Dokumentuaren akzioak
Mestizaiaren fruituak
'Soka' / 'Zoo'
Pasa den asteburuan dantza lan labur bana aurkeztu dute euskal
konpainia bik eta, oso jatorri eta emaitza desberdinekoak izan arren,
paralelismo batzuk ezarri daitezke euren artean. Biak ala biak dira
mestizaiaren fruitua eta bietan igartzen dira gizakiaren gaineko
gogoeta baten aztarnak.
Euskal dantza tradizionaletik sortu zen Kukai konpainia, eta
bere ibilbidean lan politak plazaratu ditu beste talde batzuekin
kolaboratuz (Tanttaka, Logela multimedia...). Oraingo honetan EliralE
konpainiako Pantxika Telleriak bere ekarpena egin du koreografiaren
diseinuan, eta horrek kalitate ukaezina gehitu dio ikuskizunari,
EliralE eskarmentu handikoa baita jendarteko esku-hartzeetan.
Gauzak horrela, oso kutsu garaikidea eta, batez ere, kaletarra hartu du Soka-k,
eta bost dantzariek -hiru mutil eta bi neska dira- beren betiko estilo
bikain eta freskoarekin erakutsi digute zer den antzinako usadioei
gaurko munduan eustea, zein zaila den nortasunaren eta laguntasunaren
arteko oreka eta zelako garrantzia duten begiradek, elkarrenganako
hurbilketek eta unez uneko distantziek. Eszenan bertan zeuden bi
bateria joleen partiturak, berriz, giro aratz eta ñabardurez betean
bildu du ikuskizunaren estetika soila.
Asier Zabaletak zuzentzen duen Ertza konpainiaren azkenaurreko sorkuntza -Bihar jaio nintzen- oso saiakera interesgarria izan zen euskal dantza eta hizkera garaikidea elkartzeko. Larunbatean Gazteszenan estreinatutako Zoo,
ordea, dantza garaikidearen eta antzerkiaren artean dago, gizakiek
animaliekin duten antza aztertzea izan baita koreografoaren xede
nagusia.
Bide horretatik, hasierako eszenan biluzik agertzen dira bost
dantzariak -hiru neska eta bi mutil, kasu honetan- eta hortik aurrera
apurka-apurka joan dira agertzen animalietatik bereizten gaituzten
arropa, mugak, jabetza eta liskarrak. Tarteka-marteka elkarrizketa
labur batzuk entzun ditugu, eta gizartearen ideia eta guzti jaso da
paraleloan dantzatutako pasarte kolektibo laburrean. Baina, oro har,
gehiegi erakutsi eta gutxiegi iradoki da animaliekin dauzkagun
paralelismoak irudikatzean, eta behin baino gehiagotan dantza ahaztuta
geratu da antzezpenaren mesedetan. Amaitutakoan, ikusleek txalo
beroekin agurtu dute konpainia, eta ni, ordea, zer egin jakin gabe
geratu naiz.
Dokumentuaren akzioak