Dokumentuaren akzioak
Mauletarren lehen maskarada larunbatean
Urtero legez antolatzen duen herriari buruzko berri eta kontuekin txantxak eta adarjotzeak izanen dira, baina bertako «Jaunak» ez zuen larunbateko sorpresa zapuztu nahi izan. Aldi berean Euskal Herriko biztanle guztiak harridurarekin gozatzeko xedeari jarraiki, bertaratzeko gomita egin zuen. «Gomitatzen zaituztet gure maskarada ikustera jitea. Ez da sobera salatzen ahal, baina badira aurten ere berezitasunak gure maskaradan eta balio du bai jitea ikustera» esan zuen.
Estreinaldiko zirrara sortzaile diren sorpresak gehiegi agerrarazi gabe ere aurtengo berrikuntzen artean Xorrotxak bi neska izanen direla esan daiteke. Lehen aldia izanen da maskarada misto batean Jaunaren ezpata zorrozten duten bi Xorrotxak neskak izanen direla.
Maskaradan arituko diren 30 «jokulari» baino gehiagoren artean ibiliko da aurtengo beste berritasuna den hartz-kumez mozorrotutako pertsonaia ere. Gazte zein zahar izanen dira arizaleen artean. «Bada adin orotarik, lan zenbaitendako behar da gazte izan, Buhame eta Jaun zenbait egiteko behar da gazte eta sendo izan» azaldu zuen Jaunaren papera eginen duen Mainhaguietek.
Gazteriari Zuberoako kulturaren helaraztea ere xede badutela nabarmendu zuen maskaradako arizaleak: «Guretako anitz inportantea da gure haurrei irakastea Zuberoako maskarada zer den eta baita gure mintzaira ere. Maleruski Zuberoan gaitz da gure kultura aintzina biziaraztea eta eguneroko bizitzan euskal mintzairan ere gaitz da, bereziki Maulen. Eta ez litzateke maskaradarik gure mintzaira uzten badugu».
Zuberoako kultura biziarazteko sortu zen Hats Berria elkarteak abiatu zuen Mauleko maskarada. «Duela bi urte emanik izan zen Antso Hadia pastorala eta hortik sortu zen Hats Berria taldea. Elkartea dantza, kanta eta kulturaren alde ari da eta deliberatu zuen maskarada bat Maulen plantatzea, mauletarrekin» esan zuen Jaunak.
Maule-Lextarrez gain maskarada zein hamar herritan antzeztuko zuten erabakitzea lan zaila izanik denon artean egin zuten. «Ez da aise izan guretako herrien hautatzea baina jokulari bakoitzak bozkatu du eta hala egin dugu» azaldu zuen Daniel Mainhaguietek. Antzezpen horien tokiak eta datak www.suazia.com helbide elektronikoan atzeman daitezke.
XVI-XIX mendeetako jantzien erakusketa hirian zehar
Maskaradaren karietara, Mauleko Herriko Etxeak hiriko saltegietan jantzi zaharren erakusketa bat egitea erabaki du. Zuberoako maskaradaren ohitura bezala, aspaldikoak dira hiriko saltegietan ikusi ahal izanen diren jantziak. Maskaradako ohiko jantziekin batera garai bateko baserritarren eta nobleen jantziek osatuko dute erakusketa. Ihauterien jai izpirituarekin batera maskaradaren alderdi historikoa ere indartu nahi izan dute erakusketa honen bitartez.
Larunbateko barrikada pasako den bideetan dauden saltokietan izanen dira ikusgai Donibane Garaziko Lagun elkarteak egin jantziak. Emakume zein gizonezkoen 30 jantziz osaturiko erakusketak Euskal Herriko jantzien historia ekarri nahi du gogora. XVI. mendetik XIX. mendera eginiko grabatuetan oinarritu dira Lagun elkarteko langileak. Jantziak egiteko orduan garaiarekiko errespetua atxiki dute bere momentuan egina izanen zen era eta oihalak ahalik eta hurbilenetik errepikatuz.
Jantziak atxikiko dituzten 30 manikiak Mauleko saltokietan izanen dira eta horien ondoan jantziari buruzko informazioa eskainiko duten testuak ere ezarriko dira.
Euskal Herri osoko dantza taldeentzat jantziak egiten dituen elkartea da Lagun, beraz dantza jantziek ere izanen dute bere tokia Maulen. Elkarteak lana atzemateko zailtasunak dituzten emakumeak laguntzen ditu joskintza tailer baten bitartez. Erakusketa horrekin beraien lana ezagutzera eman nahi dute eta aldi berean salmenta merkatua ere zabaldu.
Dokumentuaren akzioak