Dokumentuaren akzioak
Maurice Bejarten omenezko dantza ikuskizuna dakar Ullateren konpainiak
Hamasei urtez maisutzat izan zuen Bejart Victor Ullate balet irakasle aragoarrak
Victor Ullatek zuzentzen duen Madrilgo Komunitateko Baletak Maurice Bejart koreografo belgikarraren omenezko ikuskizuna eszenaratuko du gaur arratsean Kursaal Auditorioan. Emanaldi bakarrean, balet eszenografian munduko onena ez bada onenetakoa den Bejartek berak Ullateri utzitako obra ezberdinekin taxututako lana da hain zuzen Donostiara heldu den Soirée Béjart muntaia. Aurretik, Madril eta Sevillan baino ez da eskaini.
Ullate dantzari ohi eta koreografoak maisu izan zuen Bejart. 1964tik 1980ra bitartean, belgiarrak sortu zuen XX. Mendeko Baletean aritu zen, lehen mailako dantzari gisa. Hartara, berak zuzentzen duen baletaren kurrikulumean Bejarten lau obra sartzeko aukera izatea ohoretzat jo du Ullatek, orain arte bakarrik Parisko Operak eta Tokioko baletak izan dutelako pribilegio hori. Lau dira guztira Soirée Béjart osatzen duten obrak: Stravinskyren Suzko Txoria, indiar musika tradizionalean oinarrituriko Bhakti III, Anton Webernek konposaturiko doinuekin atondutako Webern Opus 5 eta Mikis Theodorakisen Greziako zazpi dantza.
Donostian aurkeztuko duten emanaldia ez du Ullatek berak zuzendu, duela hilabete batzuk, bihotzekoak jo eta gero, Eduardo Lao bere ikaslearen esku utzi baitzuen baletaren zuzendaritza artistikoa. Beraz, koreografo aragoarrak ez du izan bere gain montaia honetan konpainiako zein dantzari eskenaratuko diren erabakitzeko «ardura gogorra», ikuskizuna aurkezte aldera atzo emaniko prentsaurrekoan adierazi zuenez. «Nik hezitzen ditut, aita bazina bezala ikusten zaituzte eta beren burua bakartzat daukate. Denek nahi dute rol nagusia bete eta aurreneko egunean gainera, baina urtaro bakoitzean lora jakin bat hartu behar da», zehaztu zuen Ullatek.
Bejarten eraginez, dantza utzi eta irakasle egin zen Ullate
1979an Espainiako Balet Nazionala eratzeko ardura izan zuen Ullatek. Esperientzia hura bere bizitza profesionaleko «gogorrenetakoa» izan zen Ullateren hitzetan eta lau urtez formazio hartan aritu eta gero bere konpainia propioa sortu zuen, Victor Ullate Dantza Zentroa, bere lana bete-betean baletaren irakaskuntzari eskaintzeko gogoz.
Hain zuzen ere, berriro Bejarten ondoan lan egiteko parada izan zuenean atzeman zuen Ullatek dantzari izateari utzi eta irakasle gisa jardun nahi zuela. «Zoragarria zen berriro dantzan aritzea, baina konturatu nintzen jada ez nintzela dantzari sentitzen eta benetan nahi nuena jendea formatzea zela. Gusturago nago zuk bezala dantzatu nahi duten beste batzuei irakasten. Eta harro nago denak hain onak irten direlako ».
Hala, egun zuzentzen duen konpainia 1988an aurkeztu zuen lehendabizikoz, Bilboko Arriaga antzokian eta sekulako arrakasta lortuta.
Sariak ere makina bat lortu ditu Madrilgo Komunitateko Baletarekin: Dantzako Sari Nazionala 1989an edota Arte Ederren Urrezko domina 1996an besteak beste. Koreografiak ere hamaika eszenaratu ditu, bai Espainiako, bai atzerriko antzokietan. Hala nola, Manuel de Fallaren El Amor Brujo, Sergei prokofieven Romeo e Giulietta eta C. Debussyren L Apres.
Hogei urtez eszenara eramandako ikasleez harro
Atzoko aurkezpenean harro agertu zen hogei urtez formatu eta mundu osoko balet garrantzitsuenetako dantzari nagusiak izatera iritsi diren bere ikasleez. Tartean, Tamara Rojo Royal Baleteko lehenengo dantzaria dena, Angel Corella, Ruth Miró eta Lucia Lakarra gipuzkoarra aipatu zituen. Ildo horretatik, kexu agertu zen Ullate, «dantzari urteetan eskaini izan zaion arreta eskasagatik atzerriko konpainietara jo behar izan dutelako leku baten bila».
Dokumentuaren akzioak