Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mende erdi Olentzerorekin gabon eskean

Dokumentuaren akzioak

Mende erdi Olentzerorekin gabon eskean

Egilea
Mikel Elkoroberezibar Beloki
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Tokia
Azpeitia
Mota
Albistea
Data
2023/12/16
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Olentzero ez da ausaz joaten Euskal Herriko etxeetara. Lesakara (Nafarroa), Oiartzunera (Gipuzkoa) eta beste zenbait herri eta ibarretara aspalditik joaten da, baina beste herri askotara duela lauzpabost hamarkada hasi zen joaten. Horien artean, lehenengo geldialdietako bat Urrestillan (Azpeitia, Gipuzkoa) egin zuen, 1972an. Ordutik gaur arte, urtero joaten da urrestildarrekin gabon eskean baserriz baserri, eta Gabon gauean, berriz, herritarren etxeetara. 1970eko hamarkadan hasitako egitasmo hori xelebretzat jo zuten batzuek, baina gaur egun Urrestillan oso errotuta dagoen tradizio bat da.

Karmen Arozena da Urrestillako gabon eskea sortu zuen taldeko kideetako bat. Kontatu du Gabon egunean talde txikitan eta jaiotza hartuta joaten zirela gabon eskean, beste hainbat herritan bezalaxe. Hala ere, 1970. urtean ikastola sortu zuten Urrestillan, eta horren inguruan antolatu zuten lehen aldiz gaur arte egin den gabon eskea. «Beste era bateko planteamendua egin genuen: Olentzerori buruzko informazioa inguratu genuen, eta horren bueltan hasi ginen gabon eskea antolatzen. 1972. urtean egin genuen lehen aldiz. Bi taldetan irteten ginen: bat umeen taldea zen, gaztetxoena; bestea herriko neska eta mutil gazteena zen. Horren helburua zen sosak biltzea ikastolari laguntzeko. Garai horretan jaialdiak eta halako jarduerak horretarako izaten ziren. Orduan hasi ginen gu», gogoratu du.

Helburua hori bazen ere, ondorio ugari izan ziren hasieratik. Izan ere, Olentzero ez zen ezaguna Urola ibaiaren inguruko herrietan, eta batzuek «pertsonaia xelebretzat» hartu zutela esan du. Lehenak izan ziren inguruan Olentzerorekin kalera ateratzen: «Ibar honetan inork ez zuen ezagutzen Olentzeroren izanik, ez izenik. Urrestildarrok berezi fama dugu, eta esaten zuten: ‘Urrestildarrek zer asmatu dute? Zer pertsonaia asmatu dute Gabonetarako?’. Baina jakin genuen, nire ustez, hori saltzen. Zer zen, zertarako zen, nondik zetorren. Ondo hartuak izan ginen, eta gizarteratuz joan zen».

Gainera, garai hartan Urrestillako etxeetara Errege Magoak joaten ziren, baina gabon eskearen antolatzaileek etxez etxe bultzatu zuten Olentzero izan zedila opariak eramaten zituena. «Aurrez opariak jasota, umeek oporrak gehiago aprobetxa zitzaketen horrela», azaldu du Arozenak.

Mende erdiz atera dira, urtero-urtero, gabon eskean. Tradizio bihurtu dela nabarmendu du Arozenak. «Batzuetan fundamentu handiagoarekin eta beste batzuetan txikiagoarekin irtengo zen, baina konstantzia hori niretzat egundokoa da. Lehenago entseguak egiten genituen, eta girotuz joaten ginen. Gaur egun, girotze hori pixka bat arindu da, baina konstantziak poz handia ematen du».

Bizipen aberatsak

Arozenak denetariko pasadizoak ditu kontatzeko, 50 urtez baino gehiagoz ibili baitira baserriz baserri gabon eskean. Baserri askotan «bizipen oso aberatsak eta pertsonalak» dituztela kontatu du: «Baserri askotan egoten ziren gure zain, eta denetik ematen ziguten: baserri batean, Kas eta galletak; beste batean, kafesnea. Batzuetan pixka bat bribolinduta ailegatzen ginen: batean sagardoa eman zigutela, eta bestean ardo goxoa eman zigutela… Orain 40 urte dauzkan jendeak esaten du gogoratzen dela zein ondo pasatzen zuten gabon eskean, eta horrek asko balio du».

Arozenak azpimarratu nahi izan du Urrestilla «herria» dela, eta gabon eskeak balio izan duela talde sentimendua, herri sentimendua, indartzeko. Adibidez, kontatu du Urrestillako bizilagun batzuk Txiletik joandakoak direla, eta esan izan diotela «zein garrantzitsua» den haientzat gabon eskean parte hartzea, herriaren parte sentitzeko: «Aberastasun handia da hori».

Urrestillako gabon eskeak badu iragana, baita oraina ere. Etorkizuna, ordea? Arozenak txalotu du herriko guraso gazteen inplikazioa, eta, haren ustez, gabon eskeak etorkizun luzea du: «Nik, behintzat, sinisten dut horretan».  

Dokumentuaren akzioak