Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maurine Martin: «Kultura urbanoak galdekatzen du; batzuek bat egiten dute, besteek ez»

Dokumentuaren akzioak

Maurine Martin: «Kultura urbanoak galdekatzen du; batzuek bat egiten dute, besteek ez»

Kasketa anitzekoa da Maurine Martin, ofizio desberdinak baititu; kultura urbanoari lotuak dira gehienak. Konfinamendu ondotik Zuberoara jin zen bizitzera; hip-hopa ekarri zuen maskaraden lurrera.
Egilea
Joanes Etxebarria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruri
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/12/01
Lotura
Berria

Maurine Martin

Maurine Martin. JOANES ETXEBARRIA

Profesionalki, arrunt atipikoa da Maurine Martin (Etampes, Frantzia, 1991): dantza urbanoen irakaslea da bizi den herrian, Irurin, eta Donapaleun; gainera, animatzaile da kontratupean Zuberoako aisialdi zentro batean, bezeroen etxeetara doan ile apaintzailea da, eta grafista ere bai, noizean behin. Ikasketa gehienak urrunetik egin zituen, Espainian, Suitzan edo Bordelen (Okzitania) bizi zelarik.

Zer lotura dute grafismoak, dantzak, animazioak eta ile-apaintzaile lanak?

Alde artistikoak. Adierazpide direla ere bai; ene sormena adierazten ahal dut sail horietan: animazioak libreki prestatzen ditut, ile apaintzaile bezala usu aholkuak galdetzen dizkidate, eta ene sormena ekartzen dut, grafismoan berdin, eta dantzan begi bistakoa da. Sormena da hori guztia, alde artistikotik.

Ofizio desberdin horietan jende bera hunkitzen duzu, ala bakoitzean baduzu mundu desberdin bat?

Biak. Batzuk enekin harremanetan sartzen dira sail batentzat, eta gogoa ematen die beste sail batean ere aritzeko. Beste batzuk puntualki heldu dira.

«Zuberoak bideratu nau. Aldi berean mila gauza egin nahia hemen ezinezkoa zela ohartu nintzen, eta ene esku zen gauzak plantan ezartzea»

Zuberoa nolakoa da zure begietatik ikusirik? Hiriko zure energiarekin leku lasaiago batera jin zinen...

Urte bateko konfinamendua izan zenean, ene bikotekidearekin kamioi batean bizi nintzen. Euforia urbanoago batean nintzen joan aitzin, baina urte bat ukan nuen lasaitzeko; beraz, Zuberoara heltzea ez da hain bortitza izan. Bada, halere, ibilmolde rural bat hastapenean, zaila egin zaidana konprenitzeko eta bizitzeko. Ez nuen uste ohituko nintzela. Baziren ebidenteak ez zitzaizkidan mekanismo anitz. Barnetik ez dut ontsa bizi izan, anitz galdekatzen nuen egiten nuena ez ote zen urbanoegia, dantza ikastaroak beharrezkoak ote ziren... ikasi dut pazientzia ukan behar dela.

Zure energia eta hemengo erritmoa desberdinak dira beharbada.

Nonbait bideratu nau. Aldi berean mila gauza egin nahia hemen ezinezkoa zela ohartu nintzen, eta ene esku zen gauzak plantan ezartzea. Azkenean ongi joaten zaidan erritmoa atzeman dut.

Zuberotar dantzariak zuzen-zuzen egoten dira; zuk irakasten dituzun dantza urbanoetan, aldiz, gorputz osoa mugitzen da.

Zuberotarrek ez dituzte besoak baliatzen ere! Euskal dantzari guti ditut; hamarretatik bat, agian. Haurrekin ez da arazorik: euskal dantzan zuzen egotea erraten zaie, dantza urbanoan gorputza laxatzea, eta biak egitea kausitzen dute arazorik gabe. Dantza urbanoa afroa da anitz, gorila edo tximino posturekin; gorputza jaistea, zangoak plegatzea eta kabala posturekin jostatzea ez da gure kulturan. Beste eguneko kurtsoan gorilarena egiteko galdetu nien haurrei, eta maite dute; helduentzat, aldiz, ez da hain naturala.

Grafismo aldetik ere kultura urbanoari lotua zara?

Uste dut baietz. Ene anaia bat 93. departamenduan [Sena Saint-Denis, Frantzia] handitu da, eta beti ukan du grafitiaren gauza hori; hura marrazten ikusteak anitz inspiratu izan nau. Marrazki urbanoak erakarri ninduen. Hip-hop kulturaren barne dira rapa, dantza, grafitia, jantziak...; sare oso bat da, eta marrazkiak ere lotura badu.

«Hemen hirian baino bortitzago da. Generoak bereizten dira, eta gauza zinez bortitzak badira alde batean eta bestean»

Zuberoak sormena elikatzen dizu?

Alde pertsonalean ekartzen dit lasaitasuna naturan nagoenean, meditatzen ahal baitut. Lasaiago naiz, gehiago meditatzen dut, ez dut hirian izan daitekeen bestaren alde toxikoa hainbeste jasaten. Energia baketsuagoa garatzen dut, baina ez dut uste alde profesionalean sobera ekartzen didanik.

Zure alde urbanoak talka kulturala eragiten du hemen?

Hori uste nuen jin berritan, integratzeko nituen zailtasunengatik, baina azkenean ez dut uste. Ez da talka bat, galdekatzen du; batzuek bat egiten dute, eta besteek, ez. Bizi izan dudan talka bakarra dance hall estiloarekin izan da; Jamaikatik heldu da dantza hori. Han emazteak ez dira gizonen parekoak, eta usu sexualki instrumentalizatuak dira; dance hall-ean kultura homofoboa ere bada. Baina hurbiletik interesatzen denak badaki emazte horien borroka zinez interesgarria dela eta sentsualitatea guk baino hobeki onartzen dutela. Hastapenean, kultura sexista eta homofobotzat hartu zuten hemen.

Zuberoako talde feministako kidea zara. Aldarrikapenetan diferentzia handia ikusten duzu hirian bizi izan duzunarekin?

Hona heltzean, harritu nintzen. Arkaikoa iruditu zitzaidan dena: bestetan, neskak alde batetik eta mutilak bestetik. Urteetako atzerapena sentitu nuen. Bikote homosexualik sekula ez dut ikusten Maulen elkarri eskua emanez, eta gizonak arrunt klasikoak dira itxura aldetik. Niretzat, kausa feminista inportantea da, baina uste dut gizonek arrunt gauza bortitzak bizi dituztela, ezin baitute kanpotik agertu zinez nahi luketena. Badut anaia bat sufritu duena ile eta azazkal luzeak ukan nahi zituelako, eta 'pede' erraten zioten; hemen hirian baino bortitzago da. Generoak bereizten dira, eta gauza zinez bortitzak badira alde batean eta bestean.

Talde feministarentzat garapen beharra ikusten duzu, beraz?

Indarkeria sexistak badira; beraz, kolektibo hori izatea ongi da. Baina nik nahiko nuke geroa mistoago izan dadin; ene borroka generoa haustea da. Kolektiboan naiz buru-belarri, hori delako oraingoz badena, baina enetako ez da oraino aski.

Dokumentuaren akzioak