Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mesias dantzan

Dokumentuaren akzioak

Mesias dantzan

Hor doa umea, bat-bi… eta salto! Hanka banarekin pauso luzeak ematen ditu, eta hirugarrenean gorantz altxatzen da. Joan daiteke aitaren edo amaren eskutik, haien pauso presatuari egokituz. Edo agian aurreratu egin zaie zaintzaileei, eta bere kabuz doa, inork erakutsi ez dion koreografia asmatuz, oharkabean, barrenak markatzen dion erritmoari segika, entzuten ez den musikaren gainean… Berezkoa du dantzarako sena haurrak, hemen eta nonahi.
Egilea
Elixabete Garmendia
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2014/10/22
Lotura
Berria

Ciro Tamayori (Malaga, 1993) harantzago zihoakion dantzaren sena; eskolan ez zuten batere erakartzen futbolak eta halakoek; amaren eskutik Billy Elliot filma (Erresuma Batua, 2000) ikusi zuenean, hantxe aurkitu zuen islatuta bere burua eta erabaki zuen dantzari behar zuela izan. Gaur egun, bere hogeita bat urterekin, Uruguaiko Ballet Nazionaleko bakarlaria da gizonezkoetan. Julio Bocca dantzari-ohi argentinarrak fitxatu zuen, Bartzelonako lehiaketa batean, eta ez zion ihes egiten utzi; berak zuzentzen duen Sodreren balletera eraman zuen ahal bezain azkar.

Julio Bocca berriz, José Mujicak —Uruguaiko presidenteak— fitxatu zuen duela lau urte Ballet Nazionala zulotik atera eta berpizteko. Laurogei urte beteko ditu datorren urtean ballet konpainia horrek; azken urteetan lur jota zegoen, dekadentziaren amildegian behera. Ikuslerik, apenas. Boccak goitik behera eraberritu du konpainia: dantzarien lan erritmoa indartu, koreografia eta ikuskizunen programa berritu… Eta baita publikoa ere.

«Balleta, sekula eman ez den tokietara ari gara eramaten; sekula ikusi ez duen jendearen aurrera». Maria Noel Riccetok (Montevideo, 1980) kontatzen du nola kiroldegietan-eta ari diren egiten emanaldiak, Uruguaiko barnealdean, Montevideoko auditoriora behin ere iritsiko ez litzatekeen publikoaren aurrean. Ricceto bakarlaria da emakumezkoetan, eta New Yorkeko American Balletean hamahiru urtez aritu eta gero —gehienbat lehen dantzari modura— itzuli zen Sodreren konpainiara.

Donostian debuta izan du Uruguaiko Ballet Nazionalak eta Haendelen Mesias-en oinarritutako obra ekarri du, Mauricio Wainrot koreografo argentinarrak sortua. Victoria Eugenia antzokia leporaino, ordu eta laurdeneko emanaldia arnasari eutsiz jarraitu zuen publikoak; bukaeran, hango txalo zaparrada eta bravo-ak!

Wainrotek «espiritualitatea, mistika, emozioa…» isuri nahi izan zituen 1996an ondu zuen koreografia honetan; «utopia zahar eta berriei begirada bat eman, solidaritatera deitu…»; horiek bere asmoak. Pieza abstraktua egin zuen nahita, argumentu-haririk gabea, nahiz eta pasarte batzuetan sumatzen diren Kristoren bizitzari egiten dizkion keinuak. Kontrastean dago obraren indarra: Haendelen musikaren klasikotasuna batetik, eta bestetik eszenografia minimalista, zurian oinarritua, aratza oso. Eta hor, espazio horretan, dantzariak etereo bihurtzen dira, zapatilen punta gainean ibili beharrik gabe. Osotara plastikotasun ikaragarria hartzen du eszenak eta tarteka, mugimenduan dabiltzan eskulturak dirudite dantzariek. Edertasuna erabatekoa da. Bukaeran, Aleluiarekin, ikuskizunak eta hark eragiten duen emozioak gorenera jotzen dute.

Donostiatik Sevillara joan zen konpainia, eta hor ibiliko da Penintsulan zehar hiru astez. Hona itzultzekotan dira: hilaren 31n Iruñean izango dira eta azaroaren 1ean, Gasteizen. Dantzazaleentzat gomendagarria eta… balletean behin ere izan ez denarentzat, estreinatzeko aukerarik onena. Haurtzaroan izoztuta geratu zitzaigun dantzarako sena berpizte aldera.

Dokumentuaren akzioak