Dokumentuaren akzioak
Memoria freskatzeko
'Joanikot' pastorala emanen dute bihar Iruñean. Kalejira egin ondoren, herri antzezlana Baluarte auditoriumean antzeztuko dute zuberotarrek
Iruñean emateko gai aproposa du herri antzezlanak: Nafarroako konkista. Arbeloako Joan Joanikot kapitainaren bizitza kontatzen du Joana Etxartek idatzi eta Jean Pierre Rekaltek zuzendu duten pastoralak. Tragediak kontatu ohi ditu herri antzerki genero honek, eta Nafarroako konkistan bi aldetan borrokatutako gizonarena aukeratu du Etxartek bere testurako.
1512an Albako dukearekin lerratu zen Joanikot, Nafarroako konkistan laguntzeko. Lau urte geroago, beste aldera igaro zen, Albreteko familiaren armadara. «Donibane Garaziko gaztelua defendatu zuen 1521ean. Setio horrek ia 21 egun iraun zuen. Galdu zuten, eta Joanikot Iruñera eraman zuten. Han auzi bat egin zioten, eta urkatu, eta bere gorputzaren zatiak Iruñeko sarguneetan agertu zituzten, herriari erakusteko defendatu behar ez zen aldea defendatu zuela», azaldu du Etxartek.
Baina pastoralak ez du soilik Joanikoten bizitza agertuko. Hoztako Mariari buruz ere mintzo da. Izan ere, emakumeen bizipenak ez zituen zokoan utzi nahi Etxartek: «Emazte horrek dena galtzen du: senarra, etxea, herria... eta beste bizi bat egin behar du. Banuen bikote baten tragedia. Hoztako Mariak zer egiten du altxamendu hori prestatzen duten bitartean? Nik rol aktibo bat eman nahi nion».
Pastoralak kontatzen duena ez ezik, pastorala bera balioan jarri du Etxartek, iruindarrei Baluartera joateko gonbita luzatzeko. Bestalde, Maider Beloki Iruñeko kultura zinegotziak esan du hiriko ospakizunekin loturik dela eskaintza: «Pastoral honek Batasunaren Pribilegioarekin bat egiten du». 10:00etan izanen da kalejira. Frantziako portaletik abiatuko dira.
'Joanikot' pastorala
Bihar, 10:00etan Iruñeko Alde Zaharreko karriketan barna, eta 11:00etan Baluarten.
Dokumentuaren akzioak