Dokumentuaren akzioak
Mendeko Giselle onena kubatarra da
Mendeko dantzari bikainetakoak, Alicia Alonsok, ikusteko eragozpenak ditu ia 80 urte ditu, eta ondorioz, ezin du gozatu dantza klasikoaren mugimenduen eta koloreen magiaz, eta, halaber, ezin du oinez ibili bere hankez baliatuta, lehen modu bikainez erabiltzen zituen hankez, gorputzaren ezintasun bat dela kausa.
«Oso egoista naiz bizitzarekin, eta modu batean edo bestean bizitzeko itxaropena daukat», esan du, irribarre zabal eta pozgarriaz, Kuban prima ballerina assoluta gisa ezagutzen duten dohain handiko emakume honek, Iberoamerikako dantza klasikoko pertsonaia bikainenak. Etxe kolonialean, Kubako Balet Nazionalaren (BNC) egoitzan, izan zen solasaldia, bere argazkiez, bere errepertorioko pertsonaien argazkiez, eta Fidel Castroren eta Che Cuevara mitikoaren argazkiez girotutako bulego batean.
Alicia Alonsoren benetako izena eta abizenak Ernestina de la Claridad Martinez y del Hoyo dira. Zortzi urte zituela hasi zen dantza egiten, eta hamabost urte zituenerako Estatu Batuetako School of American Ballet-en ari zen ikasten. Hamazazpi urte zituela ekin zion bere jardun profesionalari Broadwayen, eta urtebete geroago American Ballet Caravan-en hasi zen, egungo New York City Ballet-en aurreko konpainian.
Baina bere ibilbide bikaina 1940. urtean hasi zen, Ballet Theatre of New York konpainian sartu zenean urte hartan bertan sortu zen konpainia hori, errepertorio erromantikoko eta klasikoko obra handiak egiten hasi baitzen. Giselle bezalakoak. Duela mende erdia baino gehiago interpretatu zuen Giselle lehen aldiz New Yorkeko Metropolitan Opera House ospetsuan, eta balet horrek eskaini dizkio beste edozeinek baino ospe handiagoa eta emanaldiak egiteko plaza gehiago.
1948. urtean bere obrari ekin zion, eta Kubako Balet Eskola sortu zuen, mende honetan sortu den bakarra, gaur egun munduko balet eskola handienetakotzat hartzen dena, eta Parisko Operari ere aurre egiten ahal diona.
Interpretazio modu berri bat
Alicia Alonsok Kubako Balet Eskolaren eta Kubako Balet Nazionalaren lana azpimarratu digu: «Kubako Balet Eskolak bere gailurrarekin, Kubako Balet Nazionaleko Konpainiarekin, dantzaren mundua aberastu du, saio gogoangarriak eskainiz, interpretazio modu berri batez, eta klasiko handien estiloari begirunea dion berriztapen batekin».
Hori guztia berresten du Aliciak, pose intelektualik egin gabe, eta hizkuntza korapilatsua erabili gabe, harrokeriarik gabe, nahiz eta munduko hainbat dantza konpainiak beren errepertorioetan gordetzen duten Alicia Alonsoren obra koreografikoa .
Irribarrez ziurtatu du Kubak dantzariak, koreografoak eta irakasleak dauzkala mundu osoan, erakusten eta laguntzen. Espainian, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, balet katedra bat dago 1995. urtetik aurrera, eta Alicia Alonso bera da horko burua; eta baita Frantzian, Israelen eta Txinan ere. «Kubatarrak daude munduko konpainia handietan, Ingalaterrako Royal Ballet-en, New Yorkeko Ballet Theatren, Parisko Operan, Erromakoan eta baita Milango Scalan ere», dio dantza unibertsaleko maisu honek, Nureyev bezalako handiekin eta Moskuko Bolshoi-ko eta Leningradoko Kirov-eko solista onenekin aritu izan denak.
Uhartea uzteko asmorik ez duela inoiz izan aitortu du Aliciak, nahiz eta eskaintza tentagarri ugari izan eta Kubako egoera zaila izan, urteotako krisi ekonomikoak areagotuta. «Kuban irakaskuntza doan da, eta Kubako edozein tokitan agertzen den talentua ez da alferrik galtzen. Gure emakume eta gizon dantzarien produkzioa izugarria da, baina hazten direnean zaindu egin behar dira bi segundotan joan ez daitezen; izan ere, Konpainiaren atzetik dabiltzanak dantzari horiek erosten saiatzen dira, eta hainbatetan haiek engainatzea, zorabiatzea lortzen dute», samintasunez onartzen du artista iraultzaileak.
Fidel Castro komandanteak Kubako kulturako heroi gisa goraipatu izan du Alicia Alonso, eta makina bat aldiz omendu du.
Munduko dantzaren gailurra
Alicia Alonsoren gaitasun artistiko eta antolatzaileari esker sortu ziren Habanako nazioarteko balet jaialdiak, 1960an, zeintzuek Kubako hiriburua munduko dantzaren gailur bihurtu baitute. Ikuskizun hori munduko bakarra da, izan ere, jende ugari bildu ohi da herriko hainbat antzokitan, eta sarreren salneurriak oso txikiak dira munduko beste tokietako arte honen maitaleentzat ulertezina da.
Giselle liraina, erromantikoa eta samindua izan da Alicia Alonso, eta baita Carmen sentsuala, Yocasta tragikoa eta Callas mitikoa ere. Beltxarga eta laboraria izan da dantzaren misterioa dela kausa. Bizitzari zer eskatzen dion galdetu nion, eta bere eskuez keinu biziak eginez, oraindik gordetzen duen dantzaren ospakizunaren ispilu, labur erantzun zuen, gauza asko adierazirik baina: «Gehiago lan egitea. 200 urte bizitzea».
Dokumentuaren akzioak