Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Meeting Point'

Dokumentuaren akzioak

'Meeting Point'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2020/07/22
Lotura
Berria

Konpainia: Ertza. Koreografia: Asier Zabaleta, dantzarien kolaborazioarekin. Musika: Bosques de mi mente. Dantzariak: Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza. Lekua: Markina-Xemeingo (Bizkaia) Lea Artibai ikastetxea. Eguna: Uztailak 19.

Piano-musikarekin batera agertu dira bi gizon gazte aire zabaleko agertokian, bakoitza mutur batetik eta kaleko arropa jantzita. Lagunak izan zitezkeen, maitaleak agian, edo bestela, guztiz ezezagunak, batek daki. Meeting Point honek (Elkartze puntua) zabalik uzten ditu horrelako xehetasunak, eta haien interpretazioa ikuslearen esku utzi, benetako dantzak egin behar duen legez.

Hala ere, agertoki irekiak karratu forma hartu du, laukiaren alde bakoitzaren erdian ur balde bana jarrita. Eremu ia mugagabe horretan jardun dute dantzari biek, pausatuki, beren gorputzen arteko erlazioak definitzen eta balizko distantziei neurria hartzen, dela bata bestearen gaineko jauzi horizontal sinestezinak egiten, dela batek bestearen gorputzari oreka ezinezkoetan eusten. Break-dance eta hip-hop-aren arrastoak bilatu zitezkeen esaldi koreografiko horietan, baina hori gutxienekoa da, ezer ez delako egon teknika baten edo bestearen menpe, sakoneko ideia baten zerbitzura baizik. Hala ere, hasierako fase horretan agerian geratu da bi dantzarien gaitasun akrobatiko itzela, haren distira lurzoruaren laztasunagatik zertxobait murriztu den arren, eta garatu dituzten eboluzioen artean bereziki esanguratsua izan da dantzari batek ordulariaren mugimendua oinak airean deskribatu duenekoa.

Lehen aipatutako lau balde horietako batean paperezkoa zirudien itsasontzi gorri bat zegoen, eta haren irudimenezko nabigazioa izan da bigarren ataleko elementu nagusia, haren bidez sinbolizatu baita bi gizaki haiek elkarrengana egindako barne-bidaia. Tartean, dantzari baten mugimendu deseraikiak gertatu dira, eta bizitzak emandako kolpeak ere ederto irudikatu dira lehen esandako ur baldeen bidez.

Hirugarren eta azken atala etorri denean, hari-musikak hartu dio gaina teklatuari, eta beharbada orduan konturatu gara soinu-bandak lan honetan jokatu duen gidaritzaz. Leunagoa —erromantikoagoa agian— bilakatu da guztia, betiere neurritasunaren eta abstrakzioaren eremutik irten barik, eta ondo gauzatutako amaieraren ostean etorri dira ikusleen txalo beroak, interpreteak bitan agurtzera etorrarazi dituztenak. Ez da gero harritzekoa ikuskizun honek hainbat sari jaso izana eta haien artean egotea EAEko Kale-ikuskizun Onenarena Leioako Umore Azokan, eta Espainiako Max Sarietakoa, lehen esandako kategoria berean.

Dokumentuaren akzioak