Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mende erdiko Beti Jai Alaik dantzan darrai

Dokumentuaren akzioak

Mende erdiko Beti Jai Alaik dantzan darrai

Basurtuko taldea inoiz baino biziago dago bere 50. urteurrenean, euskal folklorea sustatze lanean etenik gabe aritzeko asmoz

FRANKISMOA bizi-bizi zegoen garai hartan, Basurtu auzoan euskal kultura berpizteko grina nabaritu zutenean. 1967. urtean, Jon Petrika zenak eta Beti Alai taldeko partaide batzuek taldea utzi eta Beti Jai Alai folklore elkartea sortu zuten, Basurtu inguruko bizilagunekin batera. Beraien helburua zen Euskal Herriko dantzan, ohituretan eta errituetan ikerketa, ikasketa, zaintza eta hedapen lana egitea. Nahiz eta taldearen eraketa lehenago izan, sorrerako datatzat 1968ko apirilaren 21a hartzen da. Beraz, 50 urteko ibilbide zaila bezain oparoa ospatzeko unea heldu zaie dantzariei. “Harro sentitzen gara 50 urte pasatu eta gero taldea inoiz baino biziago egoteaz. Ezinezkoa dirudien arren, gaur egun mantendu egiten da Jon Pertikak, Bilboko langileen auzo batean, 1968. urtean dantza taldea sortu zuenean, lortu nahi zuen helburu bera; Euskal kultura eta folklorea zabaltzea, alegia. Jakina, taldeak hainbat zailtasun gainditu behar izan ditu, baina lortu duen arrakasta ikusita, ziur gaude esfortzua merezi izan duela”, adierazi dute Beti Jai Alaiko kideek.
Egilea
Marta Goikoetxea
Komunikabidea
Bilbao
Mota
Albistea
Data
2018/04/02

Sorreratik taldea handitzen joan zen, eta kideak gehituz joan ahala, ensaiatzeko aretoa aldatu beharra zeukaten, beharrizanei egokitze aldera. 2004tik asustegi Estratako lokalean elkartzen dira eta partaidetzari dagokionez, benetan indartsu daude. Dantzari helduak eta musikariak hirurogei pertsona inguru dira, baina zenbaki hori labur geratzen da. Izan ere, berrogeita hamar bat ume badaude, baita gurasoez eta dantzari ohiez osatuta dagoen hamasei pertsonako koru txiki bat ere. Honi guztiari gehitu behar zaio dantzak ikastenari den guraso-talde bat. Beraz, taldea 150 pertsona inguruk osat zen dute.

Mende erdiko ibilbidea bete ostean, Beti Jai Alai luzaroan irauteko baldintzak betetzen dituela esan daiteke. Hainbat eta hainbat pertsonarentzat, taldea beraien bizitzaren “oso alde garrantzitsua” da. Izan ere, gehienak txikitan hasi ziren dantzan, eta askotan ezkondu eta gero jarraitu egiten dute. Gaur egun dantzatzen duten umeen artean “hasierako kideen ilobak” daudela esaten dute. Belaunaldi berriak gustora ari dira taldean eta horri esker uste dute elkartearen jarraipena bermatuta dagoela. “Hori da, hain zuzen, Jon Pertikak sortu nahi zuen filosofia: euskal kulturarekiko maitasuna konpartitzen duen lagun talde bat sortzea, eta kultura hori ahalik eta gehien zabaltzea. Egia da, esfortzu eskatzen duen edozein ekintza altruistarentzat garai txarrak direla; baina gu ezin gara kexatu. Gazte bat baino gehiago kanpora joan da Erasmus ikasturte bat egiteko, baina urte hori pasatu eta gero, taldera itzuli da. Legezkoa denez, batzuk joaten dira, baina orain arte behintzat, beti egon da ordezkoa”, aitortu du elkarteak. 

Urteurren borobila ospatzeko, ekitaldiz jositako egitaraua prestatu dute. Urtarrilaren 12an hasi ziren, eta urte osoan zehar jarraituko dute; beraz, lanez lepo daude. Egun hauetan buru-belarri daude apirilaren 16tik eta 21era bitarteko ekintzak prestatzen. Horietako bat, argazki-erakusketa izango da.50 argazkiren bidez taldearen ibilbidea erakutsi nahi dute, gainera, honekin batera talderako izan diren jantzirik adierazgarrienak ere aurkeztuko dituzte. Erakusketa hori Basurtuko Udaltegian (Zankoeta kalean) egingo da, eta arratsaldez egongo da irekita. 

Apirilaren 21ean ekitaldirik nagusietariko bat egingo dute. Egun horretan, taldetik pasatu diren ehunaka kide bilduko dira, eta jai handia egingo dute. Goizean, Sabino Aranaren bukaeran dantza ekitaldi bat egongo da, eta bertan garai ezberdinetako dantzariek hartuko dute parte. Gero, Basurtuko eskolan, bazkaria izango dute, eta jaia bukatzeko, Luhartz taldearekin erromeria egingo dute Sabino Aranan, goizeko ekitaldiko toki berean. 

Horrez gainera, hurrengo hilabeteetan beste ekitaldi batzuk egongo dira: ekainean umeen alardea, uztailean nazioarteko dantza ekitaldia, irailean Haiko taldea, besteak beste. Edonola ere, beste momentu ipagarri bat izango da azaroaren 18an, Arriaga Antzokian egingo duten ikuskizuna. Bertan taldearen historia aurkeztuko dute, eta dantzen bidez momenturik adierazgarrienak irudikatuko dituzte. Izan ere, ezagunak eta aitorpen handikoak dira Beti Jai Alaik euskal folkloreari egin dizkion ekarpenak. Beraiei zor zaie Begoñako Ezpata-Dantza (koreografiak eta musikak Ama Birginaren abestian oinarrituta); 1977tik, Andramari egunean, basilika barruan dantzatzea, eta Begoñako elizateko aurreskuaren berreskurapena, besteak beste.

Jon Pertikaren omenez

Otsailaren 19an Jon Pertika, Beti Jai Alai dantzari taldearen sustatzaile nagusia, zendu zen, laurogei urte zituela. Dantzari eta ikerlari bilbotarrak egindako lan eskergarik gabe, taldea ez litzateke egongo gaur dagoen lekuan. Ezinbesteko oinarria, hauspoa eta argia izan zen elkartearen 50 urteko ibilbidean. Berak etengabe zaindutako eta ongarritutako hazia, haritz sendo eta eder bihurtu da, orain etorkizunari ausardiaz aurre egiteko prest dagoena. “Urtean zehar, omenaldi bat baino gehiago egingo dizkiogu Joni,“omenaldiekin” berak egin zuen lan handiaren zati txiki-txiki bat baino itzuliko ez badiogu ere. Eskaini diezaiokegun omenaldirik handiena da aurrera jarraitzea. Kide guztiok inoiz baino indartsuago gaude taldea aurrera eramateko, eta, inolako etenik gabe, lan egiten jarraitzen dugu markatuta zeuden proiektu guztiak aurrera eraman ahal izateko. Ziurgaude momentu txarretan berak jarraitzeko behar dugun indarra bidaliko digula”, aitortu dute taldekideek.

Dokumentuaren akzioak