Dokumentuaren akzioak
Memoria, adiskidetzeko tresna
Haim Adrik Palestina eta Israelgo gatazka du hizpide asteburuon Bilbon emango duen obran
Eta herri biak urruntzen eta hurbiltzen dituen mugaraino eraman du Back up obran. Bihar eta etzi Bilboko Fundicion aretoan emango duen piezan ez du israeldarrek eta palestinarrek nozitzen duten gatazkan sakondu, batzuen eta besteen munduan baizik, norbanakoaren eremuan, aurreiritziak baztertu ondotik eman daitekeen elkar ezagutze eta ulertze egoeran. Memoria kolektiboa ez baita muga, Adriren ustez. Ez luke zertan izan, bederen.
Israelgo Jafa herrian sortu zen Adri, 1968an. Intifadaren belaunaldiarekin batera hazi zen, eta ondorioz, bere nortasuna ez duela batere argi dio. «Beren herria eta lurraldea defendatzeko borroka hasi zuten palestinarren belaunaldikoa naiz eta horrek asko eragin dit, ez dut Israelgo Gobernuan sinesten, ezta haren zilegitasun historikoan ere». Norbanakoan sinesten du koreografo israeldarrak, herritarrean baino gehiago, pertsonan. «Israelgo herritarra izan aurretik, gizakia naiz». Hiru dira Adrik zuzentzen duen Frantziako Sisyphe Heureux konpainiak asteburuon Bilbon erakutsiko duen obraren ardatz nagusiak: pertsonen memoria, nortasuna eta lurraldea. Hiru osagaiok Israelen eta Palestinan kokatu ditu Adrik, «ideien eta sentimenen laborategi modukoa egiteko». «Gatazkaz hitz egiten dugu, baina inolaz ere ez ditugu epaitzen gatazkaren alde biak. Hori ikusleari dagokio, gu ez gara epaile, lekuko baizik».
Palestinako eta Israelgo artistek parte hartzen dute
Back up obra 2002an hasitako Bribes proiektuaren hirugarren eta azken atala da. Adrik zenbait artista palestinarri eta israeldarri eginiko elkarrizketetan oin hartu du berau garatzeko, hots, hainbat jenderekin bildu ostean, Nada Natour, Hannan Abu Hussein, Tal Haran eta Taher Najib artisten bizipenen testigantzak jaso zituen kamerarekin. Eta film horiekin eraiki du Back up obra taularatzen dituzten lau interpreteen imajinarioa, barne emozioen eta sentimenen mundua.
Amir berarekin batera, Yuval Goldstein israeldarra eta Saleh Bakri eta Rabeah Morkus dantzari palestinarrak ariko dira oholtzan. «Aurrena lau filmak ematen ditugu, bata bestearen jarraian. Gatazka berberaren lau ikuspegi eskaintzen dituzte irudi eta hitzok. Baina ez dira ontzat edo txartzat jotzeko erakusten; alegia, ez dira epaituak izateko eskaintzen, bi memoria kolektibotatik eratorritako zertzeladak dira, eta geroago emango dena konprenitzeko oinarri izan nahi dute».
Back up-en dantzariek besteari erreparatuko diote, beraiena hobeto ezagutzeko eta ulertzeko. Ez dute territoriorik bereiziko. Ez diote etsai gisa begiratuko elkarri. Bestearen bizipenak aintzat hartuko dituzte beraien nortasuna kolokan jartzeko eta hala nahi izanez gero, berresteko. «Filmek palestinarren eta israeldarren mundu pribatua erakusten dute, eta hortik abiatuta, herri biren historia; dantzan, berriz, batzuk eta besteak elkarri entzutera behartuta daude, elkar ulertzera. Dantzariak geldirik daudela ematen du, baina ekintza inoiz baino handiagoa da laurek oholtzan topo egiten duten unean; burua martxan dute, eta zer gertatuko zain daude». Adrik azaldu duenez, orduan hasten da dantza, artisten emozioek gailurra jotzen dutenean. «Indar hori gorputzera bideratzen da, eta orduan hasten da mugimendua». Frantzian sortu dute Back up, «Palestinan edo Israelen egitea ezinezkoa delako». Ha$la eta guztiz ere, beren herrietara eramango dute obra, irailean.
Dokumentuaren akzioak