
Euskal Herria Museoa eta Bakearen Museoa, estreinakoz, bien arteko elkarlanean oinarrituriko memoria jardueraren gordeleku dira. Ondarearen kolektibizazioa, partekatzea eta, batez ere, herritaratzea islatzen du gaur [urriak 3] aurkeztu duten Orratz-begia. Gerrako umeak erakusketak. Espainiako gerra tarteko, ihesera jo behar izan zuten herritarren —bereziki umeen— erbestealdia da formatu anitzeko erakusketaren muina. Aipatutako muse biez gain, ekimenak Intxorta 1937 Kultur Elkartearen, Birminghameko Unibertsitatearen nahiz Memory as Transgenerational erakundearen eta BCA’1937 UK-Euskadi elkartearen parte hartze aktiboa eduki du, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa ere. Erakusketak 2026ko otsail erdialdera bitartean ikusgai egongo dira.
Pairatutako triskantza orainera ekartzeko eta hausnarketa soziala hauspotzeko xedea du proiektuak, eta, horretarako, denetariko euskarriak baliatu gura izan dituzte. Egitasmoaren epizentroa Judith Martinez, Cecilia Zabaleta eta Joxerra Melgizoren behar artistikoa da; hori bai, beraiez gain, Alicia Garciak, Ana Arregik zein Joseba Sarrionandiak beraien olerkiekin ere parte hartu dute.
Proiektuaren gaurko aurkezpen agerraldian, sustatzaile eta erakunde parte hartzaile zein laguntzaileen ordezkaritza egon da: Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalaga, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Juan Ramon Garai, Birminghameko Unibertsitateko irakasle eta Memory as Transgenerational ikerketa taldeko partaide Monica Jato, EHUko irakasle Josu Txueka, Euskal Herri Museoko zuzendari Leire Irazabal eta Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitio. Beraiekin batera, sortzaileen ordezkaritza ere bertaratu da: Martinez, Arregi eta Melgizo.
34.000 baino gehiago izan ziren 36ko gerragatik ebakuatu behar izan zituzten umeak eta, gehienak iparraldeko fronte eremutik irtendakoak. Haien guztien memoria berreskuratzeko eta ikusarazteko asmoz, hainbat tailer egin zituzten 2023a eta 2025a bitartean; Gernika-Lumon, Arrasaten eta Southamptonen egin zituzten saiook. Antolatzaileek azaldu dutenez, haietatik ondorioztaturiko emaitzak “giltzarri” izan dira, proiektua ontzerakoan: ahozko lekukotzak, dokumentuak, argazkiak zein objektuak bildu ziren haietan. Gainera, erbestea zuzen-zuzenean jasandako herritarren eta haien ondorengoek parte hartu zuten, tokian tokiko kultur eta memoria taldeekin batera; hala, “memoria kolektiboa eta erreparazio sinbolikoa” jorratu zituzten. Sinbolismo horren isla, hunkigarria izan da gaurko aurkezpena, erbestealdia sufritutako gernika-lumotar bat bertan izan delako: Kruzita Etxabe.
Tentakulu bi.
Erbesteratuak jasotako herrialdeen araberako banaketa egin dute: Euskal Herria Museoak Frantzia, Katalunia eta Amerikako erbeste esperientziak bildu ditu; Bakearen Museoak, berriz, Belgika, Erresuma Batua, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) eta Txilekoak. Hori bai, bada Euskal Herria Museoak gordetzen duen eremu “partikular” bat ere: Elai Alai dantza taldeari dagokiona. Etxabe, hain zuzen, talde horren kide izan zen erbestean.
Jose Mari Gorroño: “Gizarte mailan gailentzen ari den indiferentziaren aurrean, erakusketa honek irakasten digu gerretako galtzailerik funtsezkoenetakoak haurrak direla”
Alkateak memoria historikoa egungo gatazka ugarirentzako “konponbidea” dela azpimarratu du: “Memoriaren lanketa da biolentzaren kontrako osagaietako bat, eta erakusketa hau horren eredu da. Alde batetik, herritar eta hau haiek denek pairatu behar izan zuten oinaze fisikoaren nahiz sufrimendu moralaren adierazle da; bestetik, gertatutako hura ahaztu ez dadin, herritarrek egindako lan gogorraren erakusle ere bada”. Era berean, proiektuaren oinarria egun puri-purian dauden gatazka armatuekin erkatu beharra plazaratu du: “Ez da inondik inora nobedadea palestinar herria sufritzen ari dena; gizarte mailan gailentzen ari den indiferentziaren zein pasibitatearen aurrean, erakusketa honek irakasten digu gerretako galtzailerik funtsezkoenetakoak haurrak izan eta izaten direla, eta belaunaldi berriak memoriaren, justiziaren eta errespetuaren lanketara gonbidatzen ditu”.
Leixuri Arrizabalaga: “Aisiari dagozkien kultur elementuak salaketarako tresna politiko bihurtu zituzten, batik bat, beraien dantzak Frantzia osoan zehar zabaldu zituzten Elai Alai dantza taldekoek”
Arrizabalagak elkarlanaren balioa aintzatetsi du: “Hala testigantzak eman eta jasotako herritarren artekoa, nola erakusketa sortzen eta diseinatzen ibili direnena”. Auzolanaren indar horrek, hain zuzen, “memoriaren eraikuntza eta gizarteratzea” dakarrela azpimarratu du diputatuak: “Gure historia ez da soilik artxibo edo liburuetan gordetzen; gerrako umeek, dantzen, kanten eta musikaren bidez, beraien identitatea eta nortasuna bizirik mantendu zituzten erbestean; aisiari dagozkien kultur elementuak salaketarako tresna politiko bihurtu zituzten, batik bat, beraien dantzak Frantzia osoan zehar zabaldu zituzten Elai Alai dantza taldekoek”.
Juan Ramon Garai: “Euskal Herri osoko erbesteratutako haurren erakusketa handi bat egin gura dugu, eta horretarako hitzordua dagoeneko finkatua dugu: 2027ko maiatzaren 22a, Bilboko Itsas Museumean”
Intxorta 1937ko elkartekide Garaik, erakusketa ontzeko, aurretiaz azterturiko ikerketa lanak eta “mundu osoan” bisitaturiko artxiboak gogoratu ditu: “Horietatik, ondorio nagusi bi atera ditugu: erbesteratutako haurren jatorrizko artxiboak eta errondak erabat funtsezkoak direla, goragokoetan ageri ez den informazioa lortzeko; halaber, ezinbestekoa dela biziraun zuten herritarrekin edota beraien senideekin zuzenean lan egitea, alegia, lehen mailako informazio iturriak ustiatzea”. Intxorta 1937 Bizkai, Araba eta Nafarroa Garaian ari da egun ikerketak egiten, eta taldearen helburua Euskal Herri osoko erbesteratutako haurren “erakusketa handi bat” egitea da: “Eta horretarako hitzordua dagoeneko finkatua dugu: 2027ko maiatzaren 22a, Bilboko Itsas Museumean”. 1936ko egun horretan atera zen, erbesteratuz gainezka, Habana baporea, Santurtzitik Southamptonera.
Josu Txueka: “Oso garrantzitsua da, Arrasate eta Zumaiaren ostean, lanketa hau Gernika-Lumora ailegatzea, udalerri honek sobera ezagutzen baititu gerra, erbestea eta sufrimendua”
EHU irakasleak, Txuekak, erakusketa “ikerketa luze eta serioaren” fruitua dela azpimarratu du: “Oso garrantzitsua da, Arrasate eta Zumaiaren ostean, lanketa hau Gernika-Lumora ailegatzea, udalerri honek sobera ezagutzen baititu gerra, erbestea eta sufrimendua”. Ikerlaria “harrituta” agertu zen, azterketaren fokua Gipuzkoan ipini zutenean: “10.000 erbesteratu inguru aurreikusten genituen, eta kopuru hori erabat gainditu genuen; Bizkaiko ikerketa amaitzean ere, seguru asko, iragarritako zifrak gainditu egingo ditugu. Eta horrek errealitate kuantitatiboari baino ez dio keinu egiten, kualitatiboari barik; bigarren hori ezagutzeko aukera aproposa da erakusketa hau”.
Txuekak Jose Maria Iparragirreren, “beste erbesteratu baten”, bertsolerrorik “ezezagunenetako” batzuk gogoratuz biribildu gura izan du agerraldia: “Gernikako Arbola-n, badira hain ezagunak ez diren pasarteak, eta horietako batek honakoa dio: ‘Erregutu diogun/Jaungoiko jaunari/pakea emateko/orain eta beti’. Bada, nik honakoa diot: erregutu, exijitu, eskatu diezaiogun mundu osoari Palestinari bakea ematea”.