Dokumentuaren akzioak
Miel Otxinenak egin du
Inauteri guztiak arrotzaren kontrakoak dira. Kanpokoaren uxatzaileak, beldurrarekin lotuta baitaude denak. Ezezagunari izua diote euskal herrietan karrikaratzen diren pertsonaia guztiek, horixe da garizuma aurreko garai honetako aire nabarmena: utikan arrotzak!
Horregatik, Arizkunen hartza kateatuta ateratzen dute, jendea lasai
senti dadin ikusirik menderatuta daukatela ardiak jaten dituen
demonioko animalia. Horregatik janzten dituzte Sakanako momotxorro eta
mamoxarroek maskara, adar, ipuruko eta narru guztiak: alde batetik,
nork bere burua ezkutatzeko, arrotzak ez dezan ezagutu; bestetik,
deabrua bera baino gaiztoago eta beldurgarriago agertzeko. Horregatik,
Iturenen eta Zubietan isipuak eta pulunpak dantzatzen dituzte egun
osoan, karrika guztietan zehar, bidean gora eta behera: ez dadin hotsa
behin ere isildu, haiek ere ez daitezen Mendaur ingurutik jaisten diren
haizeak baino koitaduago. Horregatik erretzen dute, Lantzen, Miel Otxin
lapurra astearte arratsaldeko lehen ilunekin batera, hiru egunez
harrizko etxe sendoen artean bizkarrean garraiatu eta gero. Horregatik
ospatzen dute zortziko batekin. Horregatik erretiratzen dira denak,
gero, etxera. Lasaiago daudelako orduan.
Arrotz, kanpotar, gaiztoari beldur diotelako, eta erre, uxatu
eta, azkenean, atzendu egin behar delako. Atzendu, bizitzari aurre egin
ahal izateko.
Atzo, Lantzen, ilunak lainoak ezkutatzen hasi orduko, Miel Otxinenak egin zuen.
Dokumentuaren akzioak