Dokumentuaren akzioak
Mercedes Mendive eta Janet Iribarne euskal kultura eta dantza sustatzen ari dira Nevadan "Ariñak Project" egitasmoarekin
Elko Euzkaldunak Euskal Etxean abian da azken hilabeteetan "Ariñak Project" izeneko kultur egitasmo berria, elkarteko dantzariei euskal dantza ez ezik, euskal kulturaren beste arlo batzuk erakusteko helburuarekin. Edo, egitasmoaren sustatzaile Mercedes Mendiveren hitzetan, "euskaldun izatearen beste alderdi batzuk erakusteko".
Egitasmoa buruan bueltaka zuen Mendivek 2015an, bere jaioterrira, Elkora bueltatu zenean. Han, Janet Iribarne dantza irakaslearekin batera kultur programa bat jarri zuen abian; beti ere dantzatik abiatuta, alderdi hau oso garrantzitsua baita Ameriketako euskal etxeetan, baina beste arloetan ere sakontzen zuena, esaterako euskara, kantu herrikoiak, musika tresnak.... Elkoko Euskal Etxeak egitasmoarekin bat egin du eta klaseak euskal elkartearen egoitzan ematen dira.
"Adibidez, igandero 11:00tan pandero klasea dugu. Gero, euskara, Anita Anacabe Franzoia eta Fernando Lejardirekin. Klasean euskal musika tradizionala eta kanta herrikoiak ere irakasten ditugu", azaldu dio Mendivek EuskalKultura.com-i. "Ondoren, euskal dantza ematen dugu. Klase hau oso garrantzitsua da gure txikientzat, nagusien dantzak ezagutzen hasten direlako".
Haur horien gurasoek ere egitasmoan parte hartzen dute, eta seme-alabekin batera aritzen dira klaseetan ikasten. "Guretzako gure kultura partekatu eta komunitateari ekarpen bat egiteko era zoragarria da", adierazi du Mercedesek.
Egitasmoa ikasgai berriekin aberastuko dute, aurrera egin ahala: "Aurki mus lantegi bat egingo dugu eta momentuz lau ikasle talde bat dugu eskusoinu ikastaroa egiten. Ikasle gehiago hartu nahi nituzke, baina bakoitzaren ikasteko erritmo desberdina denez, momentuz talde txikia mantentzea erabaki dugu", gehitu du Mendivek.
Udaberrian, eguraldia hobea denean, Fernando Lejardik (Mercedesen senarrak) Jai Alai eta Pala ikastaroa eskainiko du frontoian. Janet Iribarnek, bestalde, euskal dantza klaseez gain, txistu eta alboka ikastaroa ere emango ditu. "Pausoz pauso bidea egiten ari gara, esperientziaz gozatzen hala ikasleak nola irakasleak", amaitu du.
Ariñak Project egitasmoari buruzko informazio gehiago, Mercedes Mendive musikariaren webgunean.
Dokumentuaren akzioak