Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mendi artean sakabanaturik

Dokumentuaren akzioak

Mendi artean sakabanaturik

Egilea
Estitxu Zabala
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baztan
Mota
Albistea
Data
2008/09/14

Mendi artean dago Baztango ibarra, oso zabala da eta 8.000 biztanle inguru bizi dira bertan. Baztan osatzen duten 15 herrien artean 377 km koadro batzen dituzte. Almandoz, Amaiur, Arizkun, Berroeta, Erratzu, Lekaroz, Arraioz, Elbete, Gartzain, Oronoz, Aniz, Azpilkueta, Elizondo, Irurita eta Ziga dira Euskal Herriko udalerri rik handiena osatzen duten herriak.

Baztango herriak lau zatitan banatuak daude: Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburua. Nahiko sakabanaturik daude herri txiki guztiak, eta baserriak dira ingurunearen ezaugarri. Antzinako nobleen jauregi ugari ere ikus daitezke hainbat herritan. Baztanen ez dago mugarririk, herritar guztiek dute bazka, ura eta egurra aprobetxatzeko eskubidea. Tradizio handiko ingurua da, eta euskara da ibarreko hizkuntza nagusia. Baztanek baditu hainbat gauza aipagarri: Amaiurren izaniko borroka, agoteen historia eta laxoa euskal pilota estiloa, besteak beste.

Herriak banan-banan

Almandoz . (220 biztanle). Garai batean ustiapen garrantzitsua izan zen bertan, eta oraindik ere haitzurdin edo marmol harrobiak ustiatzen dituzte. Almandozko haitzurdinez apaindu zituzten esaterako Moskuko metroko hainbat tarte. Herrian aldaketak egiten ari dira orain, ikastola estreinatu berri dute, eta orain dorretxea berritzen ari dira. Almandoztik, NA-1210 errepidea hartuta, Belateko gainera joateko aukera dago. Bide osoa baso tartean egiten da. Gain hartan, Belateko Gaztelua izan zenaren arrastoak daude.

Amaiur. (250 biztanle). Amaiur 1665ean banandu zen Baztandik baina hiru mende geroago, 1969an, berriro ere batu zen. Arku batek egiten dio bisitariari ongietorria herriaren sarreran. Hala ere, Amaiurko lekurik aipagarriena Gazteluako mendixkan dagoen monolitoa da. Gaztelaren aurka, Nafarroaren aldeko azken borroka han galdu zen 1522.urtean. Hala irakur daiteke monolitoan: «Nafar askatasunaren alde Amayurko Echarrian borroka egin zuten gizonai betiko argia».

Aniz. (60 biztanle). Baztango herri txikiena da, 1900. urtean izan zuen biztanle gehien, 118 hain zuzen ere. Abartan mendiaren (1095 m) ekialdean dago herria. Isats dantza Anizko dantza tradizionala da. Dantza horretan dantzariak erratz bat eramaten du sorbalda gainean eta egiten dituen mugimenduak ingurukoek kopiatzen dituzte.

Arraioz . (230 biztanle). Baztan ibaiak bi zatitan banatzen du Arraioz baina harrizko zubi batek batzen ditu. Gainera, Erdi Aroko hiru jauregi daude Arraiozen Jauregizahar, Bikuña eta Zubiria. Gainera, herriko elizaren ondoan, laxoan jokatzeko tokia dago, euskal pilota jokoen artean zaharrenetarikoa. Maiatzean, Erreginak eta Saratsak jaia ospatzen dute. Bospasei neskatilek koplak abesten dituzte etxez etxe dirua eskatuz. Horietako bat erregina izaten da.

Arizkun. (620 biztanle). Hainbat auzok osatzen dute herria, horietako auzo batean, Bozaten, bizi ziren antzina agoteak. Historian baztertua izan ziren agoteak, uzta txar eta ezbehar guztien errua egozten zieten ingurukoek, eta iraindu egiten zituzten. Haien jatorriaz hainbat iritzi dago. Arizkunen ere laxoan aritzeko jokalekua dago.

Azpilkueta. (230 biztanle). Baztango hainbat lekutan bezala, lamien erreferentziak aurki daitezke. Herri honen inguruko mendi batean, Meatzetan, bi emakume lurperatu omen zituzten, biak ere lamiak. Tradizioaren arabera, bertan sortzen dira ekaitzak.

Berroeta. (130 biztanle). Berroeta Martin Luis Etxeberriaren sorterria da. Karlista ezaguna izan zen berroetarra, eta Baztango alkate izan zen. Herriaren ondoan, Burdin Aroko arrastoak daude: trikuharri, tumulu eta harrespil itxurako hilobiak.

Elbete. (240 biztanle). Jarola eta Askoa jauregiak azpimarratu behar dira Elbeteko eraikinen artean, baina badira beste aipatu beharreko beste gune ere: garbilekua eta iturria. XX. mendearen hasieran eraiki zen garbilekuak arropa garbitzeko bost harri ditu. Elbeteko iturriak ia klororik gabeko ura ematen du. Hori dela eta, jende asko joaten da hango ura edatera. Iturriaren ondoan aska bat dago.

Elizondo. (3.340 biztanle). Elizondo da Baztango burua eta bertan dago ibarreko udaletxea. Antzanborda, Beartzun, Berro, Kinto eta Etxaide auzoetan banatua dago herria. Erdigunea izanik, Elizondon daude inguruko zerbitzu eta denda gehienak. XV eta XVIII. mendeko jauregi ugari daude herrian. Baztan ibaia herriaren erditik pasatzen da, zabalera handia hartzen du bertan. Trinketea ere badute herrian, antxitonea, baita laxoan jokatzeko gunea ere.

Erratzu. (500 biztanle). Hamar auzotan banatzen da Erratzu, eta 100 baserri inguru ditu. Erratzun ere badira jauregiak: Etxebeltza, Apeztegia eta Oñarbilgoa. Hala nola, zalantzarik gabe, Xorroxingo ur-jauzia da Erratzuko berezitasun nagusia, han sortzen baita Baztan ibaia. Ibaiak Baztan uzten duenean Bidasoa izena hartzen du.

Gartzain. (220 biztanle). Gartzaingo etxeen artean ez da zaila bereiztea zein diren nobleenak. Aintzano auzoan dagoen Iturbide jauregiak baserri itxura du, baina Baztango nobleen lehenengoetako etxea da. Bestetik, Tourseko San Martin eliza ere aipagarria da Baztango zaharrenetakoa baita.

Irurita. (850 biztanle). Iruritako plazak ere laxoan jokatzeko pilotalekua du. Herriko plaza etxe eta jauregiz inguraturik dago. Dorretxeko Markesaren jauregia ere berezia da, baita Iriarteko Gastonen jauregia. Estilo gotiko eta barrokokoak dira. Antzinako burdinola bat ere badago herrian.

Lekaroz. (360 biztanle). Lehen Karlistaldiak seinale nabarmena utzi zuen Lekarozen. Espoz y Mina jenerala hainbat pertsonen bila joan zen Lekarozera, baina herritarrek ez zioten haien inguruko informaziorik eman nahi izan. Hala, herriko plazan 30 gizon inguru elkartu eta fusilatu egin zituen jeneralak. Baina horrekin ez zuen nahikoa izan, eta ondoren herriari su eman zion. San Bartolome eliza eta hiru etxe izan ziren zutik geratu ziren bakarrak.

Oronoz. (430 biztanle). XVI. mendeko Zozaiko jauregia Baztango dorretxerik zaharrenetakoa da. Gotorleku eta jauregi arteko itxura du eta Zozaiako jaunaren armarriak. Arretxea eta Gontxa etxeak ere ikus daitezke Oronozen.

Ziga. (200 biztanle). Elementu bitxiak dituzten bi etxe daude Zigan. Indartea etxea eta Iturriagaraia etxea. Ziga eta Zigaurre auzoaren artean Baztango begiratokia dago, handik haranaren iparralde osoa ikus daiteke.

Natura

Gaur egun pagoa da nagusi Baztanen, ibarreko 7.500 hektarea inguru hartzen ditu. Haritza eta gaztainondoak ere badaude, baina askoz gutxiago. Bestetik, ibaiaren inguruetan haltzak, sahatsak, makalak eta lizarrak aurki daitezke. Baztango mendi zabaletan animalia ugari daude: azeriak, basurdeak, oreinak, orkatzak, urtxintxak, eta abar. Abereei dagokienez, behi, ardi eta zaldi azienda nabarmentzen dira. Garai batean Baztan ibarreko ekonomian nagusi ziren. Behien artean haragi behiak nabarmentzen dira; ardietan, berriz, ardi latxa da nagusi, eta muturraren koloreagatik bi mota bereizten dira: muturbeltza eta muturgorria.


Dokumentuaren akzioak