Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mauriziaren bizitza, oholtzan

Dokumentuaren akzioak

Mauriziaren bizitza, oholtzan

‘Nor da Maurizia?’ emanaldia egingo du Zelako Kultur Ideiak elkarteak bihar, Getxon. Pandero jotzaile haren bizitza ardatz duen diziplina anitzeko obra bat da.
Egilea
Ane Insausti Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Tokia
Getxo
Mota
Albistea
Data
2023/12/28
Lotura
Berria

'NOR DA MAURIZIA?' IKUSKIZUNA

'Nor da Maurizia?' ikuskizuna. GORKA ARTETXE / ZELAKO KULTUR IDEIAK

Euskal Herriko plazandre erreferentea izan arren, haur eta gazte askok ez dakite nor izan zen Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea. Ezjakintasun horren kezkak eraginda sortu zuen Zelako Kultur Ideiak elkarteak Nor da Maurizia? izeneko emanaldia. Zeberioko (Bizkaia) musikari erreferentearen bizitza kontatzen duen diziplina anitzeko emanaldia da, antzerkia, musika, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituena. Bihar, Getxoko (Bizkaia) Andres Isasi musika eskolan egingo dute emanaldia.

Lehen Hezkuntzako azken zikloko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleengan pentsatutako ekitaldia da, transmisioan ekarpena egin eta gazte horiek Aldeiturriaga nor zen jakin dezaten. Dena den, ikuskizun familiarra da, Zelako Kultur Ideiak-eko kideen arabera; hortaz, helduak ere joateko modukoa da. Aldeiturriaga nor zen jakitearekin batera, zuzeneko euskal musikaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera eman nahi die elkarteak, aurrera begira horretarako ohitura hartu dezaten.

1904an jaio zen Maurizia Aldeiturriaga, Zeberion. Sei senideren artean gazteena zen, eta etxetik jaso zuen musikarako zaletasuna: aitak panderoa jotzen zuen, eta ahizpa zaharrenak, berriz, txirula. 8 urterekin hasi zen bere kabuz panderoa jotzen ikasten; orduak ematen zituen bere gelan entseatzen. 

Plazetara, berriz, 12 urterekin egin zuen salto, Joakintxu Goti soinulariarekin batera. Ordurako, ordea, pandero jotzaile ezaguna zen herrian. Izan ere, Zeberion, Fabrica de Hiladosen egiten zuen lan, beste hainbat gazterekin batera, eta lanerako joan-etorriak bere kopla zaharrek eta pandero hotsek alaiturik egiten zituzten. Ondoren, garai hartako hainbat soinu jotzailerekin aritu zen plazan, eta horrela ezagutu zuen bere senarra: Benantzio Bernaola Karakol soinularia. Urte askoan aritu ziren plazaz plaza.

Nortasun handikoa

Nortasun handiko emakumea zen Aldeiturriaga, eta berezko estiloa zuen. Behin baino gehiagotan hasten zen kontzertua bakarrik jotzen, kantukidea ez zelako ordurako iristen. Horrez gain, beti joaten zen baserritar arropak jantzita.

Badu esaldi bat behin eta berriz errepikatzen zuena: «Aupa, Maurizia!». Bere burua animatzeko leloa zuen. Honela azaldu zuen zergatia: «Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, eta ni nork aupatzen nau? Leonek ezin berbarik egin alboka jotzen duen bitartean... eta Fasio totela da! Horregatik esaten diot nik neure buruari... Aupa, Maurizia!». Plazandre izaera horren ondorioz, erreferente izan da geroago eszenatokira igo diren dozenaka emakumerentzat.

Kantaera berezia zuen Aldeiturriagak, eta indar handia transmititzen zuen: kapaz zen bere ahotsarekin eta panderoarekin soilik plazak betetzeko. Mikrofonoa agertu arte, soinulariek bereganatzen zuten ospea, eta senarraren itzalpean aritu zen urte askoan. Mikrofonoa sortu zutenetik aurrera, ordea, bera ere ezagun egin zen. Panderoa eskuineko eskuarekin jotzen zuen, eta ezkerrekoarekin goitik behera eusten zion, gaur egun pandero jotzaile gehienek egiten duten kontrara.

Istorio horien eta beste hainbaten berri emango dute biharko emanaldian, Aldeiturriagaren bizitzaren xehetasunak eta anekdotak kontatuz. Panderoa oholtzaren erdian jarri, eta haren irudia erakutsiko dute, dantzaz, antzerkiz eta kantuz. Itxaso Paya da emanaldiaren gidoilaria, Iholdi Beristain dantzaria, eta Ander Trabuduarenak eta Alberto Marcosenak dira abestien moldaketak. Sarrerak Andres Isasi musika eskolan lortu daitezke aldez aurretik, eta baita bihar bertan txarteldegian ere.

Dokumentuaren akzioak