Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Migrazioa ispilu bat da gure munduko biolentzia ikusteko»

Dokumentuaren akzioak

«Migrazioa ispilu bat da gure munduko biolentzia ikusteko»

Bidasoko mugan sortzen den atmosferan oinarrituta du Mendiolak 'La danza de las luciérnagas. Vivir, pasar y morir en la frontera del Bidasoa' (Katakrak, 2024) lana. Testu akademikotik urrun, ikerketa literaturara eraman du ikerlari santurtziarrak.
Egilea
Alaine Aranburu Etxegoien
Komunikabidea
Bidasoako Hitza
Tokia
Irun
Mota
Albistea
Data
2025/06/06
Lotura
Bidasoako Hitza

Dantzaren metafora baliatuta, Bidasoko mugako atmosferan murgiltzen du irakurlea Mendiolak bere azken liburuarekin. Mugak «kezkatik» bizitzeaz gain, «topagune» gisa bizitzeko aldarria du obrak. Elkartasun sareak, ihes egitea eta biolentziak ditu hizpide. 

Bidasoko mugari lotuta, zein izan da liburua idazten hasteko zure kezka nagusia?

Aspalditik nuen kezka mugarekin. Mugak gaur egun garrantzi handiagoa du etorkinen mugimenduak kontrolatzeko. Mugak gehienbat kezka moduan bizi ditut, kontutan hartuta bertan dagoen erabateko etorkinekiko biolentzia, biolentzia materiala eta sinbolikoa. Mugak bere atzean duen biolentziagatik dudan egonezin edo kezka da lanaren abiapuntua.

Liburuaren hasieran dantzarekin lotutako metafora bat aipatzen duzu. Zein lotura du dantza horrek Bidasoarekin?

Dantzaren irudia sorpresa bat izan da niretzat, landa lana egiten ari nintzela agertu zitzaidan. Dantzaren irudia erabili dut metafora poetiko eta politiko bezala adierazteko Bidasoan nola agertzen diren bi motatako erresistentziak. Alde batetik, etorkinen erresistentzia, poliziaren kontrolak egonda ere, hala eta guztiz ere, aurrera jarraitzen dutelako. Aurrera jarraitzea erresistentzia moduan irakurri beharko genuke. 

Beste aldetik daude Bidasoan bertan bizi diren pertsonen erresistentziak eta agertzen diren sare eta mugimenduak, ihes egiteko segurtasunaren diskurtsotik. Nik uste dut hor badagoela herri zaintza bat. Azken hau bertakoen erresistentzia litzateke. Beraien arteko erresistentzia horien artean mugimendu, laguntza eta harrera ezberdinak sortzen dira. Dantza horrela ulertzen dut, inguru horretako metafora poetiko eta politiko moduan azaltzeko bertako erresistentziak. 

Narratiba literario bat da liburua, eta oinarrian ikerketa soziologikoa dauka. Zergatik publikatu duzu aipatutako genero literarioaren bidez?

Ikerketa soziologiko eta geografiko bat izan daiteke, bai. Azken finean, balio izan duelako aztertzeko nola sortzen den inguru horretan espazioa, nola kudeatzen den, zer-nolako botere harremanak ezartzen diren espazio berean. Baina, beste aldetik, hasieratik eman nahi nion kutsu literarioa edo entseguari lotutakoa, ez izateko estilo hain akademikoa edo teorikoa.

Era berean, irakurleei aukerak ireki nahi nizkien, gero eta gehiago gustuko dut idazten dudanari ez hain akademikoa den perspektiba bat ematea. Hain zuzen, dantzaren irudia agertu zenean eta hasi nintzenean argi ikusten, horrek handitu egin zuen estilo literario hau erabiltzeko aukera. Irudi batzuen bitartez pentsatzea interesatzen zait, baita irudi horiek irekitzen dituzten aukerak aztertzea ere; irudi horiek idazterako orduan errealitatea bera pentsatzeko baliagarri zaizkit. Liburuan bi irudi mota daude. Batetik kontrolarena, eta horretarako uso aldien irudia baliatzen dut. Bestetik, erresistentzia moduan, dantzarena. Bi irudi horiek aurrez aurre jarri ditut, hortik sortzen den tentsioa begiratu dut. 

Liburuan zehar jende askoren adierazpenak jaso dituzu. Norekin hitz egin duzu?

Muga horretara hurbiltzen hasi nintzenean nire asmoa izan zen muga horretan sortu diren mugimenduekin izatea. Hasiera batean Irungo Harrera Sareko kideekin soilik hitz egin nuen, eta gero mugaren bi aldeetara zabaldu. Ikerketaren bigarren fasean arreta gehiago jarri nien Ipar Euskal Herrian sortu diren mugimenduei, nagusiki Bidasoa Etorkinekin eta Diakite mugimenduei. Harrera dinamika horietan sortzen diren mugimenduak izan dira nire erreferentzia. Pertsona talde horiekin egon naiz, eta beste pertsona batzuk ere ageri dira era soltean, badutenak zer esan eztabaida honetan. Hala ere, erreferentzia nagusia elkartasuna edo harrera dinamiketan mugitzen diren pertsonak dira.

Zein helburu betetzen dute adierazpen horiek liburuan?

Liburua elkarrizketa bat bezala planteatu dut. Lehenagotik mugaren inguruan banuen zerbait landuta eta pentsatuta, eta gero elkarrizketa bat sortu dut Bidasoko mugan sortu diren diskurtsoekin. Hasieratik pentsatu nuen pertsona horien ahotsak sartzea, eta halako elkarrizketa bat sortzea ahots horiekin, marmar bat izango balitz bezala jasotzea ahots horiek eta nire hausnarketa moldatzea ahots horiekin. Asmoa zen ez zuzenean komentatzea beraiek esan zutena, baizik eta elkarrizketa bat sortzea eta nire idazkera eta hausnarketa moldatzea haiek planteatutakoa kontutan hartuta. 

Argazkiak elementu bat gehiago dira?

Bai, nik uste argazkiak oso elementu garrantzitsuak dira beste elkarrizketa batzuk sortzeko. Irudi horietan argazkiak ikus daitezke eta mugan gertatzen dena ulertzeko lagungarriak izan daitezke. Irudia baita ere erabiltzen da irudikatzeko muga nolakoa izan daitekeen. Argazkiak eta dantzaren irudiak oso erreminta indartsuak dira mugak beste modu batean irudikatzeko edo zer motatako dinamikak sortu ahalko genituzkeen. Azken finean, irudimenarekin lotuta dago.

Mugaren inguruko gorputzei buruz hitz egiten duzu hasieran. Zergatik hitz egin duzu gorputzez?

Kontutan hartuta muga bere horretan dena eta honek ezartzen duen biolentzia fisiko eta sinbolikoa, kutsu literarioaren bidez etorkina mugako gorputz bezala izendatu dut. Liburuan planteatzen dena da muga ez dela soilik zeharkatzeari lotutako gauza bat, mugak badu biolentzia kolonial bat, eta gorputzean ezartzen da. Etorkinaren gorputzak sufritzen du mugaren zama. Horregatik esan nahi nuen mugarena eta migrazioarena ez dela soilik zerbait gurutzatzeari buruzko auzia, etorkinak nola eramaten duen bere gorputzean mugaren zama, bere zauriekin eta sufrimenduarekin baizik. 

Gorputzaz gain, azala ere bada elementu protagonista. Zein da azalari emandako sinbologia?

Aurrekoarekin lotuta doa azalarena. Azalari garrantzi handia eman diot, azalaren bitartez sentitzen dugulako mundua, eta sentitzen ditugu munduan egon daitezkeen sentsazio guztiak. Aldi berean, azalean sentitzen dugu mugak eragiten diguna. Saiatu naiz hau guztia aztertzen nabarmenduz Bidasoan sortzen den atmosfera, atmosfera afektiboa. Hori guztia azalean sentitzen da. Era guztietako beldurrak ditugu, baita beste motatako sentimenduak ere, elkartasuna, amorrua edo bidegabekeria. Era berean, mugan sentitzen dena jasanezina dela adierazi nahi nuen azalarekin, eta zerbait egin behar dela salatzeko mugak bertan ezartzen duen biolentzia.

Atmosfera aipatu duzu. Zein da Bidasoko atmosferaren berezitasuna?

Bidasoan sortutako erresistentzia eta kolektibo batzuek ez onartzea ezarritako muga, eta mugaren kontrola bera nabarmenduko nituzke. Egia da Bidasoko mugak Euskal Herria bitan banatzen duela, eta horregatik uste dut oso muga polemikoa dela, behintzat maila afektiboan. Zerbait azpimarratzearren, arreta jarriko nuke sortutako erresistentzian eta nola hasieratik, 2018tik, gaur egun arte erresistentzia hori mantendu den. Etorkinekiko elkartasuna eta laguntza mantendu dira, eta hori nik uste oso azpimarragarria dela. Zentzu handi batean ere liburua errekonozimendu gisa planteatu nahi dut; errekonozimendua elkartasun horri. 

Ikerketa 2018an hasi zenuen, migrazio krisi gisa izendatutako garaian. Baina zuk migrazio krisia ez dela existitzen diozu. Zein da egin duzun hausnarketa?

Uste dut migrazio krisia aipatzen denean, batzuetan bai nabarmendu nahi dela une zehatz batzuetan gertatzen dena, baina nik uste bestelako ikuspegia landu beharko genukeela. Ikuspegi horrekin onartu beharko genuke etorkinak aspalditik etortzen direla eta jarraituko dutela etortzen. Migrazioaren bueltan gertatzen ari dena ulertu beharko genuke kolonialismoarekin dugun erantzukizuna asumituz. 

Niretzako ezinbestekoa da harremanetan jartzea kapitalismoa, kolonialismoa eta segurtasuna. Aztertzea hiru ardatz horien eragina munduko leku askotan zein den, eta nola leku askotan geroz eta zailagoa den bizitzea. Neurri handi batean hortik sortzen da migrazioa. Migrazioa ispilu bat da, gure munduko biolentzia ikusteko. Biolentzia hori josi egiten da harremana eginez kapitalismoarekin, kolonialismoarekin eta segurtasunarekin. Ez da etorkin batzuei lotutako krisia, baizik eta gure munduaren antolamenduak sortzen dituen arazoak dira, eta onartu egin beharko genuke etorkinen presentzia gure espazioetan, hori delako onartzea gure ardura eta mendebaldeko gizarteak sortutako krisi larria munduaren hegoaldean. 

Ihes egitea atmosferaren parte da?

Etorkinen mugimendua ulertu eta sentitu behar genuke ihes egitea bezala. Ez da bakarrik trantsituan daudela, baizik eta ihesaldi baten dinamikan murgilduta daude munduko hegoaldean sortutako hainbat arazorengatik. Era argi batean azaldu dut guk izan behar genukeen ardura, eta egin beharko genukeen harrera. 

Ihesaren atzean mendebaldearen biolentzia dago, eta inguru batzuetatik nahitaez irten egin behar dute. Ez da bakarrik esatea gure espazioetan zehar mugitzen ari direla, baizik eta ihesaldi batean murgilduta daudela. Ihesaren irudia nabarmentzen dut uste dudalako aldatu egin beharko litzatekeela modu sinboliko eta afektiboan etorkinekiko jarrera, arrera egiten eta elkartasuna adieraziz ihes honetan dagoen pertsonari.

Frantziako eta Espainiako estatuen harrera politikak ere kritikatzen dira liburuan.

Abiapuntua izango litzateke mundu guztiak daukala eskubidea muga bat zeharkatzeko. Hori ezin da eztabaidatu. Badago eskubide bat eta denei onartu behar zaie migratzeko eskubidea. Migrazioaren demokratizazioaz ari naiz eta ez dago jartzerik irizpiderik esateko nork ahal duen muga bat zeharkatu eta nork ez. Eskubide hori onartu egin beharko genuke eta ezin da eztabaidatu eskubide horren inguruan. Estatuek edo Europak mugaren espazioak kudeatzen dituztenean irizpide batzuk ezartzen dituzte esateko nork daukan ahalmena muga bat zeharkatzeko eta nork ez. Bertatik sortzen diren lege eta araudietan ikusi beharko genuke biolentzia sinbolikoa eta alde batetik bestera mugitzeko eskubidea onartu beharko genuke.

Horren harira muga ixteko legeak aipatu dituzu.

Nik uste kritikoak izan behar garela segurtasunaren diskurtsoarekin. Diskurtso hau inpugnatu egin beharko genuke beti. Baita ere landu egin behar genuke kritikoki segurtasunak daukan erabateko lotura ilegaltasunarekin eta nola elikatzen den ilegaltasuna. Eta hau Bidasoan bai ikusten dela behintzat hiru arlotan. Alde batetik, ikusi ahal da nola mantendu den muga itxita denbora luze batez eta hori berez ilegala da. Beste aldetik, mugan bertan ezartzen den kontrola arrazista da eta hori ere ilegala da. Azkenik, Ipar Euskal Herrian praktikatzen den etorkinen harrapaketa eta ehiza, baita ere nola azkar batean Irunera itzultzen dituzten. Hori ere ilegala da. Segurtasunaren diskurtsoaren barruan ilegaltasuna dago eta hori da botereak salbuespen egoerarekin daukan harreman anbibalentea da, salbuespen egoera hori onartu egiten delako. Diskurtso horietan mehatxu batzuk aipatzen dira eta mehatxu horiek beti balio dute ezarri nahi duten ordena kudeatzeko.

Liburuaren azpititulua da bizi, pasa eta hil. Heriotza da aipatzea falta zaiguna. Zein da atmosfera honetan heriotzak daukan lekua?

Heriotzaren agerpena izango litzateke atmosferan sortzen den gauzarik latzena. Heriotza horietan argi ikusten da mugak barnean eramaten duen biolentzia fisikoa eta materiala. Heriotzaren agerpenak erabat aldatzen du sortzen den atmosfera eta nola elkartasunaren ikuspuntutik era oso argi batean ikusten da onartezina dela bertan gertatzen ari dena. Mugako aktore bezala agertzen da heriotza eta ikusten da mugak nola heriotza ahalbidetzen duen. Horrek dena aldatzen du eta oso adierazgarria da muga honetan heriotza bera nola agertzen den: norbere buruaz beste egiten, Bidasoa ibaian itota eta tren batek harrapatuta. Kontrolaren aurrean heriotza era ezberdinetan agertzen zaigu eta honek elikatzen du elkartasunaren eta kritikaren beharra.

Azpimarratu nahi nuke liburuaren bukaeran agertzen direla Gogortzak Bidasoko mendiko mugan harizti batzuekin egindako borobilak. Irudi horrek planteatzen du topagune bat ere izan daitekeela eta mugari buruz pentsatzen dugunean batzuetan agertzen zaigu horma bat. Mehatxuak, arerioak, etsaiak eta arazoak ere irudikatzen dira eta muga xenofobiarekin lotzen da. Nik uste muga ulertu beharko genuke topagune bezala, leku aberats bezala eta xenofobia bultzatu beharrean xenofilia bultzatu beharko genuke. Topagune horretan ikusi beharko genuke zer nolako gauzak sortu ahal diren. Ez dut esaten zerbait erraza denik baina bai beharrezkoa dela ulertzea muga topagune bezala. Saiatu egin beharko ginateke eta horrela ikusi eta sentitu topagune bezala ulertuta sortu ahal diren posibilitate ezberdinak, baztertuz mugaren biolentziak eta mugaren oinarri eta zauri koloniala, eta horrekin batera arrazakeria.

Liburua gaztelaniaz idatzita dago. Euskarara itzultzea gustatuko litzaizuke?

Gustatu bai, baina ez dago nire esku. Gustatuko litzaidake ere euskaraz izatea, euskara izan delako muga zeharkatzeko hizkuntza. Hau guztia posible izan da euskararen bitartez, nik ez baitut frantsesa menperatzen. Ipar Euskal Herriko elkarrizketetarako ezinbestekoa izan da euskara. Zentzu batean muga zeharkatu dut euskararen bitartez, eta hori guztia islatzea polita izango litzateke. Gainera, Ipar Euskal Herrian ere irakurri ahalko zuten. 

Sei urteko esperientzia izan da liburuarena zuretzat. Nola iritsi zara bukaerara?

Bidaia oso interesgarri bat izan da, eta oso aberatsa. Dantzaren irudiaren barnean mugitzen diren hainbat gauza oso indartsuak izan dira ideologikoki, eta baita maila afektiboan ere. 

Dokumentuaren akzioak