Dokumentuaren akzioak
Meza klandestinoa
Normalean bestela izan arren, kasu honetan behintzat, gaztelaniazko testua euskarazkoa baino motzagoa da, ez baitu aipatu ere egiten Udalbatza nora abiatuko den: “La corporación saldrá en procesión del Ayuntamiento acompañada por el Alkate Soinua. El grupo Gure Kai interpretará la Reverencia y la Ezpatadantza. A continuación, el coro Aitzuri, cantará la Salve de Hilarión Eslava”. Debako udalbatza udaletxetik prozesioan aterako dena badakigu, nora, zertara eta noiz arte… batek daki. Etxerako buelta asmatuko al du!
Izan ere, ez testu batean eta ez bestean, ez da argitzen zer arraio gertatuko den bi ekitaldien arteko ordubete luzean zehar. Debarrok badakite, ordea. Zer gertatuko-eta… betiko, ohiko, urteroko meza. Meza klandestinoa, itxura denez, baina jakineko meza. Tradiziozko meza.
Azken urteotako laikotasun-joerarekin bat etorriz, nik ez dut esango programa erlijiosoa eta zibila elkarrekin nahastu behar direnik. Baina ez dut uste erridikulorik egin behar denik ere. Gauzak normal eta natural egiten asmatuko al dugu!
Meza kendu behar baldin bada kendu eta, mezarik bada, nahi ez duena ez dadila joan eta kitto. Baina Erreberentzia zein Ezpatadantza ezkutatu nahi den mezan dantzatu izana, eta Salbea meza amaitze aldera kantatzen denik ukatzea, ez al da guztia arlote samarra?
Auskalo baina… zergatik aldare aurrean Erreberentzia egitea edo Andre Mariari salbea eskaintzea laikoak dira eta urtean behingo jai-meza, aldiz, klerikala? Zergatik jai-bezperako meza ez da tradizioa, eta meza barruko dantza eta kanta bai?
Behin gauzak aldatzen hasiz gero, zergatik dantzariek ez dute erreberentziarik udaletxe aurrean egiten eta Salbea zine-aretoan kantatzen? Edo, nahi bada, aukeran, zergatik ez, Salbea kantatu beharrean, Amaikak Bat futbol-taldearen ereserkia-edo abestu?
Are gehiago, erlijio-tradizioak eta ohiturak laikotzen hasita, zergatik San Roke jaiak ospatu?
Dokumentuaren akzioak