Dokumentuaren akzioak
Miarritze hamar urte dantzan
Biarritz Ballet zentro koreografikoak hamar urte beteko ditu aurten, hasieratik Thierry Malandain koreografoa buru duela.Urtemuga dela eta, 'Carmen' eta 'Don Juan' emanen ditu asteburuan Miarritzen
Beti labainkorra baldin bada ere kultura eta diruaz aldi berean
mintzatzea, atzera begiraden orduan balio du, agian. Thierry Malandain
zentroaren hasieratik balletaren buru eta koreografoa pozik dago
balorazioa egiterakoan, bereziki hamar urtez Miarritzek eta inguruko
publikoak bereganatua duelako konpainia. Heldu den urteetako erronka
bide hori jarraitzeaz gain garapena atzerrian segitzea dutela dio.
Libano, Zipre, Mexiko eta Mazedoniara joatekoak dira, besteak beste.
Beste zifra batzuk ematekotan, aipa daitezke hamar urte
hauetan egin 762 agerraldiak (aurtengo agorrileko zifra da). Miarritzen
bertan, 101. Horiei guztiei esker, 500.000 ikusle bildu dituzte.
Hasieran, 12 dantzari ziren intermitente estatutua zutenak, eta gaur
egun 17 dantzari dira hilabete sari finkoarekin. Teknikoak eta
administraziokoak barne 30 bat dira.
Orotara 33 sorkuntza
Sorkuntza aldetik, 33 sorkuntza gauzatu ditu balletak. Jakinez
zentro koreografikoen betebeharretako bat, publikoaren sentsibilizatze
lanez gain,sorkuntza bultzatzea dagoela. Eta, funtsean, Thierry
Malandain Biarritz Balletako koreografoak ere hori du gustuko. Tamalez,
azkenaldi honetan, begi bistakoak ez diren obretarako aukera gutxi
dago, Malandainek berak azaldu duenez: «Krisiagatik, ahal bezainbat
sartze egiteko, publiko zabalak ezagutzen dituen izenak bakarrik nahi
dituzte antzokiek. Berrikitan Mari Errauskin egitea eskatu didate. Ez dut gogorik, eta, beraz, beste idei baten bila nabil».
Begi bistakoak eta narratiboak. Malandainek, ordea,
abstrakziora joan nahiko luke orain. Duela hamar urte, alta, istorioak
kontatzea gustukoa zuen, nahiz eta kritikek modaz kanpo zela leporatu.
Asteburu honetan emanen duen Carmen sorkuntza garaikoa du,
justuki. Duela hamar urte asmatua, horrekin etorri zen Saint Etiennetik
Miarritzera bere balleta. Agerraldi horretatik landa zion eskatu
Miarritze hiriko udalak Miarritzen gelditzea. Orduko hori emanen dute
igandean 17:00etan, eta astelehenean 20:30ean, jantzi eta apainketa
berriekin. Lagun izanen du Don Juan, 2006ko sorkuntza. Bi balletak koreografoak izan duen bilakaeraren lekuko. Carmen, beraz, balleta narratiboa, eta Don Juan
abstraktuagoa. Hori bai, biak dantza neoklasikoan, hori baita
Malandainen estiloa. Biak sedukzioa dutela gaitzat, bata emazteen
ikuspegitik eta bestea gizonekotik, biak dira ezagunak eta, beraz,
arrakasta segurtatua dute hauek ere. Igandeko sala betea dute, eta
astelehenerako, laster.
Dokumentuaren akzioak