Dokumentuaren akzioak
Mende erdi etenik gabeko hegaldian
Gernika-Lumoko Elai Alai taldeak dantza emanaldi batekin ospatuko du gaur gerra ostean bere jarduera jarraitu zueneko 50. urteurrena
Gerrak eta diktadurak 1927an hasitako hegaldia eten zioten Elai Alai dan-tza taldeari hamar urte geroago. Bere jarduera erbestean luzatu zuen arren, 1965era arte ez zen berriz aireratu. Aurten betetzen da mende erdia berpizkunde hartatik eta, horregatik, ekitaldi berezi batekin ospatuko dute gaur taldean ari diren eta ibilbide luze honetan aritu izan diren ia berrehun dantzarik. Ordu beteko saioa izango da Jai Alai pilotalekuan, belaunaldi desberdinetako dantzariekin.
Urte guzti hauetan ia mila neska eta mutilek egin dute dantzan taldean, ur tanta desberdinek erreka baten jarioa behin eta berriro osatzen duten legez, “batzuetan lur azpiko bidea jarraitzen badu ere”, dio Txomin Unzaluk, ia 30 urteko etenaldiaren ostean aurreko taldearen izena horregatik berreskuratu zela gogoratuz. Unzalu izan zen euskal kultura hainbat arlotan berpizten hasi zen sasoi hartan dantza taldearen ardura hartu zuena. Bilbotarra jaiotzez, lanak Gernikara ekarri zuen eta, hainbat taldetan izandako esperientziaz baliatuta, 2002ra arte izan da taldeko buru.
Unzaluk onartzen duenez, “izen propioak egon arren, herri zati handi bat murgildu zen lan horretan”. Adibidez, Santa Cecilia koralaren gidaritzapean, tresneria, banderak, jantziak eta abar prestatzen zituzten. Lehen agerraldi publikoa martxoaren 23an izan zen, Pasealekuan, eta horregatik, aurten ere dantzari berberek saioa eskaini zuten egun, ordu eta leku berean. “Bai orduan eta bai aurten, gainera, larunbata izan da”, nabarmentzen du Egoitz Atxikallende dantzari eta ekimenen antolatzaileetako batek. Lehen pausoak “ilusioz josita” eman zirela gogoratzen du Unzaluk nahiz eta urte nahasiak izan ziren oraindik eta, “Euskal Herri osoan bezala, Gernikan ere sasoiko zailtasun arruntak” sufritu behar izan zituzten.
Mende erdian, hainbat eta hainbat izan dira egindako dantza saioak, batzuk atzerrian ere bai: Polonia, Alemania, Venezuela, Kolonbia… baina arduradunen poztasunik handienak galdutako antzinako ohiturak berreskuratu izana eta taldeak jarraipena izango duela ziurtatzea dira. “Erregelak eta Uriko aurreskua galduta zeuden eta duela 30 bat urtetik hona euren lekuan hartu dute jaietako egitarauan”, azaltzen du Atxikallendek. Taldearen etorkizunari dagokionez, gaur egun dantzan ari diren 30 nagusiek eta 120 bat umek bermatuta dagoela erakusten du. “Gaurko ekitaldiaren asmoa ez da hainbeste 50 urte horien meritua onartzea, gehien bat adierazi nahi duguna da talde bat ez dutela bizpahiru lagunek egiten, baizik eta eskuz-esku pasatzen joan den hainbat jendearen lana dela, eta etorkizuna baduela”, Atxikallendek dioenez.
Arratsaldeko 19:30etik aurrera, belaunaldi desberdinetako ia 200 dantzarik ordu beteko saioa eskainiko dute Jai Alai frontoian; 1965eko martxoaren 23 hartan aritu zirenetatik hasi eta gaur egungo gazteenetaraino. Guztietatik, 32 mutil eta 40 neska lehengo taldekideak dira, irailetik hona entseguetan ari direnak. “Ez da zaila izan batzea, asko koadrilakoak direlako, beste asko urtean behin batzen direlako bazkariak egiteko… Entseguetan alfer hasi ziren, baina gero xuxua sartu zitzaien”, jakinarazten du Elai Alaiko arduradunak.
Hauei, Errenteriko Gazteak txistulari taldea eta Busturialdeko Gaiteroak gehitu behar zaizkie, jakina, dantzak protagonismo osoa izango duen saioan. Mutilen Dantzari dan-tza, nesken Arku eta Zozo dantza, gaztetxoen Arku dantza, Gipuzkoako Makil-txiki, Esku dantza eta Txulalai, eta amaieran helduen Lapurdiko inauteriak osatuko dute emanaldia. Bitartean mende erdiko ibilbidearen lekukotza emango duen argazki proiekzioa ere izango da; elaiaren hegaldi alaia gaurdaino mantendu duten dantzarien irudiak, gazteek eredua jarraitu eta etorkizunean sekula etenik izan ez dezan.
Dokumentuaren akzioak