Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mikel Laboak hasitako bidea, dantzaz jantzia

Dokumentuaren akzioak

Mikel Laboak hasitako bidea, dantzaz jantzia

Dantza, antzezlana, gorputz espresioa, hitzak, proiekzioak eta musika; horiek guztiak batzen ditu Kukai eta tanttaka taldeek egindako 'Komunikazioa-Inkomunikazioa' ikuskizunak. Etzi, zapatua, Amaia antzokian erakutsiko dute, 19:30ean. Sarrerak 12 eurotan daude salgai, www. arrasate-mondragon.org atarian eta antzokiko txarteldegian.
Egilea
Aitziber Aranburuzabala
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Arrasate
Mota
Albistea
Data
2013/12/12
Lotura
Goiena

Tanttaka antzerki taldeak eta Kukai dantza taldeak elkarrekin egin duten laugarren lana da etzi, zapatua, Arrasaten ikusiko duguna; oraingoan, baina, Arriaga antzokiaren laguntza ere izan dute. Jon Maia dantzariak eta Bergarako Mireia Gabilondo aktore eta zuzendariak egin dute gidoia. Aurreko lanetan moduan, Jon Maiaren ardura izan da dantzen koreografia landu eta dantzariak prestatzea; Gabilondorena, berriz, gidoiaren beste aldea; testuen moldaketa, horien artean.

Askotariko osagaiekin egina

Dantza ikuskizun bat baino gehiago dela dio Gabilondok: "Kukairen ezaugarriak ditu, batetik; hau da, dantza tradizionala dantza garaikidearen esparrura ekarrita, baina nahasketa handiko ikuskizuna da. Mikel Laboak erakutsitako bidetik komunikazioa eta inkomunikazioa adierazteko haren hitzak erabili ditugu, eta baita beste hainbat testu ezagunetakoak ere: Shakespearerenak eta Chejovenak, besteak beste. Euskaraz, gainera, polonieraz ere entzungo duzue, dantzan ikusiko duzuen Helena Golaben ahotik, Euskal Herrian bizi den dantzari poloniarra".

Proiekzioak ere izango direla gaineratu du bergararrak, eta horietan ikusiko dugu, besteak beste, Israel Galvan dantzari andaluziarra. Musikaren garrantzia ere azpimarratu du: "Kantu ezagun asko daude; besteak beste, Laboaren hainbat".

Taula gaineko protagonistak

Dantzariak, aktoreak eta musikari bat izango dira taularen gainean: Aitor Beltran, Miren Gaztañaga, Eneko Gil, Helena Golab, Ibon Huarte, Alain Maia, Urko Mitxelena, Nerea Vesga eta Iñaki Telleria. Atzeko lanetan beste hainbat lagun ere badaudela dio Gabilondok, osagaien nahasketa egin duen Xabi Erkizia aipatuta, horien artean.

Bruselatik Arrasatera

Bilboko Arriagan estreinatuta, Donostian eta Gasteizen erakutsi zuten eta aurreko astean, Bruselan. "Oso harrera ona izan du askotariko ikusleen aurrean; desiratzen nago, baina, etxean erakusteko", gaineratu du.

Komunikazioa-Inkomunikazioa lana.

Dokumentuaren akzioak