Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mende erdia dantzan

Dokumentuaren akzioak

Mende erdia dantzan

Andra Mari taldeak, 50 urte

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2005/12/16

Zer du bereizgarri Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak? Tokian tokiko dantza tradizionalak bildu eta han eta hemen aurkezterako orduan erakutsi duen zorroztasuna. Alegia, originalaren kopia bikainak egiteko erakutsi duen gaitasuna. Kopiak edonork egin ditzake, eta dantza tradizionalaren alorrean hamaika kopia txar ikustera ohituta gaude. Galdakaoko Andra Mari, ordea, kopia bikainak egiteagatik nabarmendu da. Eta, noski, kopiek, bikainak direnean, jatorrizkoaren balio bera hartzen dute. Ez da hori Andra Mariren meritu bakarra, baina bai erakutsi duen dohain garrantzisuetako bat.



Dantzen erreprodukzio fidelak



Behin baino gehiagotan gertatu zaie Galdakaoko dantzariei, jatorrizkoa galdu delako edo nolabait eraldatuta gertatu delako, haien laguntza behar izatea dantza berreskuratzeko. Esan liteke liburuekin biblioteka nazionalek jokatzen duten papera bete duela Andra Marik zenbait dantzarekin. Eta ez da lan makala dantzak gordetzea. Liburuak apal batean gorde daitezke, eta ehun urtean inork ez baditu erabiltzen ere, hor jarraituko dute. Baina dantzak ezin dira apaletan gorde. Dantzak egiten diren unean bertan bakarrik bizi dira. Bideoak dantzak gordetzeko tresna onak izan daitezke, baina ez dago zalantzarik, aurrez aurreko dantza ikasketa bideo bidezkoa baino hobea denik oraindik ere. Hamaika nahasketa eta huts egiten dira bideo hutsez ikasitako dantzetan. Dantzak ikasteko eta dantzak bizirik gordetzeko, dantzariak eta taldeak ezinbestekoak dira oraindik.



Zenbaitentzat kopiak egiten aritzea ez da oso jarduera interesgarria gertatzen. Baina dantza tradizionalaren alorrean horixe izan da euskal taldeen %80k egin dutena azken 50 urteotan. Tamalez, kopia kaskarrak izaten dira gehiegitan, jatorrizkoaren dohainik jasotzen ez dutenak. Kopiatze lanak ongi egin dituzten taldeek, ordea, ekarpen garrantzitsuak egin dituzte. Izan ere, herri eta auzoetan, urtean behin, eta maiz beste guztiok lanegun ditugun egunetan bakarrik, ikus daitezkeen dantza eder eta hunkigarriak ezagutarazi dira erreprodukzio sistema horren bidez. Zenbat izango dira Zuberoako dantzak noizbait zuzenean ikusi ahal izan dituztenak inoiz Zuberoan bertan egon gabe? Eta zenbat joan ote dira Zuberoara maskaradak ikustera hango dantzen kopiaren batek erakarrita?Euskal dantzen dibulgazio lan izugarria bultzatu dute dantza taldeek, eta lan horretan maisutza erakutsi du Andra Mari dantzari taldeak. Bai Euskal Herrian, eta baita atzerrian ere. Izan ere, 1965ean Galesko Llangollengo Nazioarteko Jaialdian euskal dantzen erakustaldia egin zuenetik Europa osoan eta Ameriketako zenbait eskualdetan egin dituzte emanaldiak galdakaoztarrek: Flandrian, Alemanian, Herbehereetan, Ingalaterran, Frantzian, Finlandian, Suedian, Austrian, Hungarian, Irlandan, Kanadan, Errumanian, Lituanian, Danimarkan, Italian, Portugalen... Zerrenda amaigabea da.



Berreskuratze lanak



1970eko hamarkadan hartu zuen Andra Marik gaur egun arte jarraitu duen bidea. 1955ean sortu zen eta lehen urteetan jarduera bizia izan zuen. 70eko hamarkadan zehaztu zuen taldeak bere lan ildoa. Juan Antonio Urbeltz ezagutu zuten Andra Mariko kideek, eta hark, dantza tradizionalak zintzotasunez egiteko jatorrizko iturrietara joan beharraz ohartarazi zituen. Horrela heldu zioten horren emaitza oparoak eskaini dien bideari



Iturrietarako ibilbide horretan, galduta edo galtzear zeuden zenbait dantza bildu eta berreskuratzeko aukera izan du Andra Marik. Adibidez, Altsasuko inauteria bertan behera utzita zegoen Galdakaoko dantzariak bertara iritsi zirenean. Altsasuko herritarren laguntzarekin, oroimen soiletatik abiatuta, inauteri ikusgarria berreskuratu zuten. Gaur inoiz baino osasuntsuago ospatzen da inauteria Altsasun, bizi-bizirik. Eta, gainera, Galdakaon ere bizi da Altsasuko inauteria.Aipatzekoa da, halaber, Arratiako jotak izenarekin ezagutarazi den dantza moldearen bidez Andra Mariko kideek egin duten ekarpena. Dantza soltea dantzatzeko modua eraldatzen ari zela ikusi zuten. Fandango, arin-arin, trikitia edo porrusaldak dantza egiteko modu tradizionalak baztertzen eta txapelketen ereduak nagusitzen ari ziren unean, jotak dantzatzeko molde tradizionalak berreskuratu zituzten. Horretarako, Arratiako bailarako adinekoen dantza moldeak aztertu eta jota eta porruak dantzatzeko urrats eta moldeak bildu zituzten. Emaitza iraultza moduko bat izan da dantza tradizionalaren alorrean. Exhibizio gimnastikoak alde batera utzi, eta dantzaren adierazkortasuna, nortasuna eta emozioa indartzen dituen dantzakera berreskuratu dute.



OSPAKIZUNAK

Urteurren bete-betea



Beste bi orri osorik beharko genituzke Andra Mari dantzari taldeak mende erdia ospatzeko antolatu dituen ekitaldiak zerrendatzeko. Urtarrilean hasi eta abenduko azken hondarretaraino ia astero izan dituzte ekintzak. Noski, dantza emanaldiak izan dira nagusi, baina horiez gain, musika, hitzaldiak, mezak, bazkariak eta beste hamaika ekitaldi antolatu dituzte.



Opariak ere jaso ditu Andra Marik urtebetetze berezi honetan. Herrikideen eta euskal dantzarien ezagutza jaso dute, baina, ziur aski, oparirik ederrena Boiseko (Idaho, AEB) Oinkari dantzari taldeak egindakoa izan da, uztailean Boisen bertan ospatu zen jaialdira gonbidatuz. Dantzari euskal-amerikarrekin bizitako esperientzia aberatsak hunkituta itzuli ziren galdakaoztarrak Idahotik.





«Ez da ikusten dantza taldeek egiten duten lana»

Mikel Goitia, Andra Mari dantzari taldeko kidea



- Hamaika ekitaldi egin dituzue urteurrena ospatzeko.



Urtaroen arabera Euskal Herrian ditugun ohituren inguruko ekitaldiak antolatu ditugu. Erregeak urtarrilean, otsailean inauteriak, maiatzean erreginak, eta abar. Bulgaria, Txekia eta Eslovakiako taldeak izan ditugu, eta gure ohiturekin antzekotasunak dituzten tradizioak erakutsi dituzte. Bitxia da mundu globalizatu batean horrelakoak aurkitzea, eta, adibidez, hemengo eta Bulgariako inauterien arteko antzekotasunak ikustea.



- Zein izan da ekitaldi hunkigarriena?



Taldekideentzat, ziur aski, urrian Urreta kiroldegian egin genuena. Han batu ginen taldean 50 urtetan izandakoak. 170 dantzari baino gehiago, 6 urtetik 67ra bitartekoak. Boisera egindako bidaia ere oso berezia izan zen guretzat, batez ere Oinkariko dantzariekin izandako harreman bereziagatik.



- Euskal Herrian ehunka dantza talde daude. Zein da Andra Mariren bereizgarria?



Garbi izan du bere bidea zein izan den, eta horri eutsi dio urte askoan. Ohiturak, dantzak eta musikak batu ditugun moduan gordetzen saiatu gara. Hori zaila da, eta urteak pasatu ahala, gero eta zailagoa. Orain erraz ikusten da lan hori. Orain 25 urte ibiltzen ziren Kepa Artetxe eta abarrek, horiek bai dutela meritua.



- Zeintzuk izan dira Andra Marik 50 urte hauetan egindako ekarpen garrantzitsuenak?



Alde batetik, nire ustez, Andra Marik berreskuratu dituen dantza eta ohiturak. Altsasuko inauteriak, Aurizeko ingurutxoak, ttun-ttuna... Dantzak berreskuratu, mantendu eta plazaratu. Bestetik, berezia izan da iaz gu Leitzan izatea eta haiek eskatzea guk haiekin ingurutxoa dantzeko.



- Arratiako jotak berreskuratu eta hedatzeko egin duzuen lanarengatik ezagutu zaituzte askok. Zer ezaugarri dute jota horiek?



Azken batean, Bizkaian egiten zen jota da. Arratian bertan ikasi genuen nola dantzatzen zen. Oso jota naturala delako izan du arrakasta. Zaharrenei gazte denborak gogorarazten dizkie. Ez du zerikusirik orain egiten diren dantza askatuekin. Nagusiek beren burua ikusten dute dantzetan. Oso urrats desberdinak eta bereziak ditu, baina naturala da. Oso ikusgarria. Bideoetatik ere ikasi du jendeak, eta hor arazo bat dago, nola egin ez delako ondo ikasten.



- Egindako lanak ezagutzarik baduela ikusten al duzue?



Gure herrian bai, ezagutza hori igartzen dugu. Baina, oro har, euskal folklorearen inguruan egiten den lanaren errekonozimendua falta da. Folklorea baztertuta moduan dago, ez da ikusten euskal dantza talde guztiek egiten duten lana.



- Zeintzuk izan dira Andra Mari dantza taldearen erreferentzia nagusiak?



Hasieran, Txelu Etxebarria izan zen taldea bideratu zuen pertsona garrantzitsu bat. Gero Juan Antonio Urbeltzek aldaketa eman zion taldeari, eta berak erakutsi zigun gure bidea. Dantza maisu handiak ere egon dira, baina izenak emateak arazoak ditu, batzuk esan eta besteak ahazteko arriskua dagoelako. Guretzat, bai dantza maisu eta bai pertsona maisu moduan Kepa Artetxe eredua da. Taldearen lehen pausoekin hasi zen eta oraindik jarraitzen du, eta urteetan ere espero dugu jarraitzea.



- Zer moduz ikusten duzu dantza tradizionalaren alorra?



Dantza talde asko daude, baina folklorea herria dagoen moduan ikusten dugu. Bidea falta da. Folklorea herri baten ispilua omen da. Herriak ez du bide argirik, zuzenik, eta dantza taldeak antzera dabiltza, alde batetik bestera, moden arabera. Guk ere ez dakigu bide zuzena daramagun, baietz uste dugu, baina denborak esango du.



- Urteurreneko azken jaialdia hilaren 28an egingo duzue, eta gero zer?



Lagun handi batekin bukatuko dugu, Benito Lertxundiren emanaldiarekin. Eta aurrera begira? Aurtengo moduko urte gogor baten ondoren, azterketa egin behar dugu, nolako bidea hartu behar dugun beste 50 urte jarraitzeko. Horretan gabiltza, datorren urteko plangintza egin, azken urteetan egin ez ditugun dantza batzuk berreskuratu...

Dokumentuaren akzioak