaren 4an, esaterako, Oinkada muxiko-taldeak Ambasaguas auzoko kaleak girotuko ditu, eta aste osoan zehar jantzi tradizionalen erakusketa bisitatu ahal izango da.

Larunbatean, arratsaldeko 17.00etan hasiko da ekitaldi nagusia, hainbat talderen parte hartzearekin. Gainera, euskal daiasporako hainbat talderen dantzak proiektatuko dituzte. Ondoren, dantzarien afaria eta erromeria izango da Iratzar taldearekin Kontxa auzoan.

Hitzordua antolatzen duen Euskal Dantzarien Biltzarrak gogoratu du 1965. urtean sortu zela, «Euskal herriko dantza, musika eta ohiturak mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko helburuarekin». Bertaratu ezin direnentzat, ekitaldia zuzenean zabalduko dute www.dantzagune.eus webgunean.

Dokumentuaren akzioak