Dokumentuaren akzioak
Max sariaren bidean
Kukai-Tanttakaren '1937, gogoaren bidezidorretatik' ikuskizuna izango da euskal hautagaia, ezustekoa eman duen talde onenaren atalean
2002ko azaroan, Errenterian eskaini zuten; 2003ko otsailean egin zuten estreinaldi handia Donostiako Antzoki Zaharrean eta antzokitik antzokirako bidea egiteari ekin zioten. Ikuskizuna Espainiako Arte Eszenikoetako Max sarietako bidean jarri da orain, ezustekoa eman duen taldearen atalean euskal hautagai aukeratu baitu epaimahaiak. Kukai-Tanttakaren ekoizpena katalana, galiziera eta gaztelania erabili duten taldeekin lehiatuko da.
«Harridurarekin eta gustura» hartu du Jon Maia dantzari, koreografo eta Berria-ko kazetariak izendapena. «Lehenago ere ezin ginen kexatu, ez emanaldi kopuruarekin urtebetean 30en bat saio egin ditugu ezta harrerarekin ere. Jendeak ideia zehatza du dantza tradizionalaren inguruan eta zaila da haustea, baina obra ikusi ondoren jendea gustura gelditu da».
Musikari eta hitzari, dantza
Juan Mari Beltranen musikaren doinura sortu zuen koreografia Maiak, Mireia Gabilondok eginiko gidoriaren harira. Zuzendaritzaz ere Gabilondo arduratu da. 1937ko maiatzaren 7an Habana itsasontzian sartu eta bakardadeak batuko dituen zazpi haurrak, berriz, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maia, Ibon Uharte, Nerea Vesga, Vanesa Castaño eta Jon Maia dira.
Deserriratutako umeen herrimina, bihotz mina, nekea, poza eta maitasuna Hego Euskal Herrian azaldu dute gehien bat dantzariek. Haatik, Txilen, Uruguain eta Argentinan egin zuten bira izan zen gogoangarriena. «Hemen oso gutxitan bizitzen dena hara joan eta hiru egunetan gertatu zitzaigun, aretoak beteta eta mila lagunen aurrean egin genuen dantza», gogoratu du Maiak. Tarregako antzerki ferian ere izan ziren.Dantza eta musikaz gain, Gandiagaren hitzek eta Euskadiko Filmategiko irudi hunkigarriek obra janzten dute. Elementu horiek uztartzeaz gain, ikuskizunaren arrakastaren giltza gaiari lotzen dio Maiak: «36ko gerraren gaia oso gertukoa da eta saioa azkarra da, intentsoa». Obra martxoaren 26an Eibarren eta 27an Miarritzen eskainiko dute hurrena.Max sarien gainerako ataletako hautagaiak ez dituzte oraindik jakinarazi, baina euskal antzerkigile onenaren sariko hautagaitza, eta, ondorioz, saria, ondorengoen artean dago: Raul Cancelo (Klaketa obragatik), Pascal Gaigne eta Olatz Beobide (Muzzikiren bidaia harrigarria), Jon Gerediaga (Yuri Sam), Jon Gerediaga eta Unai Garate (Mundopolski), Garbi Losada (Kokoroko) eta Patxo Tellerria (Euskara sencilloaren manifestoa). Sari banaketa apirilaren 26an egingo da Zaragozako Auditorioan.
Dokumentuaren akzioak