Dokumentuaren akzioak
Maurizia omenduko du Aukeran dantza konpainiak
Maurizia omenduko du Aukeran dantza konpainiak
«Maurizia, emakume handiaren bizitza eta panderoarekiko zuen pasioa abiapuntu hartuta, emakumeen indarra, lanerako zorroztasuna, pasioak, desirak, beldurrak, ahuleziak, minak, sinesmenak, aurrera egiteko kemena, bizipoza goraipatu nahi ditu denek Mauriziaren zipriztinak ditugula ahaztu gabe, andre, ama, amona, ahizpa, alaba, izeba... emakume guztiak omentzea da gure nahia ikuskizun honen bitartez. Eta orain badakit: ni ere Maurizia naiz». Edu Muruamendiarazen hitzak dira, Aukeran dantza konpainiako zuzendariarenak.
Maurizia pandero-jotzailearen bizitza abiapuntu hartuta euskal dantzak, klasikoa eta dantza garaikidea uztartzen dituen sormen-lana datorren igandean (19.00) estreinatuko da Campos antzokian.
Bezperan, Kafe Antzokian (22.30) Enkore taldeko kideak izango dira protagonista. Lagun giroan igoko dira oholtzara; izan ere, Zea Mays taldeko Aiora Renteria, Iñigito Txapelpunk, Skakeitan, Seiurte, The Middle Fingers, Smoke Idols, Idoia Bediaga eta Las Tea Party DJak izango dira bertan.
2015eko udazkenean kaleratu zuten “E” izeneko diskoa eta une honetan euren bosgarren biran ari dira, ETour izenekoan.
Egun berean 20.00etan Maria Berasartek eta Ainara Ortegak Mikel Laboaren kantuak abestuko dituzte Laboa Jazz emanaldian. Partiturak Iñaki Salvadorrek prestatu ditu. Eta Anjel Unzu arituko da gitarran.
Oihenart eta Anari
Maddi Oihenart eta Anariren txanda izango da ostiralean (21.00). «Bi mundu musikal. Bi paisaia. Maddi Oihenartek ‘Doi’ bere azken lana aurkeztuko du eta Anarik ere bere azken kantuak abestuko ditu. Bukaeran biak batera arituko dira Loraldia Festibalerako prestatu duten kanta sorta ederra kantatzen», iragarri dute antolatzaileek.
Egun berean, lehenxeago, 19.00etan, Harkaitz Canok eta Mursegok “Porto” ikuskizuna taularatuko dute.
Egitarauan aurrera eginez, Baxi idazlea eta I. Mundu Gerra Bilbon izeneko ibilbidea antolatu da igande eguerdirako. Edorta Jimenez idazlearen eskutik Bilboko historiaren berri izango dute bertaratzen direnek. «Bilbok parte hartu zuen I. Mundu Gerran eta kronikari bat izan genuen Europan. Batxi deitzen zioten. Euskarazko lehen gerra kronika horiek jarriko diote gidoia ibilbideari», adierazi dute antolatzaileek.
Dokumentuaren akzioak